Genero-ikuspegia laneko segurtasunaren eta osasunaren eremuan txertatzea sustatuko dute Euskal administrazio publikoek

MARTXOAK 8, EMAKUMEAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Joan den ostegunean, martxoaren 3an, EAEko Berdintasunari buruzko Legearen 2. aldaketa onartu zen. Osalanentzat gai garrantzitsuenetako bat da, lehen aldiz, artikulu bat duela, 43. artikulua, laneko segurtasunari eta osasunari buruzkoa.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 43. artikuluak horrelaxe esaten du:


"43. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

1. Autonomia Erkidegoko Administrazioak laneko osasunaren eta segurtasunaren arloan generoikuspegia txertatzea sustatuko du. Horretarako:


a) Sexuaren aldagaia eta beste aldagai batzuk hartuko ditu kontuan generoaren analisia egin ahal izateko, bai datuak bildu eta tratatzeko sistemetan, bai laneko arriskuak prebenitzearen arloko azterlan eta ikerketetan.

b) Lan-arriskuen prebentzioan diharduten gizarte-eragile eta kolektiboentzat, sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak bultzatuko ditu, laneko segurtasun eta osasunaren arloan genero-ikuspegia sartzeari buruz.

c) Segurtasun- eta osasun-politikak, -estrategiak eta -programak diseinatzean, kontuan hartuko ditu emakumeen behar espezifikoak, ezaugarri anatomiko, fisiologiko eta psikosozialekin zerikusia dutenak, eta behar bezala lantzeko beharrezko neurriak ezarriko ditu.

2. Euskal administrazio publikoek, laneko osasuna babestu, sustatu eta hobetzerakoan, sexujazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena hartuko dute kontuan.

Artikulu hori Legean sartzeak adierazten du gizonek eta emakumeek baldintza eta posizio sozial eta ekonomiko diferentzialak dituztela lanari dagokionez, eta, gainera, desberdintasunak eta diskriminazioak gertatzen direla lan-merkatuan (hala nola prekarietatea, soldata-arrakala, sexu-jazarpena eta jazarpen sexista lanean, eta abar), eta horiek neurriz kanpo eragiten dietela emakumeei.


Beraz, beharrezkoa zen diferentzia eta desberdintasun horiek ikusaraztea, emakumeek eta gizonek arrisku desberdinak izan ditzaketela edo arrisku berberek beste modu batean eragin diezaieketela ulertzeko, eta, hortaz, laneko osasun-arazo desberdinak ere eragin ditzaketela ulertzeko. Hori dela eta, arriskuen prebentzioa desberdintasun horiek kontuan hartuta eta pertsona guztiei babes-maila bera bermatuz bideratu behar da, hori jasotzen baitu 43. artikuluak.


Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sustatzen ari den bide horretan, aipatzekoa da Osalan 2018-2021 aldirako Berdintasunerako I. Plana ebaluatzeko prozesuan dagoela, eta 2022-2024 aldirako Berdintasunerako II. Plana prestatzen ari dela, onartu berri den 2021-2026 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiaren esparruan, eta horretan, genero-ikuspegia txertatzeko ahalegin handia egiten ari da.