Mobbing edo laneko jazarpena prebenitzea

Laneko arrisku bat da eta enpresariak neurriak hartzera behartuta daude sahiesteko

  

 

Zenbait azterlanen arabera, Espainian, langileen %10-15 inguruk ‘mobbing’ edo jazarpen morala jasaten dute. Lan-istripua konsideratuko da frogatzen bada jatorri hori daukala eta laneko arriskuen planetan aurreikusita egon behar du. Bere salaketa, lehenengo, enpresa barruan egin behar da eta enpresa beharrezko neurriak hartzera behartuta dago. Ez baditu hartzen, Lan Ikuskaritzaren esku-hartzea eska daiteke. Halaber, auzibidera joateko aukera ere dago.

‘Mobbing’ terminoa, laneko zirikatzea edo jazarpen psikologikoa bezala itzuli daiteke. H. Leymannek, psikologiako eta psikiatriako doktoreak, honela definitu zuen: lantokian pertsona edo talde batek, beste pertsona batengan edo batzuengan indarkeria psikologiko izugarria modu sistematikoan (astean behin gutxienez) eta denbora luzean (sei hilabete baino gehiago) eragiten duen portaera.

 Jazarpen egoerak modu ezberdinetan eta jarrera eta portaera ezberdinen bidez ager daitezke. Leymanek 45 aurkako portaera bereizten ditu, honako kategoria hauetan bilduz: erreputazio edo duintasun pertsonalaren aurkako ekintzak, lan-jardutearen aurkako ekintzak, komunikazioa edo informazioa manipulatzea eta zuzentasun gabeko egoerak, hala nola ezberdintasunak tratuan, lana bidegabez banatzea edo ordainketa-ezberdintasunak.

Hiru ‘mobbing’ mota daude. Ezohikoena, goranzkoa deritzona da: jerarki-mailan gorago dagoen langile batek bere menpeko baten edo batzuen erasoak jasaten dituenean. Ohikoena da, jerarki-mailan beherago dagoen langile batek jerarkikoki gorago dagoen pertsona baten edo batzuen erasoak jasaten dituenean. Azkenez, horizontala, maila bereko langileen artean gertatzen da.

 

Esku-hartzea ‘mobbing’ egonez gero

 

‘Mobbing’ delakoa laneko instripua kontsideratu daiteke, kontzeptu horren barruan, lan bat egitetik agertutako gaixotasunak daudelako, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 156.2 e) artikuluaren arabera. Hala ere, gaixotasun bat laneko istriputzat hartzeko, frogatuta geratu behar da horren sorburu bakarra, lan-giroa eta lan-baldintzak izan direla.

Enpresak beharrezko neurriak hartu beharko ditu jazarpen morala prebenitzeko. Betebehar hau, Laneko Arriskuak Prebenitzeko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 14, 16, 17, 22 eta 25 artikuluetan ezartzen da.

‘Mobbing’-a prebenitzeko eta lanean berdintasuna bermatzeko, erakundeek hartu beharreko lehen neurria, berdinatasun-plana egitea da, hori derrigorrezkoa baita 50 langile baino gehiagoko enpresetan.

‘Mobbing’-a, lehenik eta behin, enpresa bertan salatu behar da, beharrezkoak diren neurriak har ditzan. Horrela ez bada, Lan Ikuskaritzaren esku-hartzea eska daiteke.

Gainera, judizialki erreklamatzeko hiru bide ezberdin dago. Lan-bidea aukerarik onena da, langileak kontratua amaitu eta langabezia eta kaleratzeagatiko kalte-ordaina kobratu nahi baditu. Bide penala egokia da, jazarleak zigor bat jasotzea nahi badu. Zigor Kodearen 173.1 artikuluak, 6 hilabetetik 2 urtera bitarteko espetxe-zigorrak ezartzen ditu delitu mota horietarako. Kalte-galeren ordaina ere eska daiteke. Administrazio bidea, berriz, funtzionario publikoentzat bakarrik da.

Jazarpena frogatzea zeregin zailena da, ‘mobbing’ jasan duela salatzea erabakitzen duenarentzat. Horretarako, inportantea da ahalik eta proba gehien izatea, hala nola Whatsapp mezuak, SMS mezuak, irudiak, bideoak, posta elektronikoak, ahots-grabaketak eta salatutako jazoerak froga dezakeen beste edozein material.

Prozesu judizialean pisu handia daukan beste froga bat, adituaren txostena da; hau da; psikologo batek biktima aztertu ondoren, diagnostiko klinikoa ematen du. Galdeketak ere garrantzitsuak dira, eta horien artean, biktimaren eta akusatuaren adierazpenak eta lekukoen testigantzak daude.

Langileen Estatutuaren arabera, ‘mobbing’-en biktimek eskubidea daukate bidegabeko kaleratzeagatiko ordain-saria -33 egun lan egindako urte bakoitzeko- eta langabezia kobratzeko. Gainera, kalte-galeren ordaina ere eska dezakete. Kalte-ordainaren zenbatekoa, laneko jazarpenak iraun duenaren edo biktimarengan sortutako ondorioen larritasunaren araberakoa izango da.

Jasandako kalte-galerak bide penaletik ere erreklama daitezke, trafikoko baremoaren arabera, baina kasu horretan ez da jasotzen bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordainik. Horren truke, jazarleak 6 hilabetetik 2 urteraino doan kartzela-zigorra izan dezake.