Izen-emateak

JUAN IGNACIO GOIRIA. Bilboko Udaleko Prebentzio Zerbitzuko burua. Lan medikua

Prebentzio zerbitzuetako osasun pertsonalaren etengabeko prestakuntzari eta berregiaztapenari buruzko tailerra.

1. Mesedez, nahi genuke lerro batzuk erabiltzea zeure burua aurkezteko.

Lan Medikuntzako mediku espezialista naiz eta Prebentzio Zerbitzuetako Osasun Pertsonalarentzako Prestakuntza Aliantzan parte hartzen dut kide aktibo gisa Bilboko Medikuntza Zientzietako Akademiaren izenean, bertako lehendakaria naizelako, bai eta Lan Medikuntzako lehendakaritzako titularra ere, Osalanekin eta Lan Medikuntzako Euskal Erakundearekin elkarlanean.

2. Bilboko Udaleko Prebentzio Zerbitzuko burua zara, garrantzi handiko udal korporazio batean. Apur bat gehiago ezagutu nahi genuke nola antolatzen den jarduera, zeintzuk diren giza baliabideak, zein herritarri ematen zaion estaldura…

Bilboko Udalaren prebentzio eredua prebentzio zerbitzu mankomunatu bati dagokio, eta, beraz, udalari eta udal enpresei ematen die estaldura, gutxi gorabehera 3.000 pertsonari. Zerbitzuak estaldura ematen du prebentzio espezialitate guztietan: Osasunaren Zaintza, Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua, Segurtasuna eta Industri Higienea. Oinarrizko 3 Osasun Unitate (lan arloko 3 mediku eta 3 erizain), Kirol Medikuntzako Mediku Espezialista 1, Lan Medikuntzako Mediku Espezialista 1 (zuzendaritzako zereginak), 4 Prebentzio Teknikari 3 prebentzio espezialitateetan titulazioa dutenak, 2 Ikuskatzaile eta 4 administrari.

3. Bilboko Udalaren gisako erakunde batek era askotako arloak eta zerbitzuak ditu (udaltzaingoa, mantentze lanak, obrak, gizarte zerbitzuak, administrazio zerbitzuak, etab.). Beharrezkoa da prebentzio jarduketarik egitea bai arlo teknikoan bai arlo medikuan, lanpostu edo atal bakoitzaren arriskuak kontuan hartuz. Horiek horrela, zeintzuk dira Prebentzio Zerbitzuak gainditu beharreko zailtasunik handienak jarduketa zehatzak garatu ahal izateko?

Jarduerak askotarikoak diren arren, jarduketak aurrera eraman ohi dira arriskurik gehien dituztenetan. Horiek ez dira arrisku klasikoak izan behar; izan ere, gero eta sarriago azaltzen dira arrisku psikosozialak, eta horiek nekezago identifikatzen eta tratatzen dira.

Bestalde, udalaren antolakuntza egituraren eta udal enpresen dibertsitateak nahiko zailtzen dute gure lanaren antolakuntza eta Prebentzio Planaren ezarpena. Praktikan, 500 langiletik gorako enpresa ertain eta txikiei zerbitzua ematea bezalakoa da.

4. Zahartzea osasun sistemek, organizazioek eta antzekoek aurre egin behar dioten erronka da. Bilboko Udalarentzat ere hala da?

Gure langile zerrendako ezaugarri demografikoak ingurunean dugun errealitate soziala islatzen du; praktikan % 50-60 inguruk 50 urtetik gorako adina dute.

5. Berriki Jazarpen eta Diskriminazio Euskal Behatokiak eta Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailak honako liburua argitaratu dute: El envejecimiento de la población trabajadora. balance crítico de la situación y propuestas de mejora”. Bilboko Udaleko Prebentzio Zerbitzuak liburua idazteko lanean parte hartu du eta erakundeetan adina kudeatzeko benetako esperientzia bat da. Hitz egin diezagukezu PRL integratzeko ereduaz udaleko adinaren arabera?

