Enpresak - Jardueren koordinazioa
Errege Dekretuaren I. kapituluan errege-dekretuaren xedea jorratzen da; lantokiaren, lantokiko enpresaburu titularraren eta enpresaburu nagusiaren definizioak, eta koordinazioaren helburuak.
Gero eta ohikoagoa da enpresa batek bere lantokian egitekoak diren obrak eta zerbitzuak beste enpresa batzuekin azpikontratatzea. Beraz, Errege Dekretu honen helburua da langileen lan-segurtasuna eta -osasuna hobetu eta indartzea, laneko ezbeharrei aurre egiteko, lantoki berean zenbait enpresa-jarduera biltzen diren kasu guztietan:
A kasua
Hainbat enpresatako langileek lantoki berean lan egitea. Errege Dekretuaren II. kapituluan, zeinetan 31/1995 Legearen 24. artikuluaren 1. paragrafoa garatzen baita.
B kasua
Enpresaburu baten titulartasuna duten hainbat enpresatako langileek lantoki berean lan egitea. Errege Dekretuaren III. kapituluan, zeinetan 31/1995 Legearen 24. artikuluaren 2. paragrafoa garatzen baita.
C kasua
Hainbat enpresatako langileek lantoki batean lan egitea, «zaintzeko betebeharra» duen enpresaburu nagusi bat dagoenean. Errege Dekretuaren IV. kapituluan, zeinetan 31/1995 Legearen 24. artikuluko 3. paragrafoa garatzen baita.
Dekretuaren V. kapitulua aldiberekotasun hori gerta daitekeen egoerei aplikatzen zaie, eta koordinazio-bitartekoak ezartzen ditu. Kapitulu horretan, prebentzio-jarduerak koordinatzeaz arduratuko den pertsona bat edo gehiago izendatzea dago jasota, eta izendapen hori «enpresaburu titularrari» dagokio.
Prebentzio-jardueren koordinatzaileek prebentzio-prestakuntza izango dute, gutxienez tarteko mailakoa. 171/2004 Errege Dekretuaren 14. artikuluan prebentzio-jardueren koordinatzaileak dituen eginkizunak zehazten dira.
Azkenik,LAPLaren 24. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan jasotako lankidetza- eta informazio-betebeharrak aplikatuko zaizkie lantoki horietan jarduerak egiten dituzten langile autonomoei.
171/2004 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian adierazten den moduan, eraikuntza-obrak beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira, hau da, urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretuaren arabera. Horretan, eraikuntza-obretarako gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dira. Xedapen gehigarri horrek hau zehazten du enpresa-jardueren aldiberekotasun mota horretarako:
- «Enpresaburu titularra» da obraren «sustatzaile» nagusia. «Informatzeko» betebeharra «Segurtasun eta Osasun Azterketa» edo «Segurtasunari eta Osasunari buruzko Oinarrizko Azterketa» baten bidez egiten da.
- Segurtasun eta Osasuneko koordinatzaileak ematen dizkio jarraibideak «enpresaburu titularrari», kasu honetan, obraren «sustatzaileari», obra egiten den bitartean.
- «Enpresaburu nagusia» zaintzeko betebeharra obraren «kontratistari» dagokio.
- Koordinazio-bitartekoak urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretuan eta azaroaren 8ko 31/1995 Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian ezarritakoak dira.
Informazio gehiago
Eraikuntza-obretako koordinazioa
Eraikuntza-obratzat hartzen diren lantokietan, 1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, eraikuntza-obretarako gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituena aplikatuko da.
Eraikuntza-obratzat hartzen da eraikuntzako edo ingeniaritza zibileko lanak egiten dituen edozein obra, publikoa zein pribatua izan, eta horien zerrenda ez-zehatza dago jasota 1627/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean.
Errege-dekretu horrek kontuan hartzen du eraikuntza-obretan beste eremu batzuetan ohikoak ez diren subjektuek parte hartzen dutela, baina betebeharrak dituztela. Subjektuok dira:
Sustatzailea, proiektugilea, kontratista, azpikontratistak eta langile autonomoak.
Gainera, obran esku hartzen duten beste bi subjektu daude: segurtasun- eta osasun-arloko koordinatzailea obra-proiektua prestatzean, eta segurtasun- eta osasun-arloko koordinatzailea, obraren egikaritze-fasean. 1627/1997 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren arabera, obraren sustatzaileak aukeratzen ditu, hots, hark izendatu eta kontratatzen ditu.
Errege-dekretu horrek legezko zenbait betebehar ezartzen dizkio obra egikaritzeko fasean segurtasun- eta osasun-arloko koordinatzailea denari.
1627/1997 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, nahitaezkoa da «Segurtasun eta Osasun Azterketa» edo «Segurtasunari eta Osasunari buruzko Oinarrizko Azterketa» bat idaztea. «Segurtasun eta Osasun Azterketa» bat idazten bada, dokumentu horrek1627/1997 Errege Dekretuaren 5. artikuluan zehaztutakoa jasoko du. «Segurtasunari eta Osasunari buruzko Oinarrizko Azterketa» bat egiteko, berriz,1627/1997 Errege Dekretuaren 6. artikulua aplikatuko da.