Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko abenduaren 9koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, 2025. urterako dirulaguntzen deialdia egiten da, ekitaldi honetan EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko mailako prestakuntza ematen duten entitate publiko zein pribatuentzat.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila; OSALAN
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 245
- Hurrenkera-zk.: 5805
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/12/09
- Argitaratze-data: 2024/12/18
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomķa; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia; Sailak
Testu legala
Uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuak (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.) honako programa honen oinarri orokorrak ezartzen ditu: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programa. Betiere, bat etorriz 1997ko abenduaren 11n sinatu zen EAEko Laneko Osasunerako eta Arriskuen Prebentziorako Lanbide Arteko Akordioaren III. atalean («Prebentziorako prestakuntza») ezarritakoarekin (1998ko urtarrilaren 27ko EHAA, 17. zk.).
Dirulaguntzen jarduera horretarako deialdia urtero egiten da, laneko arriskuen prebentzioaren arloan egiteko espezifikoak dituzten prebentzio-ordezkarien langileen ordezkariak dira oinarrizko prestakuntza bultzatzeko. Horrela, ezagutza arautzaile eta tekniko horiekin, enpresen zuzendaritzarekin lankidetzan jardun ahal izango dute prebentzio-ekintza hobetzeko, eta langileen lankidetza sustatu ahal izango dute laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia aplikatzeko orduan. Eta, bereziki, besteak beste, laneko arriskuen prebentzioaren gaineko araudia betetzen dela zaindu eta kontrolatuko dute, eta enpresak aldez aurretik kontsulta egin ahal izango die, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 33. artikuluaren arabera.
Horregatik, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, honen bidez onartzen da 2025ean EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko urteko deialdi publikoa.
Aurrez aurreko prestakuntzak lehentasuna izaten jarraitzen du prebentzio-ordezkarientzat, kolektiboak prestakuntza-jardueretan interrelazioa izan dezakeelako eta heterogeneotasuna dagoelako. Hala ere, aurrerantzean ere aukerakoa izango da prestakuntza online ematea; alegia, ez da nahitaezkoa izango ez prebentzio-ordezkarientzat, ez ebazpen honen xede diren entitate publiko eta pribatuentzat.
Deialdi honen oinarri da, bestalde, indarrean dagoen «Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2023-2026 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa»ren II. ardatzeko 4. helburu estrategikoaren 5. dirulaguntza lerroa (Osalanen web-orrian argitaratuta dago plana).
Kudeaketa bizkortzeko, deialdi hau EAEko 2025erako Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeari atxikiko zaio, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoari jarraituz. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen da. Ondorioz, deialdiaren xede diren dirulaguntzak gauzatzeko, nahitaezkoa da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko aurrekontu orokorretan.
Dirulaguntza-deialdi hau Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak arautzen du, aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarriko manuak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori, bai eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak ere. Era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, ebazpen honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.
Hori dela eta, hau
Ebazpen honen xedea da onartzea 2025eko urtarrilaren 21etik abenduaren 1era bitartean (egun horiek barne) EAEko enpresa edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten erakunde publiko edo pribatuentzako 2025eko aurrekontu-ekitaldirako dirulaguntzen deialdia, bat etorriz uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuan xedatutakoarekin. Dekretu horren bitartez, oinarri orokorrak ezarri ziren dirulaguntza-programa honetarako: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuentzako dirulaguntzak (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.).
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko baliabide ekonomikoak. Zenbatekoa hirurehun mila (300.000) euro izango da.
Ebazpen honetan ezartzen denez, deialdi honen guztizko aurrekontu-zuzkiduratik, gehienez ere, 100.000 euro bideratuko dira zati normatiboaren prestakuntza finantzatzeko, eta, gehienez ere, 200.000 euro, zati teknikoaren prestakuntza finantzatzeko, hala xedatuta baitago uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 9. artikuluan. Dekretu horren bidez, programa honen oinarri orokorrak ezartzen dira: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programa.
Zati teknikoaren prestakuntza diruz laguntzera bideratutako zenbatekoa zati arauemailea diruz laguntzeko baliatu ahal izango da eta alderantziz, zenbateko horietako bat agortzen bada, baldin eta gehikuntzaren ondoriozko saldoarekin nahikoa kreditu badago beste lerroko soberako saldoa jasoko duen lerroaren eskaerari erantzuteko.
