Medikuntzaren deontologiari buruzko 5.erronda. "Laneko indarkeriaren prebentzioa. Barruko mediku egoiliarrengan duen eragina"
Bizkaiko Sendagileen Elkartea. Medikuntzaren Etika eta Deontologiaren Batzordea. 14/05/2013
Laneko jazarpen morala sortzen da lan-baldintzak etengabe okertuz pertsonen osotasun moralari erasotzea bilatzen duten edo eragiten duten jokabide etengabeak agertzen direnean. Beraz, pertsonen oinarrizko eskubideei zuzenean erasotzen dieten jokabideak dira, eta, era berean, arrisku psikosozial larria eta pertsonen osasunerako arriskua sortzen dute. Norbanakoen osasunean ondorioak izateaz gain, jokabide horiek jasaten dituzten pertsonen lan-bizitzan eta bizitza sozialean ere kalte larriak eragingo dituzte.
Lanean zer maiztasunarekin agertzen diren jakitea ez da erraza, datuak oso desberdinak baitira batetik bestera. Mota guztietako enpresa eta jardueretan gertatzen dira, baina azterketa eta inkesta guztiek adierazten dute osasun-sektorea dela eragin handienetarikoa jasaten duena. Sektore bakoitzean, kolektibo babesgabeenek daukate laneko indarkeria jasateko arriskurik handiena. Osasun-jardueran, kolektibo «berezi» horietako bat barruko mediku egoiliarrena da (BAME).
Oro har, datu fidagarriak aurkitzea zaila bada, are zailagoa da kolektibo hauetan aurkitzea. Hala ere, azterketa eta inkesta askok susmarazten digute BAMEen arazoak osasun-arloko beste estamentu batzuetako maila gainditzen duela; berez, batezbestekoa baino handiagoa den maila gainditu ere.
Zer egin daiteke horrelako jokabideak saihesteko? Fenomenoaren prebentzioak bi zutabe ditu. Lehenengoa, laneko antolaketa hobetzea. Arrisku psikosozialak kontrolatzea eta saihestea da indarkeriazko jokabideak prebenitzeko lehenengo oinarria. Bigarrena, gatazkak kudeatzeko prozedurak abian jartzea. Beharrezko prestakuntzaren laguntzaz, prozedura horiek agerian utziko dituzte aipatutako jokabideak, oraindik ere konponbidea daukatenean, eta osasunean kalte konponezina eragin baino lehen.
BAMEen lanaren antolaketak dituen ezaugarri bereziak aprobetxatzea eta prozesuan lagundu behar dieten estamentuak (irakaskuntzako batzordea, tutorea, mediku arduradunak) prozedura horietara hurbiltzea da kolektiboaren egoera hobetzeko eta indarkeriazko jokabideak prebenitzeko gainditu behar den erronka.
Bizkaiko Sendagileen Elkarteak eta haren deontologia-batzordeak antolatu dituzte jardunaldi hauek, arazo hori ikusten dutelako eta irtenbideak bilatzen ari direlako. Berriki argitaratu duten deontologiako gidaliburua horren adierazle garbia da.