Saihestu dezagun gaur biharko laneko minbizia

Barakaldo, 2022ko martxoaren 9a.- Gaur goizean, Bilboko Bizkaia Aretoan, " Saihestu dezagun gaur biharko laneko minbizia" jardunaldia egin da, IMQ Prebentzioak antolatuta. Osalanek parte hartu du, zuzendari nagusiaren eta Asuncion Muruaga Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Laneko Minbiziaren Proiektuaren koordinatzailearen bitartez.

Jardunaldia IMQ Prebentziorako zuzendari gerentea den Jesús Dalmauk aurkeztu du, eta, ondoren, Lourdes Iscarrek hitz egin du. Nabarmendu duenez, arriskuen prebentzioa sustatzeko OSALANek garatzen dituen ekimenen artean, amiantoarekiko esposizioaren prebentzio-kanpainak eta silize kristalinorekiko esposizioaren prebentzioak nabarmentzen dira, eta, horiek, beste askoren artean, hainbat alderdiri buruzko jarduerako gidaliburuak eta protokoloak eragin dituzte: soldadura-keak, tindategiak, estirenoarekiko esposizioa, irin-hautsarekiko esposizioa, plagiziden aplikazioa, agente anestesikoak, karbono monoxidoa edo gune konfinatuetako segurtasuna. Horiek guztiak eskuragarri daude Osalan webgunean.

Horrez gain, Lourdes Íscarrek azaldu duenez, Osalanen Laneko Minbiziaren Prebentzio Programaren oinarriak honako hauek dira: gaixotasun profesionalaren susmoa (informazio-sistemak), lehen mailako osasun-laguntza espezializatuaren eta prebentzio-zerbitzuen arteko koordinazioa, substantzien eraginpean dauden langileen kontrola, amiantoa kentzeko plan egokiak eta amiantoa geolokalizatzeko udalei eskaintzen zaizkien ikastaroak.


Asunción Muruaga, Osalanen laneko medikua

Era berean, prebentzioaren arloan, informazio-sistemak ezinbesteko tresna direla nabarmendu du. Adibidez, datuen gutxieneko multzoak (DGM-lan-osasuneko osasun-informazioko sistema), zeinean prebentzio-zerbitzuetako osasun-zerbitzuek, Osakidetzako eta Osalaneko lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko zerbitzuek parte hartzen baitute, sortzen duen informazioaren eta dagokion analisiaren bidez, lan-baldintzak hobetzeko eta eraginpean egon daitezkeen pertsonen bilakaeraren jarraipena egiteko beharrezko neurriak hartzen lagundu nahi du.


Bestalde, laneko mediku Asunción Muruagak esan du kalkulatzen dela minbizi guztien % 5 inguru lan-bizitzan kantzerigenoen eraginpean egoteagatik gertatzen dela, eta industriako langileen minbizi guztien % 30 eta % 40 bitartean beren lanak eragiten dituela, eta, arriskua kudeatzeko neurri egokiak ezartzen ez badira, gaixotasun profesionalak eragin daitezkeela patologia akutu edo kronikoen bidez.


Gaixotasun larriak dira, eta, zentzu horretan, Osalanen kezka nagusia da osasun-zaintza espezifiko egokia egin behar zaiela beren bizitza profesionalean amiantoaren eraginpean egon diren pertsonei edo, gaur egun, amiantoa duten materialak kentzeko lanetan izan daitezkeenei.


Azkenik, Lourdes Íscarrek azpimarratu du argi eta garbi frogatuta dagoela arriskuaren ebaluazioa, horren ondorioz prebentzio-neurriak hartzea eta horien jarraipena egitea eraginkorra dela egiaztatzeko, baliogarria dela oso eta lan-arriskuen prebentzioan lan egiteko modua ere badela.