Udako ikastaroa: lan-arriskuen prebentzioaren esparru juridikoa eta teknikoa eguneratzea

Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak Osalanen XIII. Udako Ikastaroa inauguratu du Donostian

Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérezek inauguratu du Osalanek antolatzen duen udako ikastaro tradizionala, oraingo honetan, lan-arriskuen prebentzioaren esparru juridikoa eta teknikoa eguneratzeari buruz aritu dena.

Ekainaren 15ean eta 16an, mahai gainean jarri ditugu laneko ezbeharrak ulertzeko esperientziak eta moduak, hainbat ikuspuntutatik: Osalan, lan-agintaritza, auzitegi-medikuntza, fiskaltza, lan-medikuntza, zuzenbidea… helburu hartuta ikuspegi bat osatzea, lagundu diguna ideiak proposatzen eta tresna arauemaileak eta teknikoak hobetzeko proposamenak egiten, gure jarduna egokitu ahal izateko egungo egoerara eta lan-merkatuaren eta produkzio-prozesuen bilakaerara.

 “Egia da denbora luzea igaro dela onartu zenetik, eta, beraz, argi dago eguneratze bat behar duela. Hala ere, aitortu nahi nuke 1995eko Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak oinarriak ezarri zituela prebentzioa ekoizpen-sektoreetako maila eta geruza guztietara hedatzeko, eta hari esker igaro zen enpresa handietara eta zerbitzu medikoetara eta abarretara mugatutako zerbitzua izatetik, handien, aberatsen eta ez hain aberatsen eskura egotera”-aitortu du Elena Pérezek.

“Hori horrela dela aitortuta ere -esan du-, denborak aurrera egin du, egoerak aldatu egin dira, eta Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako helburu hartu du bere eskumen-eremuko politikak eraldatzea, enpresei, langileei eta, oro har, herritarrei lan segurua, inklusiboa, berdintasunezkoa, lankidetzazkoa, parte-hartzailea eta eskubideduna egiteko tresnak eskaintzeko”.

Sailburuordeak gogorarazi duenez, hainbat arlotako aldaketa bizkorrei emandako erantzunak egokitu nahi izan dira, hala nola nanoteknologiak, eremu elektromagnetikoekiko esposizioari lotutako arriskuak, industria-sistemen robotizazioaren inpaktua, arrisku psikosozialak, agente biologikoekiko esposizioa, material adimendunak, ingurune birtualetako arriskuen prebentziorako agertokien diseinua eta garapena.

Era berean, material berrien ondoriozko gaixotasun profesionalak, zahartzea, telelana, jazarpena, plataforma berriak, arrisku psikosozialak ere ikertu behar direla gaineratu du, prebentzio-lan gehiago, lana eta lana, eskatzen duten egoerak baitira.

“Zalantzarik gabe, -ondorioztatu du- ikastaro honek ekintzak planifikatzen eta gauzatzen lagunduko digu, pertsonak zentroan kokatuz, kontuan hartuz langilearen adinaren, jatorriaren eta beste faktore batzuen arabera gerta daitezkeen desberdintasunak sortzen dituzten gizarte-baldintzatzaileak, genero-ikuspegia LAPean integratuz eta laneko segurtasunean eta osasunean eragile guztiek parte hartuz”.

Ikastaroko ponentziak eta bideoak, matrikulatutako pertsonentzat eskuragarri

Ikastaroaren argazki-albuma

Ikastaroaren programa