Joan edukira
euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus
Osalan

Faktore berriak

Aro berri batean bizi gara, eta mundu digitala gailentzen ari da

Bizitza pertsonalean, berehala eta etengabe gure ingurunearekin harremanetan egoteko aukera ematen digute teknologia eta gailu berriek. Eta, lan-bizitzan ere, teknologia horrek berak iraultza bat ekarri du. Orain, plataforma digitalek era askotara laguntzen digute; besteak beste, produktibitatea hobetuz, erosotasuna handituz, eta lana eta bizitza pertsonala hobeto uztartzeko aukera emanez.

Hala ere, egun nagusi diren lan egiteko modu horiek guztiek arrisku-faktore espezifiko berriak ere badakartzate. Eta, egoera honen aurrean, neurriak hartu, eta laneko arrisku guztien aurka borrokatu behar dugu.

 

Aro digitaleko laneko arriskuen aurrean hartu beharreko neurriak

Oro har, enpresek zenbait politika eta programa inplementatu behar dituzte, haien bidez segurtasuna, osasun mentala eta, halaber, ingurune digitalizatuetan lan egiten duten pertsonen produktibitatea sustatzeko, bai espazio tradizionaletan eta bai telelanak sorrarazitako espazio berrietan ere.

Era berean, herritarrak sentikortu eta kontzientziatu behar ditugu, lan egiteko modu berriek dakartzaten laneko arriskuak prebenitzearen garrantzia ezagut dezaten. Horretarako, komunikazio-kanpaina bat garatu dugu, haren bidez arazoak eta soluzioak azaltzen dituzten mezuak plazaratzeko

Azpimarratzekoak diren arazoen artean, langileek bizi duten hiperkonexioa dago; izan ere, oso erraza egiten zaie lana lantokitik kanpo eramatea, hala nola mugikorraren bidez. Erabat beharrezkoa da lanetik deskonektatzea gainerako guztiarekin konektatu ahal izateko.

Aro digitalean jasatea egokitu zaigun beste arazo bat bakartzea da; alegia, aurreko arazoaren kontrakoa dirudien egoera bat. Hura konpontzeko eta lankideekin kontaktua mantentzeko, eskuarki bideokonferentziak egitea eta egunero mezuak bidaltzea gomendatzen da; hori bai, lanorduen barruak soilik.

 

Sentikortze-kanpaina honetako protagonista diren mezuak

1 Telelana egiten dut, eta erakundearen parte sentitzen naiz. Bideokonferentziak sarri egitea eta egunero mezuak jasotzea lagungarria da harremanetan jarraitzeko.

2 Noizean behin, begiak pantailatik kendu eta urrunera begiratzen dut. Pantailen aurrean lan egiten denean, beharrezkoa da begiek atseden hartzea: 20 minutuan behin, begiratu urrunera eta hurbilera hainbat aldiz.

3 Makinekin lan egiteak ez nau makina bihurtzen. Pertsonaren lan-erritmoa haren ezaugarrietara egokitutako helburuen bidez zehazten da.

4 Lanetik deskonektatzen naiz, gainerakoarekin konektatzeko. Lan-ordutegi zehatzek bizitza pertsonalaz gozatzeko aukera ematen dute.

5 Aldizka atseden hartzen dut, eta produktiboa naiz. Ariketa fisikoak eta/edo begietakoak egiteko etenaldiak beharrezkoak dira errendimendu ona izateko.

6 Nire laneko jarrera berdina da telelana egiten dudan lekuan zein bulegoan.Telelana egiteko lekuko lanpostuaren baldintza ergonomikoek bulegoko berberak izan behar dute.

7 Errendimendu bera dut telelana egiten dudanean eta bulegoan. Epe jakin batean bete beharreko helburuak zehaztea funtsezkoa da edozein egoeratan egindako lana baloratzeko.

8 Etenaldi berak egiten ditut telelanean zein bulegoan. Telelana bulegoko lanaren antzera monitorizatu behar da.