LHko bisitak eta Adi proiektua
ADI Proiektua
Mutualiak, 2010ean, “La percepción de la prevención entre la juventud de la CAPV, en la etapa previa a su incorporación al mundo laboral” (EAEko gazteek lan-mundura sartu aurreko etapan prebentzioaren inguruan duten pertzepzioa) azterlana egin zuen, eta azterlanak agerian jarri zuen gazteen artean ez dagoela prebentzioaren kultura egokirik txertatuta, prebentzio-balioak eta -ohiturak falta direlako. Azterlan horren ondorioz, FTSI - Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak, Osalanekin, Mutualiarekin, gizarte-eragileekin (UGT eta CCOO) eta Confebaskekin elkarlanean, ADI proiektua bultzatu zuen. Bada, EAEn Lanbide Heziketa ikasten ari diren gazteen artean prebentzioaren kultura bultzatzea da proiektu horren helburua, gazte horiexek baitira lan-merkatuko etorkizuneko langileak.
Osalan - Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen eskumenen barruan, laneko segurtasunari, higieneari eta osasunari buruzko planak eta prestakuntza-ikastaroak programatu, antolatu eta garatzekoa dago. Bestalde, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren helburuen artean dago lan-harremanen eta -merkatuaren eremuan proiektuak, azterlanak edo egitasmoak sustatzea; bereziki, elkarrizketa sozialari, erantzukizun sozial korporatiboari eta laneko segurtasun eta osasunari buruzko edukiak zabaltzen ditu, eta gai horien gaineko azterlanak eta hausnarketa bultzatzen. Bada, laneko arriskuen prebentzioaren arloko interesak biltzeko, Osalanek eta Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, gazteen artean laneko arriskuen prebentzioa sustatzeko jarduerak zabaldu daitezen. Hitzarmen horren bidez, ADI proiektua garatzeko lankidetza-esparru bat ezarri dute.
Dagokion memoria teknikoan jasotzen denez, Lanbide Heziketako zentro publikoetan eta itunduetan egin dira FTSI - Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak hitzarmenaren esparruan eta 2021ari begira garatu dituen jarduketak, eta helburutzat izan dute, batetik, ikasleei benetako esperientziak bizitzeko aukera ematea, laneko arriskuen gaineko kontzientzia har dezaten, eta, bestetik, prebentzioaren kultura indartzen laguntzea, lan-eremuko esperientzia praktiko eta errealen bidez. Memoria teknikoak, halaber, jarduketa horien balorazio-inkesten emaitzak jasotzen ditu: ikasleek eta irakasleek ondo baloratu dituzte jarduketok, eta ikasleek, batez ere, ADI proiektuan parte hartu ondoren laneko arriskuen inguruko ikuspegia aldatu izana baloratu dute.
Lanbide Heziketako (LH) ikasleak osalanera bisitan
Lanbide Heziketako ikasleak, ikasketa-zentroetako irakasleek lagunduta, laneko arriskuen prebentzioan sakontzen dute urtero, Eusko Jaurlaritzaren Osalan - Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen egoitzan (Dinamita kalea, z.g. Barakaldo).
Erakundeko teknikariei jarraikiz, LHko zentroetako ikasleek laneko arriskuen prebentzioaren ingurukoak ikasten dituzte: etorkizuneko lan-jarduera profesionalean, prebentzioaren arloko manuak bete beharko dituzte, osasuna zaintze eta istripuak nahiz istripuen ondorioak saiheste aldera. Osalanen eginkizunen berri izaten dute, bai eta arloko ezagutzak handitzeko kontsultatu ditzaketen iturri bibliografikoen edo ikus-entzunezko edukien berri izaten ere.
Bestetik, laborategiarekin lotura zuzena duten lanbide-familietan (osasuna, kimika...) aritzen diren ikasleak Osalanen laborategira joaten dira.