Osalanek Laneko Segurtasun eta Osasuneko Profesionalen Kontseiluaren III. Kongresuan parte hartu du

 

Kontseiluak Osalani Laneko Segurtasun eta Osasunaren Meritu Profesionalaren Urrezko Domina ematea erabaki du

 

 

Kongresua Granadako Zientzien Parkean izango da, azaroaren 21ean eta 22an, eta honako gai hauek jorratuko ditu, besteak beste: laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko profesionalen profilaren eraketari buruzko ISO ziurtagiria; ziurtagiri hori beste herrialde batzuetan nola antolatzen den; laneko arriskuen prebentzioaren arloko eskualde- eta nazio-politikak; produktu kimiko arriskutsuen eta kantzerigenoen kudeaketari buruzko berrikuntzak edo legegintzako berrikuntzak.

Zehazki, Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusiak programaren bi ponentzia nagusitan parte hartuko du: alde batetik, lan-arriskuen prebentzioaren arloko arau-garapenari buruzkoa, eta, bestetik, lan-arriskuen prebentzioaren kudeaketan zahartzeak duen eraginari buruzkoa. Bertan, langileen zahartzeak lan-arriskuen sorrerarekin duen lotura eta haien esperientziatik erator daitezkeen aukerak aztertuko dira.

Ildo horretan, zuzendari nagusiak Osalanen jarrera defendatuko du, alegia, gero eta ugariagoa den kolektibo horren kapital intelektuala, zientifikoa eta giza kapitala aprobetxatzen lagunduko duten estrategiak garatu behar direla, aukera ekonomiko eta sozialen iturri izan baitaiteke zahartzearen kultura sortzea eta lan-ingurune pluralak eta belaunaldi anitzekoak sustatzea lortzen bada, ekonomikoki, intelektualki eta emozionalki produktiboak direla frogatuta baitago.

Bestalde, Osalaneko Dokumentazio Arloko arduradun Ruben Lamasek erakundearen argitaratze-jarduera azalduko du, bai eta laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan dokumentu-kudeaketan izandako jarduera ere.

Gainera, GPSSTko Ohoreen eta Konpentsazioen Batzordeak erabaki du Laneko Segurtasun eta Osasunaren Meritu Profesionalaren Urrezko Domina ematea Lan eta Justiziako sailburuari, Laneko sailburuordeari eta Osalaneko zuzendari nagusiari.

Kongresuko informazio gehiago (leiho berri batean irekitzen da)

2019ko azaroaren 19an Osalanek egindako prentsa oharra (pdf, 193 KB) (leiho berri batean irekitzen da)