Enpresak - Nire eskubideak eta betebeharrak

Nire eskubideak eta betebeharrak 31/1995 Legean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan daude jasota, III. Kapituluko 14. artikulutik 29. artikulura bitartean

Horren arabera, langileen segurtasuna eta osasuna babestu behar ditut, eskura ditudan bitarteko guztiekin eta lanarekin zerikusia duten alderdi guztietan, eta, bereziki, prebentzio-araudian berariaz jasotzen diren betebeharrak bete behar ditut. Betebehar horien helburua da enpresaren arriskuak ezagutzea, arrisku horiek langileari nola eragin diezaioketen edo eragiten dieten jakitea, eta, ondorioz, arriskuak saihesteko edo minimizatzeko neurriak planifikatu eta hartzea, langileei informazioa, prestakuntza eta bitarteko egokiak emanez eta haien parte-hartzea bultzatuz.

Prebentzio-arloko betebeharrez gain, arlo horretan, langileei honako hauek eskatzeko eskubidea dut:

  1. Ezarritako prebentzio-neurriak betetzea
  2. Babes-ekipamendu eta -baliabideak behar bezala erabiltzea.
  3. Makinak, erremintak eta materialak behar bezala erabiltzea.
  4. Segurtasun-gailuak eta -elementuak behar bezala erabiltzea.
  5. Arrisku-egoerei buruzko berehalako informazioa helaraztea.
  6. Lan-baldintza seguruak bermatzeko lankidetzan aritzea, esaterako, enpresak emandako prebentzio-arloko informazioa eta prestakuntza jasotzea eta haien osasun-egoera egiaztatzen laguntzea, legeak langileentzat nahitaezkotzat jotzen dituen kasuetan.

Osasunaren Zaintzari dagokionez ere betebehar batzuk daude:

Osasunaren zaintza eskaini behar diet langile guztiei. Zaintza horrek espezifikoa izan behar du, laneko arriskuek osasunean eragin ditzaketen ondorioak saihesteko.

Osasunaren zaintza hori langile eskudunek eskaini behar dute, osasun-agintaritzak baimendutako prebentzio-zerbitzu baten bidez (edozein motatakoa). Agintaritza berak baimendu behar du, halaber, jarduketak egingo diren instalazioa.

Osasunaren zaintzak enpresako langile guztiak barne hartu behar ditu. Hona hemen ezaugarri garrantzitsuenak: langileentzat borondatezkoa (salbuespenak salbuespen) eta lan-esposizioari buruzko zaintza espezifikoa izan behar du, eta ez da erabili behar langileak hautatzeko, ezta diskriminaziorik eragiteko ere; osasunaren zaintza kolektiboa barne hartu behar du.

Hori guztia Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 22. artikuluan eta Zerbitzuen Araudiaren (39/1997 Errege Dekretua, urtarrilaren 17koa) 37.3 artikuluan dago deskribatuta.

Jarraian, prebentzio-arloan ditudan betebehar nagusiak jasotzen dituen taula bat dago

Enpresan laneko arriskuen prebentzioa ezartzea

Enpresa guztiek dute lantokian lan-segurtasunaren eta -osasunaren arloko babes eraginkorra ezartzeko betebeharra. Gainera, prebentzio-ekintzaren etengabeko jarraipena egin behar dute.

Prebentzio-ekintzaren printzipioak

Babes-betebeharra betetzeko, enpresak edo hark esleitutako pertsonak zeregin hauek ditu:

  1. Arriskuak saihestea.
  2. Saihestu ezin diren arriskuak ebaluatzea.
  3. Arriskuei jatorrian aurre egitea.
  4. Lana langileari egokitzea.
  5. Teknikaren bilakaera aintzat hartzea.
  6. Arriskutsua denaren ordez, arrisku txikikoa edo arriskurik gabekoa dena ezartzea.
  7. Prebentzioa planifikatzea.
  8. Taldearen babesa norbanakoarenaren gainetik jartzea.
  9. Langileei jarraibide egokiak ematea.

Norbera babesteko ekipoak (NBE)

Arriskuak saihestu ezin direnean edo bitarteko desberdinen bidez behar bezala murriztu ezin direnean, langileei norbera babesteko ekipamendua eman behar diet.

Langileei informazioa ematea

Neurri guztiak hartu behar ditut langileek laneko arriskuen prebentzioari buruzko informazio guztia jaso dezaten.

Langileen kontsulta eta parte-hartzea

Neurri guztiak hartu behar ditut langileek askatasunez adieraz eta erabaki dezaten lanpostuetako laneko arriskuen prebentzioari buruz.

Langileen prestakuntza

Nire zeregina izango da bermatzea langile bakoitzak prebentzioaren arloko prestakuntza teoriko eta praktiko nahikoa eta egokia jasotzen duela, berori kontratatzean, zereginetan aldaketak daudenean, teknologia berriak sartzen direnean, etab.

Larrialdiko babesa

Larrialdi-egoerak aztertu behar dira nahitaez, eta beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira lehen sorospenen arloan, suteen aurkako borrokan eta langileen ebakuazioan, eta dagozkion simulazioak egin behar dira.

