Ergonomia-fitxak sektoreko
Lan-jatorriko nahasmendu muskuloeskeletikoak, lanpostuan egindako jarduerak eragindako hezur, artikulazio, muskulu, tendoi eta nerbioei eragiten dieten lesio espezifiko gisa identifikatzen direnak, modu esponentzialean areagotu dira azken aldian jarduera-sektore guztietan.
Osalanek, lehen sektoreko lan-arriskuen prebentziorako plan sektorialaren esparruan, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien eta egurraren eremuan, prebentzio-tresna batzuk sortzea bultzatu zuen. Tresna horiek, ikuspegi ergonomikotik, sektoreko lan-prozesuak ebaluatzen dituzte, eta neurri zuzentzaile egokiak proposatzen dituzte. Neurri zuzentzaile horiek ezartzeak, zalantzarik gabe, nahasmendu horien agerpena minimizatzea ahalbidetuko luke.
Ebaluazio ergonomikoa eta lan-prozesuetako prebentzio-neurrien proposamena egiteko, fitxa deskargagarriak erabili ziren. Fitxa horiek zeregina eta horri lotutako arazoa deskribatzen dituzte. Arriskua detektatuz eta REBA metodoaren arabera baloratuz, zeregin hori burutzeko erabil daitekeen jarrera okerra ikusarazi, erabili beharko litzatekeen jarrera zuzena erakutsi eta prebentzio-gomendio batzuk ematen dira.
Fitxak eta bideoak Euskadipreben webgunean daude, eta bertan ergonomiari buruzko atal bat dago, gaiari buruzko informazio zabala duena. Funtsezkoa iruditzen zaigu une honetan material hori gogoraraztea eta hura ikusteko gomendioa egitea, prebentzio-proposamenak jarraitzera animatzeko eta nahasmendu muskuloeskeletikoen agerpena murrizten laguntzeko, eta, horri esker, sektoreko langile askoren bizi-kalitatea hobetu ahal izateko.
Pixkanaka, pixkanaka, fitxa deskargagarrien proiektu hau gainerako sektoreetara zabalduko da: zerbitzuak, industria eta eraikuntza, ERGOLAN proiektuaren esparruan.