Zein dira nire eskubideak eta betebeharrak?
Eskubideak
Oro har, eta Laneko Arriskuen Prebentzioko Legearen 14. artikuluaren arabera, laneko arriskuen aurka babestuta egoteko eskubidea dut. Hortaz, enpresaburuak bere zerbitzura diharduten langileen segurtasuna eta osasuna bermatu beharko du, lanarekin zerikusia duten alderdi guztietan eta laneko segurtasun eta osasunari buruzko neurrien kostua ez da geratu behar inola ere langileen gain.
Gainera, eskubidea dut:
- Bai enpresari bere osotasunean bai lanpostu- edo funtzio-mota bakoitzari eragiten dioten segurtasun eta osasunerako arriskuez, arrisku horiei aplika dakizkiekeen babes- eta prebentzio-neurri eta -jarduerez eta hartutako larrialdi-neurriez informazioa jasotzeko (LAPLaren 18. artikulua).
- Enpresan laneko segurtasun eta osasunari eragiten dieten gai guztien esparruan kontsultatua izateko eta parte hartzeko (LAPLaren 18. artikulua).
- Prebentzioaren arloan prestakuntza jasotzeko (LAPLaren 19. artikulua).
- Nire jarduna eten eta lantokia abandonatzeko, arrisku larria edo berehalakoa dagoenean (LAPLaren 21. artikulua).
- Niri osasunaren zaintza eskaintzeko, kontuan hartuta langileok esposiziopean gauzkaten arriskuetarako berariazkoa izan behar duela eta borondatezkoa dela (LAPLaren 22. artikulua).
- Bereziki sentikortzat jotzen diren langileek, haurdunek, adingabeek eta aldi baterako lanaren enpresetako langileek babesa bermatuta izateko (25, 26, 27 eta 28. art.).
- Parte hartzeko eta ordezkaria izateko (LAPLaren 34. artikulua).
- Enpresak hartzen dituen neurriak laneko segurtasun eta osasuna bermatzeko nahikoa ez direla uste badut Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzara jotzeko. (LAPLaren 40. artikulua).
- Lantalde egokiak eta egokituak izateko eta enpresaburuak NBE egokiak emateko (17. art.).
- Nire lan-ingurunean ahal den arrisku guztiak saihesteko eta saihetsezinak direnak zuzen ebaluatuta egoteko. Lana pertsonari egokituta egotea, lanpostuaren kontzepzioari dagokionez… (15. art.).
Eginbeharrak
Oro har, eta Laneko Arriskuen Prebentzioko Legearen (LAPL) 29. artikuluaren arabera, neure segurtasun propioa eta nire jarduera profesionalak eragin diezaiekeen beste pertsonena jagon behar dut, nire prestakuntza eta enpresaburuaren jarraibideak kontuan hartuta.
Bereziki (nire prestakuntza eta enpresaburuaren jarraibideak kontuan hartuta) behartuta nago:
- Makinak, aparatuak, tresnak, gai arriskutsuak, garraiagailuak eta, oro har, geure jarduera egiteko erabiltzen ditugun baliabide guztiak ondo erabiltzera (LAPLaren 29.2.1 artikulua).
- Ematen zaizkidan babesak eta babesgarriak egoki eta jaso ditudan jarraibideen arabera erabiltzera (LAPLaren 29.2.2 artikulua).
- Dauden segurtasun-baliabideak edo nire jarduerarekin zerikusia duten lekuetan edo nire jarduna egiten dudan lantokietan instalatzen direnak funtzionamendu gabe ez uztera eta zuzen erabiltzera (29.2.3 artikulua).
- Nire iritziz, zentzuzko arrazoiak kontuan hartuta, langileen segurtasun eta osasunerako arriskutsua den egoera oro berehala jakinaraztera (29.2.4 artikulua).
- Lanean langileen segurtasun eta osasuna babeste aldera, eskumena duen agintaritzak ezartzen dituen eginbeharrak betetzen laguntzera
- Enpresaburuak lan-baldintza seguruak bermatu ahal ditzan, berarekin elkarlanean aritzera.
- Aurreko ataletan aipatzen diren arriskuen prebentzioari buruzko nire eginbeharrak ez betetzea Langileen Estatutuaren 58.1 artikuluan jasotzen diren ondorioetarako laneko ez-betetzetzat hartuko da, edo faltatzat, […](LAPLaren 29.3 artikulua).