Atzoko jardunaldian, Bizkaiko Batzar Nagusietan ospatua, Lourdes Íscarrek adierazi zuen oraindik ere desberdintasunak daudela emakumeen eta gizonen artean lan-munduan, eta eragin zuzena dutela laneko segurtasunean eta osasunean. Enpleguaren segregazio horizontalak eta bertikalak, lan prekarizatuetan emakume gehiago egoteak, soldata-arrailak edo ordaindu gabeko lan-gainkargak, besteak beste, lanaren ondoriozko arriskuak eta kalteak baldintzatzen dituzte.
Testuinguru horretan, zuzendari nagusiak Osalan laneko arriskuen prebentzioan genero-ikuspegia modu eraginkorrean txertatzeko egiten ari den lanen berri eman zuen. Horretarako, Osalanek genero-taldea du, berdintasun-teknikariak eta erakundeko beste teknikari batzuek osatua, eta, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazioa eta lan-arriskuen prebentzioa sustatzeko beharrezko ekintzak gauzatzen dituzte. Ekintza horien artean, honako hauek aipatu zituen: sexuaren arabera bereizitako datuen azterketa sistematikoa, azterlan espezifikoak egitea, beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, hala nola Emakunderekin, Lan Ikuskaritzarekin eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalarekin, bai eta enpresei eta langile teknikoei zuzendutako tresna teknikoen prestakuntza-, sentsibilizazio- eta garapen-ekintzak ere. Horrez gain, online ikastaro bat diseinatu da integrazio-lan hori errazteko, laster Osalanen webgunearen bidez sarbide publikoa izango duena.
"Prebentzioan genero-ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da lan seguruagoa, osasungarriagoa eta berdintasun-baldintzetan egiteko", esan zuen Lourdes Íscarrek.
