EU-OSHAren txostena, agente biologikoek eragindako laneko gaixotasunen prebentzioari buruzkoa


“Agente biologikoak eta lanarekin zerikusia daukaten gaixotasunen prebentzioa: analisi bat” delakoa, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren Arriskuen Europako Behategiak (EU-OSHA) argitaratutako  250 orrialdeko txostena da.  Azterlan honek konpentsatzen du,  lantokian agente biologikoekiko esposizioa saihesteko eta horri lotutako osasun-arazoak antzemateko ikuspegi sistematikoa duten dokumentu instituzionalik ez egotea. 

Txostena, EU-OSHAk agindutako proiektuaren azken emaitza da. Proiektuaren helburua,   lantokian agente biologikoen eraginpean egoteak osasunean dauzkan ondorioak neurtzea zen. Bertan, bibliografia zientifikoaren berrikuspena, elkarrizketak adituekin, berariazko talde-saioak eta alderdi interesdunekin egindako tailer bat daude.  Proiektuaren emaitzen laburpena ere agertzen da, berrikuspenean zehaztutako gai garrantzitsuei buruzkoa,  hala nola interes-sektoreak, talde ahulak, arrisku berriak eta Europako herrialdeetan diharduten jarraipen-sistemak. 

Lantokietan aurkitu daitezkeen agente biologikoak, birusak, bakteriak, onddoak eta parasitoak dira. Guztiek osasun arazoak sortzeko ahalmena daukate, bai zuzenean, bai alergenoen edo eurekin zerikusia daukaten  toxinen bidez. Lan-baldintzei buruzko 2015eko Europako Inkestaren arabera, orain dela bost urte, gero eta langile kopuru handiagoa zegoen  (zehazki %13a, orain dela 10 urte baino 1,5 bider gehiago), agente infekziosoen eraginpean lan egiten. 

Lantokian agente biologikoen eraginpean egoteak,  patologia larriekin zerikusia izan dezake, adibidez,  gaixotasun infekziosoak, minbizia eta alergiak. Agente biologiko batzuek ere kalte egin diezaiekete  jaio gabeko haurrei. Sektore batzuetako langileek, hala nola osasuneko edo albaitaritzako zerbitzukoek,  nekazaritzakoek, hondakin-uren kudeaketakoek eta laborategikoek, arrisku handiagoa daukate. Pertsona horiek mikrobioekin zuzenean lan egin dezakete edo haien eraginpean egon; adibidez, gorputzeko fluidoen edo lurrarekiko kontaktuaren bidez. Agente biologiko batekiko esposizio-iturria zein den jakinez gero, nahiko erraza da osasunerako ondorio negatiboak prebenitzea. Askoz zailagoa da ordea,  iturri ezezagunekiko esposizioen arriskuak kontrolatzea. 

  

Ondorioak


EU-OSHAren 2019ko txostenaren abiapuntua da -gaur egungoa horretan oinarritzen da-, “ezin dela espero” bere garaian lantokian agente biologikoei buruzko 2000/54/EE Zuzentarauari aplikatutako ikuspuntu orokorrak esposizio-egoera posible guztiak aurreikustea. Txostenak dioenez,  “agente biologiko guztiak arrisku-mailaren arabera modu fidagarrian sailkatzeko, agente biologiko bakoitzaren arriskua aztertu eta ebaluatu beharko litzateke, baina hori ez da posible  agente biologiko guztien kasuan. 

Zuzentrarauan ezarritako neurriek arrisku orokor batekin zerikusia dute, eta aipatzen diren euste-jarduerak, batez ere, laborategiko lanari dagokie”. Beraz, “sektore batzuetan, agente biologikoekiko esposizioa ez dator bat euste-neurri horiekin, hala nola nekazaritzan, abeltzaintzan, animalien zaintzaile eta manipulatzaileetan, zoologikoetan eta bidaiariekin edo migratzaileekin bidaiatzea edo harremanak izatea eskatzen duten lanbideetan”.

Halaber, txostenak kontsideratzen du, zuzentaraua, batez ere,  mikroorganismoek eragindako gaixotasun infekziosoetan oinarritzen dela; EBko hainbat estatutan erabiltzen diren agente biologikoen definizioa, berriz, askoz zabalagoa da. Horregatik, zuzentaraua aplikatzean “agente biologikoen definizio zabalago bat kontuan hartzea” gomendatzen du.

Agente alergenikoen eta arnas eritasunen arteko harremanari dagokionez, txostenak dio oraindik asko dagoela egiteko, eta prebentzio-esparruak bermatu behar duela horri zalantzarik gabe ekingo zaiola ikerkuntzan,  zaintzan, erregistroan, legerian, ikuskaritzan eta prebentzioan”.  Gomendatzen du ere, zuzentarauan aipatzen diren zereginak zabaltzea.  

Azkenik, erakunde sektorialei eta lantokietako eragileei iradoki egiten die zuzentarauari atentzio handiagoa jartzeko eta agente biologikoekiko esposizioa prebenitzeko eta kontrolatzeko behar den orientazioa emateko.