Industria

Industrian azken urteetan ezbehar-tasaren jaitsiera izan da joera orokorra, baina aldi berean beste inpresio bat sendotu da, ezbehar-tasaren eredu aldatzen ari delako: antza denez, makinetako segurtasun-istripuak gero eta gutxiago dira, eta gainesfortzuen, behartutako jarreren eta kargak manipulatzeko lanen ondorio direnak, aldiz gero eta gehiago.

Segurtasun-arloan, azken urteetan enpresek makinetan egindako inbertsioak, askotan produkzio-arrazoien ondorio izan badira ere, albo-efektu positibo bat izaten ari dira, arriskuen prebentzioa nabarmen hobetzen ari delako; krisiak berrikuntza horretan ere eragin du, baina efektu positibo horiek urte batzuetan iraungo dute oraindik. Nolanahi ere, makina-parke zaharrenaren arazoak bere horretan jarraitzen du, eta hori egokitzea nekeza eta garestia da. Nolanahi ere, makinak berriak izanik eta ongi ziurtatuta egonik ere, arriskuak eduki ditzakete, eta beraz arrisku horiek ebaluatu behar ditugu ezinbestean.

Makina berrien fabrikazioan eta merkaturatzean Administrazioak merkatua zaintzen betetzen duen zeregina funtsezkoa da, globalizazioa eta deslokalizazioa nagusi diren agertoki honetan batik bat, non makinetako osagai jakin batzuk akastunak izaten diren, makinen jatorrizko herrialdeetan kontrolak urriak izanik.

Industria-higienearen arloan, krisiaren ondorioak nabariagoak dira. Arrisku higieneekiko esposizioa zehazteko neurketak garestiak izaten dira normalean, eta zaila da enpresek ardura hori beren gain hartzea beharrezko zuhurtziarekin, areago kontuan hartzen badugu arrisku higienikoek osasunaren gainean duten ondorioak epe ertain-luzean nabarmentzen direla gehienetan. Kasu deigarrienetan, silikosia atzematean adibidez, enpresek arazoari heltzen diote normalean, alarma bati erantzunez bada ere.

Bestetik, nabarmentzekoa da gizartean sentsibilizazioa gero eta handiagoa dela arrisku jakin batzuen aurrean, erradiazio ez-ionizatzaileen aurrean adibidez, eta horregatik aurreikustekoa da kezka hori lan-mundura zabaltzea.

Arrisku ergonomiko eta psikosozialei dagokienez, industriaren eremuan ez dira tratatzen normalean, azken horiek bereziki. Arrisku ergonomikoen ebaluazioak pixkana-pixkana hedatzen dira, premia objektiboen ondorioz agian, langileriaren zahartzearen ondorioz adibidez, baina arrisku psikosozialen identifikazio eta balioespenarekin ez da hori gertatzen.

Besteak beste, honako faktore hauek oztopatu eta motel ditzakete arrisku psikosozialen tratamendua:

  • Azterlanetarako erabilitako tresnen konplexutasuna, estatistika-karga handia izanik ere ondoren neurriak diseinatzeko oso lagungarri ez direnak.
  • Enpresek errezeloak dituzte langileak kudeatzeko eremuan neurriak hartzeko.
  • Agian, langileen artean sortutako itxaropenak gehiegizkoak izaten dira sarri, edo gaizki bideratuak.
  • Ondorioak ekintza sindikalaren planoan erabil ote daitezkeen beldurra.

Oro har esan dezakegu industria-sektorean laneko arriskuen prebentzioak bi abiadura desberdinetan egiten duela aurrera: enpresa handietan ezarpen-maila oso handia da, eta integrazioa gero eta handiagoa maila guztietan, sektorearen barruan esperientziak elkartrukatzen dira eta abar; enpresa txikiek, aldiz, prebentzio-jardueraren haritik datorren dokumentu-anabasari egin behar diote aurre, eta nekez lortzen dute horretan aurrera egitea.

Nolanahi ere, aurreikuspenen arabera litekeena da datozen urteetan susperraldi ekonomikoa gertatzea, eta horregatik enpresek prest egon beharko lukete laneko arriskuen prebentzioari heltzeko egoera berri horretan.

Osalanek egindako prestakuntza-jarduerak