Dirulaguntza hauek emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan xedatutakoaren arabera (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz nola izapidetu arautzen da).
Deialdi hau egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten entitateei zuzenduta dago. Erakundeok prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza emateko eskakizunak betekizunak bete behar dituzte, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuan araututakoari jarraituz (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.); gainera, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak egiaztatuak izan behar dute, eta ikastaroen emaileak izan. Hona hemen entitateok:
Prestakuntza-zentroak, publikoak zein pribatuak.
Sindikatuak.
Prebentzio-zerbitzu egiaztatuak, zerbitzu horiek itunduak dituzten enpresetako prebentzio-ordezkariei zuzenduak.
Erakunde eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte onuradun izateko:
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikulua betetzea, onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duten debekuei buruzkoa. Hori dela eta, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurreikusitako egoeretan egon behar dute, ezin dira egon laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen administratibo edo penal baten pean, eta ezin dute izan halako dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik.
Egunean izatea Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean jasotako betebeharrak, hain zuzen arlo hauetakoak: prebentzio-antolamenduaren eredua, arriskuen ebaluazioa, prebentzio-jardueraren plangintza eta, hala badagokio, prebentzio-sistemaren auditoretza.
Ez jasotzea inongo administrazio publiko edo erakunde pribaturen laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso xede eta helburu bererako.
EAEko enpresa edo lantokietako prebentzio-ordezkarien prestakuntza emateko akreditazioa jaso duten erakundeek eskatu ahal izango diote dirulaguntza hau Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera. Dekretu horren bitartez, oinarri orokorrak ezarri ziren dirulaguntza-programa honetarako: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuentzako dirulaguntzak.
Ikasleak prebentzio-ordezkariak izango dira soilik, eta aldez aurretik inskribatuta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Ordezkarien Erregistroan, zeina Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita baitago.
Eskabidea aurkezteko prozedura elektronikoa baino ez da izango. Prestakuntza-ekintza bakoitzeko, izapidetze elektronikoaren bidez aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ Bai dirulaguntzaren eskabidea eta bai jarraibideak eta aurkeztu beharreko formularioak edo dokumentuak prozedura elektroniko hauetan deskargatu eta aurkeztu ahal izango dira:
Arlo normatiboko prestakuntzari dagokionez:
Prebentzio-ordezkariei arlo normatiboan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207807
Arlo teknikoko prestakuntzari dagokionez:
Prebentzio-ordezkariei arlo teknikoan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207808
Eskabide elektronikoarekin batera, eranskin hauek aurkeztu beharko dira, beteta:
«III. eranskina. Prestakuntza-ekintzaren datuak», dirulaguntzaren xede den prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten prebentzio-ordezkarien behin-behineko datuak jasotzen dituen dokumentua; ikastaroak ikasgela birtuala duen adierazten du.
«VIII. eranskina. Prestakuntza-erakundeak ikasgela birtualeko prestakuntzaren erabilerari buruz egindako erantzukizunpeko adierazpena», digitalki sinatua. Ikasgela birtuala erabiliko bada bakarrik aurkeztu beharko da.
Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak (espediente bakoitzera sartzea, izapidetzea eta jarraipena egitea) «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan enpresa eta erakundeentzat (pertsona juridikoak) onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira izapide elektronikoak; horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Eskabideak aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 9an hasi eta 2025eko azaroaren 14an amaituko da, 23:59an (bi egun horiek barne), edo deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak agortzen direnean. Hala gertatuz gero, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak horren berri emango luke organismoaren webgunean eta EHAAn. Baliabideak agortuz gero, organismoaren webgunean eta EHAAn hori gertatu izanaren berri eman ondoren, ez litzateke eskaera berririk onartuko, eta aurkeztutako eskaerak ukatuko lirateke, baldin eta oraindik ebatzi gabe baleude.
Prestakuntza-erakundeek programatuta daukaten prestakuntza-ekintza bakoitza hasi baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez eskatu beharko diote dirulaguntza Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari; nolanahi ere, gomendatzen da eskaera gutxienez 15 egun lehenago egitea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako betekizunak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 eguneko epearen barnean gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio entitate eskatzaileari, eta adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere Administrazioak ebazpen espresua eman eta jakinarazi ondoren.
Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, «Nire karpeta» atalera jo beharko da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan sartuta (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/). Interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean joko da egindakotzat jakinarazpen hori. Jakinarazpena bidali eta 10 eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ulertuko da uko egin diola eta izapidea prozeduraren arabera egin dela, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta, ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu, teknikoki edo materialki.
Ikasgela birtualaren erabilerari eutsiko zaio 2025ean, aurrez aurreko prestakuntzaren balio bera aitortuta. Ikasgela birtuala aukerakoa izango da, eta ez da nahitaezkoa izango ezein erakunderentzat.
Dena den, metodologia hori gehienez ere jardueraren iraupenaren ehuneko berrogeita hamarrean erabili ahal izango da arlo normatiboko ikastaroetan, eta jardueraren iraupenaren ehuneko hogeita bostean arlo teknikoko ikastaroetan.
«Ikasgela birtual» deritzo ikasteko ingurune bati, non tutore-prestatzaileak eta ikasleak elkarreraginean aritzen baitira, modu konkurrentean eta denbora errealean, komunikazio-sistema telematiko sinkrono baten bidez, ezagutzak trukatzeko prozesu bat egin ahal izateko, eta, hala, ikasgelan parte hartzen duten pertsonen ikaskuntza ahalbidetzeko.
Ikasgela birtualaren bidez ematen den prestakuntza egituratu eta antolatu egin behar da, une oro bermatzeko konektibitate sinkronizatua dagoela prestatzaileen eta parte hartzen duten prebentzio-ordezkarien artean, bai eta komunikazioak noranzko bikoak direla ere.
Arlo normatiboan, eskola-prestakuntzaren azken orduetan erabili ahal izango da ikasgela birtuala (6 ordu, lanaldi batekin parekatu ohi dena), eta ikasleek in situ eskola presentzialetara joan beharko dute prestakuntza ematen duen erakundearen instalazioetara eskola-prestakuntzaren lehen orduetan (6 ordu).
Arlo teknikoko prestakuntzan, ikasgela birtuala prestakuntza-jardueraren hirugarren egunean erabili ahal izango da nahitaez (6 eskola-ordu), eta ikasleek in situ modu presentzialean joan beharko dute prestakuntza ematen duen entitatearen instalazioetara gainerako orduetan.
Ikasgela birtualeko teknika hori erabiltzea erabakitzen duten erakunde publiko eta pribatu prestatzaileek ezagutzaren transmisioa, helburuen garapena eta aurreikusitako edukiak bermatu behar dituzte. Ikastaroaren jarraipena egin ahal izateko, gutxienez telefono-zenbaki bat eta posta elektronikoko helbide bat eman beharko dute, erabiltzaileek laguntza eskatu ahal izan dezaten arazo edo zalantza funtzionalak izanez gero. («VIII. eranskina. Prestakuntza-erakundearen erantzukizunpeko adierazpena, ikasgela birtualeko prestakuntzaren erabilerari buruzkoa»). Ikasgela birtuala erabiltzeko, prebentzio-ordezkariaren berrespena eta erabilgarritasun-akordioa izan beharko dute («IX. eranskina. Prebentzio-ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, ikasgela birtuala erabiltzeko baimenari buruzkoa»).
Eskola ikasgela birtualaren bidez eman den egunean edo egunetan ikasleen bertaratzearen jarraipena eta kontrola egiteko, irakasleak parte-hartzaile bakoitzaren sinaduraren laukitxoan adierazi beharko du eguneko saiora joan den edo ez (sķ/bai edo no/ez), eta egun horretan sinatu beharko du. Gainera, egun horretako sinadura-zerrendari erantsiko dio konektatutako parte-hartzaile guztiak agertzen diren pantailaren kopia. Gainerako egunetan, prebentzio-ordezkari bakoitzak sinatu beharko du, ohi bezala.
Osalaneko langileek, kontrol-organoa izanik, ikasgela birtualeko bertaratze-egiaztapenak egin ahal izango dituzte noizean behin. Horretarako, prestakuntza ematen den bitartean konexioa egin ahal izateko behar diren bitartekoak (esteka elektronikoa) eskura jarriko dizkio Osalani prestakuntza-entitateak.
