Prebentzio-modalitateak

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legearen 14. artikuluak laneko arriskuen aurka babestuta egoteko eskubidea ezartzen du, eta enpresaburua da bere zerbitzuko langileen segurtasun eta osasuna lanarekin zerikusia duten alderdi guztietatik bermatu behar duena.

Horretarako, prebentzio-jarduera enpresan txertatuko du eta behar diren neurri guztiak hartuko ditu langileen segurtasun eta osasuna babesteko, laneko arriskuen prebentzioko legean hauetaz zehaztutakoaren arabera:

  • Laneko arriskuen prebentzio-planaz.
  • Arriskuen ebaluazioaz.
  • Langileen informazio, iritzi-eskaera eta parte-hartze eta prestakuntzaz.
  • Larrialdietan eta arrisku larri edo berehalakoa dagoen kasuetako jardueraz.
  • Osasunaren zaintzaz.

Prebentzio-jardueretarako baliabideen antolaketa Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren III. kapituluan araututa dago..

Enpresaburuak modalitate hauetako bat aukeratu ahal izango du:

  • Jarduera berak bere gain hartuta. Soilik 10 langile baino gutxiagoko enpresetan, lan arriskutsurik ez badute. Enpresaburuak bere lan profesionala lantokian egin beharko du ohituraz eta prebentzio-lanak egiteko gaitasuna izan beharko du.
  • Langile bat edo gehiago izendatuta lan hori egiteko. Soilik 500 langile baino gutxiagoko enpresetarako (250, lan arriskutsuak egiten badituzte). Prebentzio-lanak egiteko gaitasuna duten pertsonak izendatuko dira eta beren eginkizunak betetzeko baliabideak eta denbora emango zaizkie.
  • Prebentzio-zerbitzu propio (PZP) bat edo beste enpresa batzuekin mankomunatutako bat eratuta. Modalitate hau nahitaezkoa da 500 langile baino gehiagoko enpresetan (250, lan arriskutsuak egiten badituzte) edo Lan Agintaritzak erabakitzen badu jardueraren arriskugarritasuna edo ezbehar-tasaren maiztasuna/larritasuna kontuan hartuta.
  • Enpresaz kanpoko prebentzio-zerbitzu bat hartuta. Langileak izendatzea nahikoa ez bada edo enpresaburuak berak edo PZPak prebentzio-jarduera batzuk baino hartu ez baditu bere gain.