Tailerra: adimen artifizialdun tresnak, laneko osasunari aplikatuak

Joan den otsailaren 20an, “Adimen Artifizialeko Tresnak, laneko osasunari aplikatuak” tailerra egin zen, , prebentzio-zerbitzuetako osasun-langileei zuzendutako tailerren barruan. Osalanek, Laneko Medikuntzaren Euskal Elkarteak eta Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak antolatu zuten, tailerrean ia 200 pertsonak hartu dute parte, aurrez aurreko eta online modalitateetan. 

Lan-osasunaren eremuan adimen artifizialeko teknika eta tresna aurreratuak aplikatzera bideratu zen tailerra, eta, bertan, edukiak sortzeko plataformak, datuen analisia eta laneko produktibitatea aztertu ziren, laneko arriskuak identifikatu eta prebenitzeko, lan-inguruneko segurtasuna hobetzeko eta langileen osasuna sustatzeko. Horrek guztiak helburu du parte-hartzaileek ezagutzak eskuratzea eguneroko lanean AAko hainbat tresna mota erabiltzen hasteko.

Jose Mª Cepedak eman zion hasiera programari, osasun-gaitasun digitalak deskribatuz. Miguel de Cervantes Europako Unibertsitateko Osasuneko Gaitasun Digitalen Masterraren zuzendariak ohartarazi zuenez, eskuarki gaitasun digitalekin lotzen duguna, hau da, tresna digital berriak erabiltzeko gaitasuna, zerbait zehatza balitz bezala, ideia okerra da; izan ere, pertsona guztien osasuna hobetzen laguntzeko gaitasun eta trebetasun berriak garatzen lagun dezakeen oro da, egungo bitartekoak erabiliz, informazio-kanalen bidez, edukiak bilatuz, sare profesionalen bidez edo edukiak argitaratuz.

Bestalde, Carlos Valdespinak, SalusPlayko eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Osasun Zaintzako Ikerketa Masterraren Fundatzaile eta CEOak, lanean egunerokotasuna nola alda daitekeen erakutsi zuen, Adimen Artifiziala erabiltzen duten hainbat tresnaren laguntzaz. Gida tekniko bat laburtzeko eta haren alderdirik garrantzitsuenak nabarmentzeko eska dakioke, edo bilaketa bibliografiko bat egiteko edo prestakuntza-enpresaren barruko kanpainetarako irudiak sortzeko, sustapenekoak, lan-giro osasungarriak... Gainera, Valdespinak nabarmendu zuen AAk erraztu egin dezakeela zaintza kolektiboan nahiz langileen zaintza indibidualean lortutako datuen analisia, laneko gaixotasunen memoriak edo ikerketak egitea, eta ondorioztatu zuen AA lan egiteko modu berri bat ahalbidetzen ari dela.