Finantzaketaren ondorioetarako, tratamendu bera izango dute ikasgela birtualaren bidez emandako orduek eta ordu presentzialek.
Uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren bidez, EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak ezarri ziren (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.). Bada, dekretu horren 14. artikuluak agintzen duenez:
Deialdi honen xede diren prestakuntza-jarduerak finantzatzeko, prestakuntza-ordu bakoitzeko aplika daitezkeen gehieneko modulu ekonomikoak 130,96 eurokoak izango dira eskola-ordu bakoitzeko (modulu horien plangintza egitetik zein gauzatzetik eratorritako kostu guztiak barnean direla).
Prestakuntza-ekintza bakoitzeko, 15 prebentzio-ordezkarirentzat emango da dirulaguntza, gehienez ere.
Gutxienez 15 prebentzio-ordezkari bertaratzen ez badira, gaztelaniaz emandako ikastaroetan, ekintzaren finantzaketa-ehunekoa taula honetan zehaztutakoaren arabera egingo da:
(Ikus .PDF)
Ezingo dute dirulaguntzarik jaso gutxienez 10 ikasle biltzen ez dituzten taldeek. Laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntzan euskararen erabilera sustatzeko, salbuespen izango dira euskarazko taldeak, eta gutxienez bost prebentzio-ordezkari biltzen dituzten ikastaldeak onartuko dira. Euskarazko ekintzak taula honen arabera finantzatuko dira:
(Ikus .PDF)
Dirulaguntzaren zenbatekoak barnean hartzen ditu prestakuntza-materialen gastuak.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak dagozkion prestakuntza-eskuliburuak emango dizkio doan ikasle bakoitzari. Sobera geratzen diren eskuliburuak Osalani itzuli beharko zaizkio.
bazterkeriak prebenitzeko edo ezabatzeko xedearekin eta desgaitasunen bat duten prebentzio-ordezkariek prestakuntza jasotzeko dauzkaten zailtasunak edo desabantailak konpentsatu nahian, komunikaziorako laguntza eta zerbitzu osagarri guztiak jarriko ditu Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak deialdi honen kontura ordainduta, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua aplikatuz (Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen du).
Prestakuntza-ekintza amaitu eta gehienez ere 15 egun balioduneko epean, eskatutako dokumentuak aurkeztu beharko ditu dirulaguntzaren entitate onuradunak. Dokumentu horien txantiloiak webguneko prozedura elektronikotik deskargatu daitezke. Dokumentu horiek guztiak behar bezala bete behar dira, eskatzen den informazio guztia emanda. Entitate eskatzaileak zuzendu beharko du zehaztasun-eza edo informazio-falta, eta, hori egin ezean, dirulaguntza ukatuko zaio.
Dokumentazio hori aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
Kontuan izan behar da arlo normatiboa ematen duten entitateek honako hau eman behar dietela bertaratutakoei: «V. eranskina. Prebentzio-ordezkariei arlo teknikoko oinarrizko prestakuntza emateko akreditatutako zentroen zerrenda». Akreditatutako zentroen zerrenda aldatu ahala eguneratuko da zerrenda hori, are deialdi honek iraun bitartean ere. Zati normatiboa ematen duten entitateek prozedura elektronikoan dagoen zerrenda berriena aurkeztu beharko diete prebentzio-ordezkariei, IV. eranskinaren bidez aukeratu dezaten zein zentrotan jasoko duten zati teknikoa.
Justifikazioan aurkeztu beharreko dokumentuak hauek dira:
«III. eranskina. Prestakuntza-ekintzaren datuak», behin betiko dokumentua, dirulaguntzaren xede den prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten prebentzio-ordezkarien azken datuak jasotzen dituena; prestakuntza-ekintzak ikasgela birtuala duen adieraziko du, hala baldin bada.
