LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA,
ZURE ENPRESAREN OINARRIAN
Egunero, ekidin daitezkeen eta ekidin behar diren lan-istripuak gertatzen dira. Saihestea lortzeko, eragile guztien arteko lankidetza garatzea funtsezkoa da, bai eta enpresen eta lantokien kudeaketan laneko arriskuen prebentzioa txertatzea lortzea ere. Hori guztia, gainera, enpresa-sare iraunkor, moderno eta lehiakorra finkatzeko esparruan laneko arriskuaren prebentzioa enpresen baliotzat jo behar delako ideia izanik.
Laneko segurtasuna eta osasuna lortzea, laneko arriskuen prebentzioa sustatzea, azken batean nork bere lana osasungarria den eta norberaren ongizatea bultzatzen duen ingurunean garatzeko pertsona ororen eskubidea, jendarte guztiek jomugan izan beharreko xedeak dira.
Apirilak 28. Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunak
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunak, apirilaren 28an ospatzen denak, laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen prebentzioa sustatzen du mundu osoan. Sentsibilizazio-kanpaina honek bi helburu ditu: batetik, nazioarteko arreta arazoaren garrantzian jartzea, eta, bestetik, segurtasunaren eta osasunaren kultura sortzeak eta sustatzeak lanarekin lotutako heriotzen eta lesioen kopurua murrizten lagun dezakeela jabearaztera.
2003an, Lanaren Nazioarteko Erakundea (LANE) Nazioarteko Eguna ospatzen hasi zen, lantokian istripuak eta gaixotasunak prebenitu beharra nabarmenduta. 2022 honetan, haren mezuaren funtsa segurtasunaren eta osasunaren kultura positiboaren sorkuntzan parte-hartzeak eta gizarte-elkarrizketak duten garrantzia izan da.
Hala, lantokian LSO kultura sendoa baldin badago, bai zuzendaritzak bai langileek lan-ingurune seguru eta osasungarria izateko eskubidea balioesten eta sustatzen dute. LSO kultura positiboak inklusioa du oinarri, lantokiko segurtasun- eta osasun-baldintzak etengabe hobetzeko orduan alde guztiek modu esanguratsuan parte hartuz.
LSO kultura sendoa dagoen lantokian, langileak eroso sentitzen dira LSO arriskuan jar dezaketen bertako arriskuei buruzko kezkak adierazten, eta zuzendaritzak aktiboki laguntzen die irtenbide egokiak, eraginkorrak eta iraunkorrak topatzen. Horretarako, komunikazio irekia eta elkarrekiko konfiantzan eta errespetuan oinarritutako elkarrizketa ezarri beharra dago.