Langileak - Nire eskubideak
Oro har, eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legearen (LAPL) 14. artikuluaren, arabera, Laneko arriskuen aurrean babesa izateko eskubidea dut. Horregatik, eskubide horren ondorioz, enpresaburuak bere zerbitzupean dauden langileen segurtasuna eta osasuna babestu beharko ditu, lanarekin zerikusia duten alde guztietan. Gainera, laneko segurtasun- eta osasun-neurrien kostua ezin izango zaie inola ere ezarri langileei.
LAPLaren arabera, aldi baterako laneko enpresa bateko langilea izan arren, eskubide hauek ere baditut:
- Langileen laneko segurtasun eta osasunerako arriskuei buruzko informazioa hala enpresa osoan daudenak, nola lanpostu eta eginkizun bakoitzak dituenak, bai eta arrisku horiei aplikatu beharreko babes eta prebentzio-neurri eta -jarduerei eta hartutako neurriei buruzkoa ere (18. artikulua. Informazioa).
- Enpresako laneko segurtasunari eta osasunari eragiten dioten gai guztien inguruan nire iritzia jakiteko kontsulta (33. artikulua. Kontsulta).
- Prebentzio-arloko prestakuntza, berariaz nire lanpostuan edo funtzioan oinarritua, arriskuen bilakaerara eta arrisku berrien agerpenera egokitua eta, beharrezkoa izanez gero, aldizka errepikatua. Prestakuntza hori, ahal dela, lanorduetan eman behar da, eta, ezin bada, lanorduetatik kanpo, baina prestakuntzan emandako denbora lanorduetatik kenduta (19. artikulua. Prestakuntza)
- Berehalako arriskua dagoenean jardutea, hau da, nire jarduera etetea eta lantokitik alde egitea egoera hori gertatzen bada (33. artikulua, Arrisku larria eta hur-hurrekoa).
- Osasunaren zaintza borondatezkoa, salbuespenak salbuespen, eta ditudan arriskuetarako espezifikoa (22 artikulua. Osasuna zaintzea).
- Babes espezifikoa, nire ezaugarri pertsonalengatik edo egoera biologikoagatik bereziki sentikorra den kolektibo batekoa banaiz (25.artikulua. Arrisku batzuen aurrean bereziki sentiberak diren langileak babestea, eta 26. artikulua. Amatasuna babestea) edo adingabea banaiz (27. artikulua. Adingabeen babesa).
- Enpresan parte hartzea laneko arriskuen prebentzioari dagokionez, zuzenean edo ordezkaritza bidez (enpresa-batzordeak, prebentzio-ordezkariak, langileen ordezkariak, etab.); izan ere, hasiera batean, 6 langile edo gehiago dituzten enpresetan edo lantokietan, partaidetza ordezkarien bidez bideratzen da (34. artikulua. Partaidetza- eta ordezkaritza-eskubideak).
- Laneko Ikuskatzailetzara jotzea, enpresak hartutako neurriak laneko segurtasuna eta osasuna bermatzeko nahikoak ez direla uste badut (40. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlana).
- Nire eginkizunak betetzeko lan-ekipamendu egokiak eta behar bezala egokituak izatea, bai eta norbera babesteko ekipamendu egokiak ere (17. artikulua. Lan-ekipamenduak eta babes-tresnak).
- Nire lan-ingurunean ahal diren arrisku guztiak desagerraraztea eta saihestu ezin direnak ebaluatzea, bai eta nire lanpostua egokitzea ere (15. artikulua. Prebentzio-ekintzaren printzipioak).