«II. eranskina. Asistentzia-kontrolerako orria» dokumentu eskaneatua, pdf formatuan. Prestakuntza-ekintza zein egunetan eman den adierazi behar du, prestakuntza-ekintza eman duten irakasleen eta bertaratutako prebentzio-ordezkari guztien NAN zenbakia, izen-abizenak eta sinadura jasota. Egun bakoitzeko kontrol-orria irakasleak sinatu beharko du. Ikastaroa ikasgela birtualean emanez gero, pantailaren kopia erantsi beharko da, erakutsiko duena zein parte-hartzaile egon diren konektatuta saioa eman den egunean edo egunetan.
«IV. eranskina. Arlo teknikoko prestakuntza-zentroari eta ikasgela birtualaren erabilerari dagokienez prebentzio-ordezkariak egin duen aukerari buruzko datuak» pdf formatuko dokumentu eskaneatu bakarra. Dokumentu horrek bilduko ditu prebentzio-ordezkarien eskabide guztiak, zati teknikoa egiteko; V. eranskinean jasotako prestakuntza-zentro akreditatuetako bi aukeratuko dituzte. Era berean, jasoko du ea prestakuntza hori ikasgela birtualaren bidez egin nahi duten. IV. eranskin hori zati normatiboa ematen duten entitateek aurkeztu beharko dute, eta, gainera, IV. eranskinak dakarren datu-babesari buruzko informazioa ere emango diete ikasleei. Arlo normatiboan, ikastaroa ikasgela birtualarekin egin bada, IV.2 eranskina ere aurkeztu beharko da.
«VI. eranskina. Ebaluazio-galdetegia. Prebentzio-ordezkaria» dokumentu eskaneatua. Prestakuntza-ekintzako ikasleek erantzundako inkestak jaso behar ditu, eta izena eman duten ikasleen kopurua eta inkesta hau erantzun duten ikasleen kopurua adieraziko dira. Irakaskuntza-metodologiak ikasgela birtual presentziala barne hartzen badu, 7. artikuluan ezarritako jarraibideak bete behar dira; hau da, irakasleak parte-hartzaile bakoitzaren sinaduraren laukitxoan adierazi beharko du eguneko saiora joan den edo ez (sķ/bai edo no/ez), eta ikasgela birtualeko egun horretan sinatu beharko du. Gainera, egun horretako sinadura-zerrendari erantsiko dio konektatutako parte-hartzaile guztiak agertzen diren pantailaren kopia. Gainerako egunetan, prebentzio-ordezkari bakoitzak sinatu beharko du.
«VII. eranskina. Ebaluazio-galdetegia. Irakasleak» dokumentu eskaneatua. Prestakuntza-ekintzaren irakasleak erantzundako inkesta aurkeztuko da bertan.
«IX. eranskina. Prebentzio-ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, ikasgela birtuala erabiltzeko baimenari buruzkoa». Ikasgela birtuala erabili bada bakarrik aurkeztu beharko da.
Justifikazioak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak eta bete beharreko ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragai (https://www.euskadi.eus/egoitza), ebazpen honen 4.3.a) eta b) artikuluan adierazitako prozedura elektronikoetan.
Egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmenak ditu esleituta Administrazioak. Horregatik, Administrazioak edozein unetan eskatuko die entitate eskatzaileei eskabidea, aurkeztutako dokumentuak eta erantzukizunpeko adierazpenak baloratzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio eta agiri osagarri oro, baita agiri originalak ere, benetakoak direla egiaztatzeko. Ildo horretan, Administrazioak prozeduran aurrera ez egitea erabaki ahal izango du, baldin eta funtsezko zehaztasunik eza, faltsutasuna edo omisioa antzematen badu emandako datuetan, hargatik eragotzi gabe entitate eskatzaileak izango lituzkeen bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren bidez, EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak ezarri ziren (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.). Bada, dekretu horren 13. artikuluak agintzen duenez:
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak emango du deialdiaren ebazpena, dirulaguntza ematea ala ez erabakitzeko, organismo horretako teknikariek egindako txostenak aintzat hartuta.
Eskabideek deialdiko betekizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan ebatziko dira, espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta, hala badagokio, jarduketa horietarako aurrez ikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Funtsak agortzen badira, aurkeztu diren eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira deialdi honen esparruan.
Ebazpena entitate eskatzaileei jakinaraziko zaie, banaka, gehienez ere bi hilabeteko epean, dirulaguntzaren eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera.