PrBereziki sentiberak diren langileak babestea

Beren ezaugarriengatik laneko arriskuekiko bereziki sentiberak diren langileen babesa bermatuko da.

Amatasuna babestea

Arriskuen ebaluazioak kontuan hartu beharko du haurdun dauden edo erditu berri diren langileak langilearen beraren edo fetuaren osasunean eragin negatiboa izan dezaketen agente, prozedura edo lan-baldintzen eraginpean dauden.

Adingabeak babestea

Ebaluatu egin beharko dira 18 urtetik beherakoek bete beharreko lanpostuak, langile horien osasuna arriskuan jar dezaketen ikusteko.

Aldi baterako edo lanaldi partzialeko langileak

Langileok (obra eta zerbitzu jakinak egiten dituztenak, ekoizpenaren gorabeherengatik behin-behinekoak direnak, bitartekoak, etab.) enpresako gainerako langileen babes-maila bera izan beharko dute segurtasunaren eta osasunaren arloan.

Prebentzio-baliabidea

2003. urtearen amaieran, 54/2003 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legea (LAPL) erreformatzen duena argitaratu zenean, lan-munduan beste figura bat agertu zen: «prebentzio-baliabidea». LAPLaren 32 bis artikuluaren 1. paragrafoak Prebentzio Baliabideen presentzia arautzen du, baliabide horiek antolatzeko modalitatea edozein dela ere. (39/1997 Errege Dekretua, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduari buruzkoa, 22 bis artikuluaren 1. paragrafoa)

Lantokian prebentzio-baliabideak egon beharko dute, baliabide horiek antolatzeko modua edozein dela ere, kasu hauetan:

  • Prozesu edo jardueraren garapenean, aldi berean edo ondoz ondo gertatutako operazioen ondorioz, arrisku horiek larritu edo aldatzen badira, eta lan-metodo egokiak aplikatzen direla kontrolatzea beharrezko bihurtzen bada.
  • Erregelamenduen arabera arriskutsu diren edo arrisku bereziak dituzten prozesuak edo jarduerak egiten direnean.
  • Detektatutako lan-baldintzak direla-eta, Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak hala agintzen badu.

Prebentzio-baliabidetzat hartzen dira honako hauek, eta enpresaburuak horiek lantokian egotea agindu dezake

  • Enpresak izendatutako langile bat edo batzuk.
  • Enpresako prebentzio-zerbitzuko kide bat edo batzuk.
  • Enpresak hitzartutako enpresatik kanpoko prebentzio-zerbitzuen kide bat edo batzuk.

Aurreko apartatuan aipatzen diren prebentzio-baliabideek behar adinako gaitasuna izan beharko dute, beharrezkoak diren bitartekoak izan beharko dituzte, eta nahikoa izan beharko dute prebentzio-jarduerak betetzen direla zaintzeko; halaber, lantokian egon beharko dute han egotea eskatzen duen egoerak irauten duen bitartean.

Aurreko apartatuetan adierazitakoa gorabehera, enpresaburuak berariaz eskatu ahal izango die han egoteko enpresako langile bati edo batzuei, baldin eta, enpresaren prebentzio-zerbitzuaren parte edo izendatutako langileak izan ez arren, 1. paragrafoan aipatutako jarduera edo prozesuetan beharrezkoak diren ezagutzak, kualifikazioa eta esperientzia badituzte eta oinarrizko mailako eginkizunei dagokien prebentzio-prestakuntza badute, gutxienez.

Prebentzio-baliabideak helburu nagusi hauek ditu

  • Laneko ezbeharrei aurre egitea.
  • Benetako prebentzio-kultura bat sustatzea.
  • Prebentzioa enpresan integratzea.
  • Araudia betetzearen kontrola hobetzea.

Gainera, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren 22 bis artikuluko 4. paragrafoaren arabera, Prebentzio Baliabideak egotearen helburua prebentzio-jarduerak betetzen direla zaintzea da.

Zaintza horren ondorioz, prebentzio-baliabideak prebentzio-jardueren akatsak eta ez-betetzeak hautematen baditu, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren 22 bis artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan ezarritakoaren arabera jardungo du. Horietatik neurririk aipagarrienetako bat enpresaburuari jakinaraztea izango da.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak adierazten du Prebentzio Baliabideek lantokian egon behar dutela han egotea eskatzen duen egoerak irauten duen bitartean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 32 bis artikuluko 3. paragrafoak adierazten duenari jarraikiz.

Eraikuntza-obren kasuan, prebentzio-baliabideen helburua da segurtasun- eta osasun-planean jasotako neurriak betetzen direla zaintzea eta neurri horien eraginkortasuna egiaztatzea. Prebentzio-baliabidearen nahitaezko presentzia kontratista bakoitzari aplikatuko zaio, LAPLaren hamalaugarren xedapen gehigarriaren arabera.

1627/1997 Errege Dekretuan, eraikuntza-obretarako gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituenean, eraikuntza-obretako prebentzio-baliabideen presentzia, eginkizunak, jarduketak eta abar zehazten dira.