Langileak - Zer egin behar dut LI edo LG baten aurrean

Lan-baldintzek langilearen osasunari kalteak eragin diezazkiokete. Kalteak ustekabean agertuz gero, istripu esaten zaie. Aitzitik, denbora luzeago edo laburrago batez arrisku baten eraginpean egotearen ondorioz agertzen badira, gaixotasun esaten zaie.

Laneko istripuen kasuan egin beharreko jarduketak enpresaren Larrialdi Planean jasota egongo dira. Printzipioz, jarduketa horietan, 112 zenbakira (SOS DEIAK) deitu behar dela egongo da jasota, gertakariaren kudeaketa integratua abian jartzeko eta istripua izan duen langileari dagokion arreta emateko, in situ langileak eta osasun-baliabideak daudenean eta langile horiek beharrezkotzat jotzen ez dutenean izan ezik.

Istripu larriak, oso larriak, hilgarriak eta/edo anizkoitzak istripua gertatu den lurraldeko edo probintziako lan-agintaritzari (Eusko Jaurlaritzaren Laneko Lurralde Ordezkaritza) deklaratu behar zaizkio, 24 orduko epean.

Lanarekin lotutako gaixotasunen bat dagoela susmatzen bada, EAEko organo eskudunari jakinarazi behar zaio, jakinaren gainean egon dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan.

Laneko istripu edo gaixotasun oro enpresak ikertu beharko du, berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak ezartzeko, arlo horretan eskumena duten organoek ikertu arren.

Hala istripu batek nola laneko gaixotasun batek beste izapide batzuk beharko dituzte, kudeaketarekin, agintariei jakinaraztearekin, erregistroekin eta abarrekin lotuta, bai eta beharrezkoa den osasun-arreta emateko ere.