Apartatu honetan esandako epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, beren eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute entitate interesdunek, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluak.
Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, zuzenean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.
Iragartze aldera soilik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira dirulaguntzak emateko ebazpenak.
Ebazpenen jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/micarpeta (gaztelaniaz) edo https://www.euskadi.eus/nirekarpeta (euskaraz).
Dirulaguntza ordainketa bakarrean emango da, eskatu eta onartu den prestakuntza-ekintza amaitutakoan, deialdi honen 9. artikuluan eskatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoren, hala xedatuta baitago uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 15. artikuluan. Dekretu horren bidez, honako programa honen oinarri orokorrak ezartzen dira: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programa.
Prestakuntza uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 10.7 artikuluan jarritako eran bukatu duten ikasleengatik soilik ordainduko da dirulaguntza.
Dagokion ordainketa jaso ahal izateko, entitate onuradunak alta emanda egon beharko du administrazio honen hirugarrenen erregistroan. Alta elektronikoki izapidetu daiteke (pertsona juridikoak izapidetze elektronikoa egitera behartuta daude, eta hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez; hauek dira helbideak: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak (euskaraz) eta https://www.euskadi.eus/altaterceros (gaztelaniaz).
Prozedura honetan jasotzen diren datu pertsonalak honako hauek kontuan hartuta tratatuko dira: 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES); 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673); eta datu-babesaren arloko gainerako garapen-araudia.
Aditzera ematen da datu pertsonalak «Prebentzio-ordezkarien prestakuntzaren dirulaguntzak eta kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.
Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea da tratamendu horren arduraduna. Hauek dira tratamendu horren xedeak: prebentzio-ordezkariak prestatzeko, laneko arriskuen prebentziorako ikastaroak antolatzea, dirulaguntzak kudeatzea eta ikastaroen gaineko ziurtagiriak egitea.
Haren legitimazioa honako hau da: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko behar den tratamendua; 7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; eta 125/2018 Dekretua, uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak. 1997ko abenduaren 19ko Ebazpena, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, «EAEko Osasun Arloko eta Lan Arriskuen Aurreneurrien Arloko Lanbidearteko Akordioa» erregistratzeko eta argitaratzeko dena.
Deialdi honetan parte hartzen dutenei buruzko datuak hartzaile hauei jakinarazi ahal izango zaizkie: Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa; interesdun legitimoak; autonomia-erkidegoko beste organo batzuk; sindikatuak eta langile-batzordeak; prestakuntza-entitateak.
Deialdi honetan parte hartzen dutenek eskubidea dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, eramateko, mugatzeko, aurka egiteko eta errebokatzeko eskubideak baliatzeko, bai eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide baliatzeko ere.
Datuen Babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsultatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Datuak Babesteko ordezkariaren Tratamendu Jardueren Erregistrora jo daiteke
https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0625_eu.html
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea kontatzen. Hori guztia hala xedatuta dago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan.
Barakaldo, 2024ko abenduaren 9a.
OSALANeko zuzendari nagusia,
MARĶA LOURDES ISCAR REINA.
Eranskin honek informazioa besterik ez du ematen, eta helburutzat du entitate interesdunei adieraztea nolako egitura eta edukia aurkituko duten dirulaguntzaren eskabide elektronikoa egitean, Eusko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/sede).
Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren laguntza.
Eusko Jaurlaritzak, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren bitartez (eskuduna baita Eusko Jaurlaritzaren administrazio elektronikoan), zenbait jarraibide-gidaliburu sortu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza), pertsonek eta entitateek tramitazio elektronikoaren alderdiak ezagut ditzaten eta izapidetze elektroniko horretan lagungarriak izan daitezen.
Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren menu horizontalean, «Laguntza» izeneko atal bat sortu da, eta, han, herritarrek eta entitateek eskuragarri dituzte izapidetzerako laguntza- eta arreta-gida horiek.
Izapidetzean arazoren bat izanez gero, hona hemen zenbait konponbide:
Izapidetze elektronikoan arazoren bat izanez gero, jarri harremanetan erabiltzaileentzako (edo erakundeentzako) Arreta Zentroarekin, telefono honetara deituta: 945 01 68 38.
