Prebentzioaren kudeaketa

Arriskuen tratamenduak eta lan-baldintzen etengabeko hobekuntzak enpresaren kudeaketan integratutako prebentzio-jarduera sistematikoa eskatzen dute, antolakunde bakoitzak bere tamainaren, jardueraren eta arrisku-mailaren arabera jorratu behar duena. Enpresaren kudeaketan txertatu behar dira prebentzio-ekintza hauek:

Arlo honetan laneko arriskuen prebentziorako funtsezkoak diren tresnen hobekuntza bultzatu nahi da, hala nola arriskuen ebaluazioa, prebentzio-ekintzen plangintza, eta langileen osasunaren zaintza.

Prebentzio-zerbitzu eta enpresen jardueren kalitate-mailak izango dira ekintza nagusien ardatz, bai ekintza teknikoei bai sanitarioei dagokienez, kalitate hori areagotzea ahalbidetuko duten laguntza-tresnak sortu eta zabalduaz eta, ondorioz, langileriaren arriskuekiko esposizioa gutxituaz.

Horregatik aurrekontuko diru-izendapenak ezartzen dira tresna metodologikoak egin eta zabaltzeko, hala nola gida teknikoak, protokoloak, ikerketa-proiektuak eta arlo honetako azterlanak.

Arriskua gutxitzera bideratutako bigarren lan-ildo bat lan-baldintzen hobekuntza bultzatzea da, baldintza horietan eragiten duten faktoreetan jardunaz, hala nola lan-tresnak, eragile kimiko eta biologikoak, diseinu ergonomikoa, antolakuntzaren baldintzak eta arrisku-faktore psikosozialak.

Jarduera garrantzitsuenek ildo horretan lan-tresnak berritzea sustatuko dute diru-laguntzen bidez, eta lan-baldintzen hobekuntza azterlan eta ikerketa-proiektuen bidez bultzatuko dute, bai eta langileen osasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetuko duten lan-metodologiak ezarriaz ere.

Ekintzen jomuga laneko arriskuen prebentzioa kudeaketan txertatzea da, batez ere ETEetan eta mikroETEetan, prebentzioa enpresek beren baliabide propioekin beren gain hartzea indartuaz.

Ekintzek arriskugarritasun bereziko, arrisku-maila altuko eta prebentzio-arazo handieneko sektore, jarduera eta enpresak izango dituzte ardatz, hala nola lehen sektorea, eta horretarako azterlan eta ikerketa-proiektuak, eragile publiko eta pribatuekiko hitzarmenak eta prebentzioaren kudeaketa erraztuko duten metodologia eta tresnen garapena erabiliko dira.

Lan-baldintzei eta laneko arriskuen prebentzioari dagokienez ezaugarri espezifikoak dituzten taldeen laneko arriskuen prebentzio-arloko beharrei erantzutea da arlo honetan helburu nagusia; horiek dira adineko langileak, esperientzia gabeko gazteak, emakumeak, langile migratzaileak, eta desgaitasunak edo osatzen ez diren gaixotasunak dituzten pertsonak.

Aurrekontuetan sartu beharreko ekintzak, batez ere, azterlan eta ikerketa-proiektuak izango dira, eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan, bai eta lanpostuak egokitzeko beharrak identifikatzea eta neurriak ezartzea bideratuko duten metodologia eta tresnak garatzea ere.