Prebentzio-modalitateak
Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 14. artikuluak laneko arriskuen aurrean babesteko eskubidea ezartzen du, eta adierazten du enpresak bermatu behar dituela bere zerbitzura dauden langileen segurtasuna eta osasuna, lanarekin zerikusia duten alderdi guztietan.
Horretarako, prebentzio-jarduera enpresan integratuko du, eta langileen segurtasuna eta osasuna babesteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditu, laneko arriskuen prebentzioari buruzko legean alderdi hauei buruz zehaztutakoarekin bat etorriz:
- Laneko arriskuak prebenitzeko plana.
- Arriskuen ebaluazioa.
- Langileen informazioa, kontsulta eta partaidetza, eta prestakuntza.
- Larrialdietako eta arrisku larriko edo berehalako arriskuko egoeretako jarduketak.
- Osasunaren zaintza.
Prebentzio Zerbitzuen Araudiari buruzko urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren III. kapituluan arautzen da prebentzio-jardueretarako baliabideen antolaketa.
Enpresaburuak modalitate hauetakoren bat aukeratu ahal izango du
Jarduera bere gain hartuz
Lan arriskutsurik ez duten 10 langile baino gutxiagoko enpresetan soilik. Enpresaburuak nagusiki lantokian egin beharko du bere jarduera profesionala, eta prebentzio-eginkizunak betetzeko gaitasuna izan beharko du.
Horretarako langile bat edo batzuk izendatuz
500 langile baino gutxiago dituzten enpresetan soilik (250, lan arriskutsuak sartzen badira). Prebentzio-eginkizunak betetzeko gaitasuna duten pertsonak izendatuko dira, eta eginkizun horiek betetzeko baliabideak eta denbora emango zaie.
Enpresaren berezko prebentzio-zerbitzua eratuz, edo beste enpresa batzuekin elkartuta eginez
Nahitaezko modalitatea da 500 langile baino gehiago dituzten enpresentzat (250, lan arriskutsuen kasuan), edo Lan Agintaritzak hala erabakitzen duenean, jardueraren arriskugarritasuna edo ezbeharren maiztasuna/larritasuna kontuan hartuta.
Kanpoko prebentzio-zerbitzu batera joz
Langileak izendatzea nahikoa ez denean edo enpresaburuak berak edo Prebentzio Zerbitzuak prebentzio-jardueren garapenaren zati bat soilik hartu duenean bere gain.