Prozedura hauetan sortzen diren espediente guztiak kontsultatzeko, sartu hemen:
«Nire karpeta»: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena.
Entitate eskatzaileak, edozein dirulaguntza eskatu aurretik, egiaztatu beharko du prestakuntza emateko eskakizunak betetzen dituela, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuko 5. artikuluaren eta hurrengoen arabera.
Entitate eskatzailea ez badago akreditatuta, edo akreditatua izateko baldintzak aldatu baditu, akreditazio-eskaera egin beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa), prozedura hau baliatuta:
Prozedura elektronikoa: prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena (1012406): https://www.euskadi.eus/baimena/oinarrizko-prestakuntza-prebentzio-ordezkariak/web01-tramite/eu/
Egiaztapena jakinarazita, lehen aldiz egiaztatutako entitateak aukera izango du kasuan kasuko ikastaroak emateko, eta, haiek eman ondoren, aukera izango du ebazpen honen xede den dirulaguntza eskatzeko.
Dirulaguntza eskatzeko prozedura mota.
Eskabidea aurkezteko prozedura elektronikoa baino ez da izango. Eskaera aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo behar duzu (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa), dagokion izapidean (ikus izapideen katalogoa):
Arlo normatiboa: prebentzio-ordezkarientzat arlo normatiboan oinarrizko mailako prestakuntza-ikastaroak egiteagatik dirulaguntza jasotzeko, eskaera Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren prozedura honetan egin behar da, eskatutako dokumentazioa erantsita (III. eranskina eta VIII. eranskina, ikasgela birtuala erabiltzen bada):
Prozedura elektronikoa: Prebentzio-ordezkariei arlo normatiboan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207807
Arlo teknikoa: prebentzio-ordezkarientzat arlo teknikoan oinarrizko prestakuntza-ikastaroak egiteagatik dirulaguntza jasotzeko, eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren prozedura elektroniko honetan egin behar da, eskatutako dokumentazioa erantsita (III. eranskina eta VIII. eranskina, ikasgela birtuala erabiltzen bada):
Prozedura elektronikoa: Prebentzio-ordezkariei arlo teknikoan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207808
Eskabidea betetzeko jarraibideak.
Eskabidea betetzerakoan, ezinbestekoa da entitatearen edo enpresaren sinadura-txartela edo ziurtagiri elektronikoa izatea. Gogoan izan zure entitatearen edo antolakundearen izenean diharduzula.
Identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoei buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Ahalordetzeen erregistro elektroniko orokorra: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Entitateko titularraren datuak betetzeko jarraibide guztiak aurkituko dituzu eskabidean. Dagokion ziurtagiri elektronikoarekin edo txartelarekin konektatu ostean, eskabidean azalduko da zer dela-eta diharduzun. Zerrenda zabalgarrian, hautatu behar duzu zein ordezkatzen duzun; entitate edo enpresa batean baino gehiagotan jardunez gero edo ziurtagiri elektroniko bat baino gehiago baduzu, ordezkaritza edo ahalordetze zuzena hautatu behar duzu.
Tramitazioaren pausoren batean arazoak izanez gero, deitu 945 01 68 38 telefonora.
Eskabidean, besteak beste, kontzeptu hauek azalduko dira:
Eskatzailea: hartzailetzat jotakoak izango dira; normalean, IFKa duten pertsona juridikoak.
Organo instrukzio-egilea: Osalaneko Zuzendaritza Nagusia da; horregatik, ez da beste erregistrorik edo izenik sartu behar.
Espedientean interesdun gisa dihardut: eskatzaile gehienek aukera hau hautatu beharko dute eskabidean, dagokien entitate juridikoaren langile gisa dihardute eta.
Norbait ordezkatuz dihardut: baldin eta eskatzailearen langileak Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Elektronikoan erregistratuta badaude pertsona juridiko baten edo entitate baten langile gisa; kasu horretan, eskatzaileak bere identifikazio elektronikorako bitartekoak erabili ahal izango ditu, lan egiten duen entitatearen izenean. Horrelakoetan, gainera, langileak bere entitatearen ordezkari gisa jardun dezake, eta entitatea espedientearen titular gisa agertuko da. Entitateko langile gisa izena emanda dauden langileek aukera izango dute entitatearen jakinarazpenak eta espedientearen xehetasuna ikusteko, eta, gainera, agiriak onetsi ahal izango dituzte, euren identifikazio elektronikorako bitartekoarekin (Nire karpeta aplikazioaren bidez).
