Industriako higienea

Definizioa

Higiene industrialaren lehen definizioa laneko gaixotasunen edo lanarekin zerikusia duten gaixotasunen medikuntzaz besteko prebentzio-teknika da. Gaur egun higiene industriala definitzeko erabiltzen dena beste hau da: lantokian edo lantokiari lotuta sortzen diren eta gaixotasunak sor ditzaketen eta langileen osasuna eta/edo ongizatea arriskuan jar dezaketen ingurumen arriskuei aurrea hartzera, horiek identifikatu, ebaluatu eta kontrolatzera eta horien prebentziora zuzendutako zientzia (eta artea, zenbaitetan), haiek auzo-komunitateetan eta ingurumenean oro har izan dezaketen eragina ere kontuan hartzen duena.

Higiene industrialaren beste definizio batzuk ere badaude, baina funtsean definizio guztiek, aurreko biek bezala esanahi bera dute eta, lantokian prebentzio-neurriak hartuaz, langileen osasuna eta ongizatea babestu eta sendotzeko eta ingurumena oro har babesteko helburu nagusi berera orientatzen dira.

Historia

Antzinatetik higiene industrialaren kontzientzia egon da. Lantokiko giroak langileen osasunarekin zeukan zerikusia K. a. IV. menderako identifikatuta zegoen, Hipokrates meatzaritzan berunaren toxikotasunaz ohartu zenean. I. mendean, Plinio Zaharra, erromatar jakintsua, zinka eta sufrea lanean zerabilten langileen osasunerako arriskuez konturatu zen. Berak diseinatu zuen animaliaren puxikaz egindako aurpegi-maskara bat, langileak berunaren hauts eta keen esposiziotik babesteko. II. mendean, Galeno sendagile grekoak berunagatik pozoitzearen patologia zehaztasunez deskribatu zuen eta kobrearen meatzariek jasaten zituzten laino azidoen esposizio arriskutsuak ere identifikatu zituen.

Erdi Aroan, gremioek langile gaixoen eta beren familien sorospenean egiten zuten lan. 1556an Agrikola jakintsu alemanak higiene industrialaren zientzian are gehiago aurreratu zuen, bere “De Re Metallica” liburuan meatzarien gaixotasunak deskribatu zituenean, esate baterako, silikosia, eta prebentzio-neurriak agindu zituen. Liburuak meategiaren haizeberritzeari eta langileen babesari buruzko gomendioak jasotzen zituen, meatzarien istripuak aztertzeaz gain.

Higiene industrialak 1700ean errespetu handiagoa lortu zuen, Bernardo Ramazzinik, “laneko medikuntzaren aita” bezala ezaguna denak, Italian laneko medikuntzari buruzko lehen liburu osoa “De Morbis Artificum Diatriba” (langileen gaixotasunak) argitaratu zuenean. Liburu honek garai horretako langilerik gehienen laneko gaixotasunen deskripzio zehatzak dauzka. Ramazzinik eragin handia izan du higiene industrialean, laneko gaixotasunak laneko giroan aztertu behar zirela, eta ez ospitaletako solairuetan, erreibindikatu zuelako.

1743an higiene industrialak beste bultzada handi bat izan zuen Ulrich Ellenborgek urre-meatzarien laneko gaixotasun eta zaurien orri-sorta bat argitaratu zuenean. Ellenborgek karbono monoxidoaren, merkurioaren, berunaren eta azido nitrikoaren toxikotasunaz ere idatzi zuen.

Ingalaterran ere, XVIII. mendean, Percival Pottek, kedarrak kedar-kentzaileen artean sortzen zituen eragin kaltegarriei buruzko aurkikuntzen ondorioz, zeresan handia izan zuen Britainiar Parlamentuak kedar-kentzaileei buruzko 1788ko Dekretua onartzeko. Ingalaterrako fabrikei buruzko dekretuak onartzea 1833 hasieran, lehen legedia izan zen segurtasun industrialaren eremuan. Legedi hori, hala ere, istripuengatik konpentsatzeko zen gehiago kausak kontrolatzeko baino. Geroago, zenbait europar herrialdek langileak konpentsatzeko dekretuak garatu zituzten, fabriketan segurtasun neurriak hartzera eta sendagile zerbitzuak solairuetan bertan ezartzera animatzeko XX. mendearen hasieran, Estatu Batuetan, Alice Hamilton doktoreak garapenaren ahaleginak higiene industriala hobetzera zuzendu zituen. Lan-baldintzak hur-hurretik behatu zituen, eta meatzeen jabeak, fabriken kudeatzaileak eta gobernuen ordezkariak harrituta utzi zituen langileen gaixotasunen eta toxikoekiko esposizioaren artean korrelazioa zegoela agerian utzi zuenean. Osasunerako kaltegarriak ziren lan-baldintzak aldatzeko proposamenak ere egin zituen.

Higiene industrialaren praktika

Higiene industrialaren ardurapeko arriskuak arrisku biologiko, arrisku fisiko eta arrisku kimikoetan sailkatu ohi dira. Eragile batek osasunerako sortzen duen efektu baten arriskua banakoaren eragile horrekiko esposizioaren funtzioa da.

Higiene teorikoa deritzonetik aurrera, osasunerako arriskua duten eragileak ezagutzen dira, hori baita esposizio-maila onargarriak zehazten dituen higiene industrialaren atala, beste jakintza-arlo batzuetako datuek kontuan hartuta, hala nola, toxikologiarenak, Epidemiologiarenak eta abar.

Higiene teorikoarekin batera higiene analitikoa, lan-eremuko higienea eta higiene operatiboa daude; horien jarduerak higiene industrialaren praktikaren etapa klasikoei lotuta daude:

  • Laneko giroan osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen arriskuen identifikazioa (lan-eremuko higienea);
  • Arriskuen ebaluazioa, esposizioa balioesteko eta giza osasunerako arrisku-mailaz ondorioak ateratzeko aukera ematen duen prozesua (lan-eremuko higienea eta higiene analitikoa);
  • Arriskuen prebentzioa eta kontrola, lantokian kaltegarriak diren eragile eta faktoreen presentzia kentzeko edo maila onargarrietara gutxitzeko estrategiak garatu eta ezartzeko prozesua, ingurumenaren babesa erre kontuan hartzen duena (higiene operatiboa).

Higiene industrialaren eremuko arau aplikagarriak langileen segurtasun eta osasunaren babesari erreferentzia egiten dioten eta laneko edo lantokiko gaixotasun-arriskua ekar dezaketen eragile edo egoerekin zerikusia duten guztiak dira.

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legea

Errege Dekretuak:

  • Prebentzio-zerbitzuena
  • Prebentzio-zerbitzuena
  • Seinaleena
  • Lantokiena
  • Bistaratze-pantailena
  • Eragile biologikoena
  • Eragile kartzinogenoena
  • Banakoa babesteko ekipamenduena
  • Eragile kimikoena
  • Bibrazioen esposizioarena
  • Zarataren esposizioarena
  • Amiantoarena
  • Erradiazio optikoena
  • Erradiazio ionizatzaileena
  • Produktu fitosanitarioen erabilera iraunkorrarena
  • Biozidena
  • Igerilekuena

Arautegiak:

  • REACH
  • CLP
  • RITE

Laneko segurtasun eta osasunaren arloko araudira joan

Osalanek higiene industrialeko jarduerak egiten ditu kontsultei, eskakizunei eta gaixotasun profesionalen kasuei erantzunaz.

Gainera, bere urteko planen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen eragile jakin batekiko esposizioa ezagutzeko helburua duten kanpainak sartzen dira.