UGT Euskadiren Bilboko egoitzan "Generoa eta adina: prebentzio eraginkorrerako gakoak" jardunaldi teknikoa egin zen joan den azaroaren 12an. Topaketa horretan laneko osasunaren, arriskuen prebentzioaren eta lan-ikuskaritzaren arloko profesionalak bildu ziren, genero-ikuspegia eta adina prebentzioaren kudeaketan modu eraginkorrean nola txertatu aztertzeko.
Osalaneko Laneko Osasuneko mediku María Jesús Martínek parte hartu zuen jardunaldian, prebentzio inklusiboago baterantz aurrera egitearen garrantziari buruzko hitzaldi batekin, genero- eta adin-ikuspegiak batera integratuz. Bere hitzaldian azaldu zuenez, bi aldagaiek eragina dute lan-arriskuekiko esposizioan eta lan-baldintzetan, eta, beraz, funtsezkoa da haien arteko interakzioa aztertzea prebentzio-estrategia eraginkorragoak diseinatzeko eta genero-ikuspegia txertatzen duen adinaren kudeaketa garatzeko.
Bere azalpenean, prebentzio-ordezkariei gogorarazi zien oso garrantzitsua dela eskuragarri dauden informazio-tresnak erabiltzea, beren erakundeen prebentzio-errealitatea hobeto ezagutzeko. Horien artean, osasunaren zaintza kolektiboaren txostena nabarmendu zen. Dokumentu horrek osasunari eragindako kalteak jaso behar ditu, sexuaren eta adinaren arabera bereizita. Informazio horrek aukera ematen du desberdintasun edo arazo espezifiko posibleak detektatzeko, prebentzio-zerbitzuekin irtenbideak bilatzen laguntzeko eta, beharrezkoa denean, neurri zuzentzaileak ezartzeko eskatzeko.
Jardunaldian UGT Euskadiko, Lan Ikuskaritzako eta Iberdrolako ordezkariek ere parte hartu zuten, eta haien esku-hartzeei esker, ikuspegi sindikal, instituzional eta enpresarialetik, generoak eta adinak lan-arriskuen prebentzioan planteatzen dituzten erronkei heldu ahal izan zitzaien.
Esperientzien trukeak agerian utzi zuen langileen aniztasuna modu eraginkorrean txertatzen duten prebentzio-ereduetarantz aurrera egiteko beharra, kontuan hartuta aldagai horiek arriskuekiko esposizioa, lan-baldintzak eta horiek osasunean duten eragina nola baldintzatzen duten, bai eta gizarte-eragileen, administrazioen eta enpresen arteko lankidetza indartzeko beharra ere, lan-ingurune seguruagoak, osasungarriagoak eta inklusiboagoak bultzatzeko.
