Baso-lanak - Arriskuak
Basogintzako langileak eguraldi txarraren eraginpean egoten dira, eta, batzuetan, baita arrisku naturalen eraginpean ere; hala nola, lursail irregular edo lohitsuak, landaredi sarria eta zenbait agente biologiko. Halaber, lantokiak urrun eta gaizki komunikatuta egoten dira, eta horrek larrialdietan langileak erreskatatzea edo eramatea zailtzen du. Lanaren izaerak berak baldintza horiek larriagotu ditzake; esate baterako, zuhaitzak ezustean erortzen badira edo lan-ekipo arriskutsuak erabili behar badituzte.
Beste faktore batzuek (hala nola, lanen mekanizazioak, azpikontratazio ugariak, langileen txandakatzeak, lanaren antolaketak, enplegu-jarraibideek eta prestakuntzak) eginkizun garrantzitsua betetzen dute basogintzari lotutako arriskuak handitu edo murrizteko orduan.
Basogintzako lanei lotutako arriskuen artean, motozerrarekin ebakiak egitea edo iraulitako makineriak nahiz eroritako zuhaitz batek azpian harrapatzea dira ohikoenak. Halaber, maila bereko erorikoak ere aipa ditzakegu, motzondoekin estropezu egitearen ondoriozkoak, edota beste maila baterako erorikoak, pilatutako enborren gainera igotzearen ondoriozkoak.