Langileen osasuna berariaz zaintzeko protokoloa: irin-hautsaren esposiziopeko langilen asma (2012)
Deskribapena
Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen 39/1997 Errege Dekretuak 37.3.c artikuluan ezartzen duenez, langileen osasunaren zaintza protokolo espezifikoen edo beste bitarteko batzuen mende egongo da, langilearen arrisku-faktoreei dagokienez.
Langileen osasuna zaintzeko protokoloak laneko medikuek erabakiak hartzea errazteko tresnak dira, eta prebentzio-zerbitzuetan garatzen duten praktika klinikoaren kalitatea hobetzen laguntzen dute. Tresna horiek eskura dagoen ebidentziarik onenean oinarritu behar dira, eta, informazio zientifikoa modu esponentzialean hazten denez, gero eta handiagoa den ebidentzia hori biltzeko eta sistematikoki eta aldizka eguneratzeko moduan egin behar dira. Aurkezten dugun eguneratzeak, beraz, gomendioak ebidentzian oinarritzeko beharrari erantzun nahi dio, eta urrats bat da protokoloak egiteko orduan etorkizunean orientazio horri jarrai dakion.
Irin-hautsaren eraginpean dauden langileen osasuna zaintzeko protokoloak argitaratutako osasun-zaintzako protokoloen egitura mantentzen du, eta eranskin metodologiko bat du, jarraitutako eguneratze-prozesuaren berri ematen duena. Beharrezkotzat jotzen duenak bertara jo dezake eguneratze-prozesua ulertzeko eta bertan jasotzen dira gomendioen justifikazioa, ebidentzia zientifikoaren maila eta gomendioaren indarra edo maila.
Jarraitu dugun metodologia jasota dago "Osasun Sistema Nazionalean Praktika Klinikoko Gidak Eguneratzeko Eskuliburu Metodologikoa" eta "Osasun Sistema Nazionalean Praktika Klinikoko Gidak Egiteko Eskuliburu Metodologikoa" eta "EAEko asmari buruzko praktika klinikoko gidan erabilitako elaborazio-egokitzapen- eta eguneratze-metodologiaren deskribapena" dokumentuetan. Hori aplikatuz, hainbat galdera kliniko egin ditugu lanean irin-hautsaren esposizioaren ondorioei buruz eta horiek prebenitzeko eta diagnostikatzeko erabil daitezkeen proba medikoei buruz, eta, horrela, protokolo honen parte diren gomendioak ezarri ditugu.
Oharra: argitalpen honen 15. orrialdeko bigarren paragrafoan "fraccion respirable" esamoldearen ordez "fraccion inhalable" jarri den.