“Adinerako Funtzioa” izeneko azterlana egin da, jarduketa polizialen datu estatistikoetan oinarrituz (100.000 erregistro); horietan osasunerako arrisku maila desberdinak dituzten zereginak multzokatzen dira eta zeregin horiek baloratu dira: zama fisiko, zama mental, gorputz zama eta zama neurosentsorialerako baldintzak; ordutegiak, egunak, asteak eta bestelako parametroak ere zehaztu dira, horiek predikzio azterlana egitea ahalbidetzen dutelako, azterketa metereologikoarekin egin den antzera.

Ondorioztatu ahal izan da egiten diren zereginik gehienek ez dakarkiotela arriskurik osasunari, adinarekin erlazionaturik. Horrek ahalbidetu du lan egutegia egokitzea, efektiboen banaketa zentzuzkoagoa egitea eta zereginak emateko esleipena adinaren arabera egituratzea.

6. Zure espezialitateari, Lan Medikuntzari, dagokionez, nolakoa da gaur egun Lan Medikuntzaren jarduna? Zeintzuk erronda dakarzkiote diziplina honi lan eszenatoki berriek, langileen zahartzeak, nanoteknologiak, fabrikazio eredu berriek eta antzekoek?

Une honetan, lanarekin zerikusia duten patologiak diagnostikatzeko eta identifikatzeko baliabideak hobetu diren arren, langileen ITa eragiten duten osasun datuak izateko zailtasunak ditugu, osasun zerbitzuekiko informazio eta koordinazio faltagatik; gainera, arriskuen ebaluazioan ez dira identifikatzen langileak benetan egiten dituenak. Horrek lanpostua egokitzeko dugun zeregina nabarmen zailtzen digu. Bestalde, lan arriskuen prebentzioa ez dago benetan integraturik gainerako prebentzio diziplinetan.

Espezialitatearen erronkak lan medikuaren zeregin handiagoan daude, lanpostuak diseinatzerakoan, bai antolakuntza aldetik bai ergonomia aldetik. Era berean, arrisku psikosozialen osasunaren zaintzari heldu behar zaio (balorazio psikologikoa). Gainera, zaintza kolektiboak benetan efektiboa izan beharko luke makrodatuen tratamenduak ahalbidetzeko eta horien bidez hobeto identifikatzeko zein prozesuk eragiten duten lan jatorriko patologien agerpenean; hala, prebentzio, antolakuntza eta prestakuntza neurri egokiak ezar genitzake.

7. Kongresuan etengabeko prestakuntzari eta berregiaztapenari buruzko tailerra zuzendu duzu prebentzio zerbitzuetako osasun pertsonalari zuzenduta. Zerbait gehiago esango diguzu mesedez tailerrean garatutako jarduerei buruz?

Tailerrean prebentzio zerbitzuetako osasun pertsonalaren etengabeko prestakuntzaren problematikari eta esperientziari helduko zaio, zenbait alderditan: batetik, zeharkako ezagutzen eta gaitasunen eguneraketa praxi medikoa zuzena izateko (patologiarik ohikoenak, diagnostiko baliabideak, tratamendua, etab.); bestetik, osasun pertsonalaren berregiaztapenaren gaia ere jorratuko da, prestakuntza curriculumaren bidez eta gaitasun psikofisikoen bidez (OMC antolamendua).

Oinarrizko Osasun Unitateetako osasun pertsonal laguntzailearen jarduketaren problematika, Lan Medikuntzako espezialisten gabeziagatik. Haren prestakuntza eta ikuskapena.

8. Azkenik, nahi genuke hitz batzuk esatea lan segurtasun eta osasuneko profesionalak eta erakundeak zure ponentziara gonbidatzeko, bai eta Osalaneko Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko IV. Kongresura ere.

Tailerrera etortzeko gomendioa honakoa da:

  1. Ikuspegi praktiko batetik funtsezko gaiei helduko zaie Lan Medikuntzan eta Erizaintzan jarduteko.
  2. Berregiaztapen profesionalari buruzko formulak eztabaidatuko dira, bikaintasun profesionala eskuratzeko lanabes eta prozedurarik egokienak aztertuz.
  3. Lan Medikuntzan dauden espezialisten defizitari buruzko gogoeta egingo da, bai eta egoerari konponbidea emateko formulei buruzkoa ere.
Euskadi, auzolana