Prebentzio ordezkariak - Laneko segurtasun eta osasun batzordea
LAPLaren 38. artikuluaren arabera, Segurtasun eta Osasun Batzordea «parte hartzeko erakunde parekidea eta kide anitzekoa da, lan-arriskuak prebenitzeko arloan enpresaren jardunak erregulartasunez eta aldizkakotasunez kontsultatzeko».
Batzorde hori eratuko da 50 langile edo gehiago dituzten enpresa edo lantoki guztietan, eta honako hauek osatuko dute: batetik, prebentziorako ordezkariek eta, bestetik, enpresaburuak edota beraren ordezkariek, prebentziorako ordezkarien kopuru berean.
Beraz, lantoki bateko batzordea osatzen duten kideen kopurua aldatu egiten da enpresako plantillaren arabera.
Batzordearen bileretan honako hauek hartuko dute parte, hitz egiteko aukerarekin baina botorik gabe sindikatu-ordezkariek eta aurreko lerrokadan aipatutako osaketara biltzen ez diren enpresako prebentzioaren arduradun teknikoek eta organo horretan eztabaidatzeko arazoen gainean kualifikazio edo informazio berezia duten enpresako langileek eta enpresatik kanpoko prebentzio-teknikariek, betiere, ordezkaritzetako batek batzordean hala eskatuta.
Funtzionamendua
- Segurtasun eta Osasun Batzordea batzartuko da hiru hilabetero eta batzorde horren ordezkaritzetako batek eskatzen duenean.
- Batzordeak onetsiko ditu bere jardunbiderako arauak.
- Segurtasun eta Osasun Batzordea duten lantoki batzuez osatutako enpresek euren langileekin batera erabaki dezakete lantokien arteko batzordea eratzea, akordio horrek eratxikitako eginkizunak izango dituena.
Eskumenak
- Enpresan dauden arriskuak prebenitzeko planak eta programak egin, abian jarri eta ebaluatzean parte hartzea.
- Arriskuak benetan prebenitzeko metodo eta prozedurei buruzko ekimenak sustatzea, enpresari baldintzak hobetzea edo dauden akatsak zuzentzea proposatuz.
Ahalmenak
- Lantokian arriskuen prebentzioak duen egoeraren berri zuzenean izatea, horretarako egokitzat jotzen dituen bisitak eginez.
- Bere eginkizunak gauzatzeko beharrezkoak diren lan-baldintzen inguruko agiri eta txostenen berri izatea, bai eta, hala dagokionean, prebentzio-zerbitzuaren jardueraren ondoriozko agiri eta txostenen berri izatea ere.
- Langileen osasunean edo osotasun fisikoan eragindako kalteen berri izatea eta kalteok aztertzea, kalte horien arrazoiak balioetsi eta kasuan kasuko prebentzio-neurriak hartzeko.
- Prebentzio-zerbitzuen urteroko memoriaren eta programazioaren berri izatea, eta horiek informatzea.
Lantoki batean jarduerak aldi berean gauzatzen direnean, enpresek izan behar duten elkarlanari dagokionez lege honek xedatutakoa betetzeko, koordinatuta jarduteko egokitzat jotzen diren neurriak hartzea erabaki daiteke: Segurtasun eta Osasun Batzordeen baterako batzarrak, etab.