Erantzukizunpeko adierazpenak.
Entitate eskatzaileak, bere erantzukizunpean, eskakizun batzuk betetzen dituela egiaztatu behar du, erantzukizunpeko adierazpenen bidez, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta aplikagarria den gainerako legedian agindutakoari jarraikiz.
Hala, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren arabera:
Erantzukizunpeko adierazpena da interesdunak sinatutako dokumentu bat zeinean adierazten baitu, bere erantzukizunaren pean, betetzen dituela indarrean den araudiak eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura baliatzeko ezarritako betekizunak, baduela hori egiaztatzen duen dokumentazioa, Administrazioaren esku jarriko duela hark hala eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko aitorpen edo baliatze horri dagokion denbora guztian. Eta administrazioek noiznahi eskatu ahal izango dute aipatutako betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa emateko, eta interesdunak eman egin beharko du.
Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. Halaber, administrazio publikoak halako zerbait gertatu dela adierazten dueneko ebazpenak xedatu ahal izango du interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa leheneratzera eskubidea aitortu edo baliatu edo jarduera hasi aurreko unera, eta ezinezkoa dela xede bereko beste prozedura bat hastea legeak zehaztutako epe batean; hori guztia, aplikatzekoak diren arau sektorialetan ezarritako moduan.
Horrenbestez, entitate eskatzaileak bere erantzukizunpean adierazten du:
Deialdian eta indarreko arauetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela.
Egia direla eskaera honetan eta aurkezpen- eta justifikazio-fasean gehitu zaizkion dokumentuetako datuak.
Badaukala akreditatzen duen dokumentazioa, eta Administrazioaren eskura jarriko duela eskatzen zaionean.
Ez duela jaso inolako zehapenik, ez penalik eta ez administratiborik, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dionik; bereziki, sexu-diskriminazioaren ondorioz gertatuak.
Egunean dituela Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean jasotako betebeharrak, hain zuzen arlo hauetakoak: prebentzio-antolamenduaren eredua, arriskuen ebaluazioa, prebentzio-jardueraren plangintza eta, kasua bada, prebentzio-sistemaren auditoretza.
Konpromisoa hartzen duela ezarritako betebeharrak betetzen jarraitzeko eskubidearen aitorpenari atxikitako denboran zehar.
Ez dela dirulaguntza edo laguntzarik jasotzen ari, xede eta helburu bererako, ez administrazio publikoetatik ez entitate pribatuetatik.
Espresuki uko egitea.
Administrazioak ofizioz kontsultatuko du ea entitate eskatzaileak egunean dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Entitate eskatzaileak uko egiten badio ofiziozko egiaztatze horri edo organo instrukzio-egileak zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen kontsultatzeari (berariazko ukapen hori 39/2015 Legearen 28. artikuluan jasotzen da), berak erantsi beharko ditu betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko agiriak. Hori dela eta, ofiziozko kontsulta horien aurka agertzeko, berariaz uko egiten diola dioen laukitxoa markatu beharko du, eta beharrezko diren agiriak erantsi, betebehar horiek egunean dituela egiaztatzeko (horretarako, atal horretako «Gehitu agiriak» botoia erabil daiteke, aukera ematen baitu espedientera batu nahi diren agirien kopiak gehitzeko).
Eskabidea sinatzea eta bidaltzea.
Azkenik, entitate eskatzaileak elektronikoki sinatuko du eskabidea, eta bidali egingo du. Eskabidea aurkeztu duela dioen erregistro telematikoa jasoko du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak elektronikoki sinatua.
Erregistro-dokumentuan, hauek agertuko dira: erregistroaren datuak (erregistro-zenbakia, erregistro-eguna eta aurkeztu den eguna), interesdun eskatzailearen datuak, helmuga, gaia eta erantsitako dokumentuen zerrenda.
Geroago, dirulaguntza eskatu duten entitateek ebazpenean zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, prestakuntza-ekintza amaitu eta 15 eguneko epean, gehienez ere.