Osalanek Emakunderekin lan egiten du lan-eremuan sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko prestakuntza espezializatuan

Argitalpen-data: 

Emakunderen Berdintasunerako Eskolaren ikastaro aurreratu berri batean, laneko sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzioa eta jarduera lantzen dira, Osalanen laguntzarekin, prebentzio-kudeaketako moduluan

Osalanek Emakunderekin lan egiten du lan-eremuan sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko prestakuntza espezializatuan

Emakunderen mendeko Emakunderen Berdintasunerako Eskolak (EBE) "Sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena lan-eremuan" ikastaro aurreratuaren lehen edizioa jarri du abian. Ikastaro hori berdintasunerako erakunde laguntzaileen isilpeko aholkularitzei eta Emakundek homologatutako aholkularitzei zuzendutako prestakuntza-ekimena da. Programa 2026ko azaroaren 2tik abenduaren 28ra bitartean garatuko da, eta 75 orduko prestakuntza egiaztatua eskaintzen du gaztelaniaz.

Ikastaroak sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena jorratzen ditu genero-ikuspegitik, eta botere-harremanak, egiturazko desberdintasunak eta egoera horiek errazten dituzten antolamendu-faktoreak aztertzen ditu. Gainera, egoera horiei aurrea hartzeko eta aurre egiteko tresnak eskaintzen ditu, erantzun egokia bermatuz eta errepika ez daitezen neurriak garatuz.

Prestakuntza-helburu nagusien artean daude lan-esparruko jazarpenaren adierazpenak ulertzea eta identifikatzea, antolaketa-kulturarekin eta lan-baldintzekin lotutako prebentzio-estrategiak ezagutzea, eta jarduteko protokoloak aplikatzeko eta salaketak behar bezala kudeatzeko gaitasunak eskuratzea, inplikatutako pertsona guztien eskubideen babesa bermatuz.

Prestakuntza hiru modulutan egituratzen da. Lehenengoak jazarpena, botere-harremanak eta desberdintasuna aztertzen ditu, erakunde-kulturaren ikuspegi feminista eta eraldatzailea oinarri hartuta. Testuinguru horretan, Osalanek bigarren modulua egiten lagundu du, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren prebentzio-kudeaketari buruzkoa. Parte-hartze horri esker, laneko arriskuen prebentzioaren ikuspegia txerta daiteke jokabide horiei ekitean, jazarpen-egoerak gertatu aurretik jardutearen garrantzia indartuz, arrisku-faktoreak identifikatuz, lan-baldintzak hobetuz eta lan-ingurune seguruak, osasungarriak eta berdintasunezkoak bultzatuz. Hirugarren moduluak sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurrean jarduteko protokoloak jorratzen ditu.

Emakunderen eta Osalanen arteko lankidetza bi erakundeek indarkeriarik eta diskriminaziorik gabeko lan-inguruneak sustatzeko duten konpromiso partekatuaren adierazgarri da, eta, bertan, berdintasuna kontuan hartu beharra dago prebentzioaren kudeaketan eta erakundeen kulturan.