Osalanek ?Zenbait arrisku ikusgai daude, eta ikusgai ez daudenak, ordea?? kanpaina abiarazi du laneko arrisku psikosozialen inguruan sentsibilizatzeko

Argitalpen-data: 

Ekimena Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Astearen harira aurkeztu da gaur, eta laneko ongizatean eragina duten arrisku psikosozialak eta lan-baldintzak nabarmendu nahi ditu. PrebenClick tresna interaktiboa estreinatu da, prebentzioa herritarrengana hurbiltzeko.

2026ko urriaren kanpainaren aurkezpena

Osalaneko zuzendari nagusiak, Lourdes Íscarrek, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Astea dela eta erakundeak garatu duen sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu du gaur. Ekimen hori arrisku psikosozialen identifikazioan eta prebentzioan oinarritzen da, "Zenbait arrisku ikusgai daude, eta ikusgai ez daudenak, ordea?" lelopean.

Íscarrek azpimarratu du laneko arriskuen prebentzioak aurrerapen handiak lortu dituela azken hamarkadotan, arrisku fisiko agerikoenak identifikatu eta kontrolatu direlako. Hala ere, adierazi du lan-munduaren bilakaerak behartu egiten duela hain agerikoak ez diren baina langileen osasunean, ongizatean eta bizi-kalitatean zuzeneko eragina duten beste faktore batzuei gero eta arreta handiagoa ematera. Lanaren antolamenduak, lan-kargak, komunikazioak, autonomiak edo lan-harremanek eragin erabakigarria izan dezakete langilen ongizatean.

Osalaneko zuzendari nagusiak berretsi du prebentzio eraginkorrak arrisku horiek sorrarazten dituzten kausetan eragin behar duela, eta ez ondorioetan bakarrik. Horregatik, lana nola antolatzen den, zereginak nola planifikatzen diren eta erakundeetan parte hartzeko eta laguntzeko zer mekanismo dauden aztertu behar dela defendatu du.

Kanpainak beti begi hutsez ikusten ez diren arriskuen berri eman nahi du eta gogorarazi prebentzioak lan-osasunean eragina izan dezaketen faktore guztiak hartu behar dituela kontuan. "Zenbait arrisku ikusgai daude, eta ikusgai ez daudenak, ordea?" mezu nagusiaren azpian, ekimenak funtsezko bigarren ideia dauka osagarri: "Prebentzioak arrisku guztiak, ikusgai ez daudenak ere, antzematea, ebaluatzea eta kudeatzea du helburu".

Berritasun gisa, Osalanek PrebenClick ere aurkeztu du, herritar guztientzako tresna interaktiboa. Arrisku psikosozialekin lotutako galderetan eta egoeretan oinarritutako jokoaren bidez, aplikazioak aukera emango du lan-ingurunean dauden errealitateei buruz hausnartzeko eta maiz oharkabean igarotzen diren arrisku-faktoreak identifikatzen ikasteko.

Kanpaina honen bidez, Osalanek gogoeta kolektiboa bultzatu nahi du, arrisku psikosozialak prebentzioaren kudeaketan txertatzea erabat garrantzitsua dela adierazteko eta pertsonen osasuna eta ongizatea erakundeen erdigunean jarriko dituen prebentzioaren kulturarantz aurrera egiteko. Zuzendari nagusiak adierazi duenez, arriskuak identifikatzea da arriskuak prebenitzeko eta lan-ingurune seguruagoak, osasungarriagoak eta iraunkorragoak eraikitzeko lehen urratsa.