2023ko urriaren 04.- Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Íscarrek gaur goizean Legebiltzarrean argitu dute Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak eta Laneko Ikuskaritzak Beasaingo CAF lantegian gertatutakoaren berri izan zuten lehen unetik jardun zutela.
Legebiltzarreko taldeek eskatutako agerraldian, sailburuordeak eta zuzendari nagusiak hasieratik azaldu dute "agerikoa dela zerbaitek huts egin duela itxuraz zuzena den lan-plana izanda gorabehera bat gertatu bada" desamiantatuarentzat. Gertakari baten berri izan dute Osalanek abuztuaren 25ean, enpresako prebentzio-ordezkari baten deiaren bidez.
Biek zehaztu dituzte ordutik eman diren urrats guztiak, "ia egunero jardun eta kontaktuekin". Behin baino gehiagotan esan dutenez, "abuztuaren 25etik aurrera, Sailak bi helburu bete nahi izan ditu: gertatutakoa ikertzea, erantzukizunak argitzeko; eta bermatzea amiantoa kentzeko eta garbitzeko lanak eta nabeen deskontaminazio-lanak segurtasun- eta osasun-baldintza onenetan egiten direla".
Sailburuordeak gogorarazi du zenbait nabek hilabete baino gehiago daramatela itxita, eta, beraz, azpimarratu du "langileen osasunerako eskubidearen bermea ez dela enpresen betebeharra bakarrik, osasunean inbertitzea baizik, eta horrek, gainera, ondorio ekonomikoak saihesten dituela".
Enpresako prebentzio-ordezkari batek Osalaneko teknikari bati egindako dei baten bidez gertatutakoaren berri izan dutenez, Pérez Barredok eta Íscarrek baloratu dute prebentzio-ordezkarien figurak enpresen segurtasun- eta osasun-sarean duen garrantzia. Era berean, biek ala biek nabarmendu dute Osalaneko teknikarien lana, berehala jardun baitute bertan, kasu guztietan bezala. Dokumentazio guztia aztertu dute, enpresak langileen segurtasuna eta osasuna babesteko neurririk egokienak har ditzan.
trabajadoras.