'Gizarte-elkarrizketa beharrezkoa da laneko segurtasun eta osasunerako politika publikoak bultzatzeko'

ngel Lapuente Montoro, Osalaneko Kontseilu Nagusiko kidea da Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren izenean.

2020tik Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria da, eta lau hamarkadaz abokatutzan aritu da. Azken urteotan, Arabako Hiri Jabeen Elkarteko (2020) gerentea, Sancho El Sabio Fundazioaren (2019-2020) Patronatuko Batzorde Betearazleko lehendakaria, Vital Fundazioko patronoa (2019-2020) eta “Práxedes Ochoa” (2005-2008) Praktika Juridikoko Eskolako irakasle titularra izan da.

Osalaneko Kontseilu Nagusian parte hartzen duzunetik, zeintzuk dira, zure ustez, Institutuaren lan deigarrienak?

Osalaneko Kontseilu Nagusiko kide gisa hilabete gutxi daramadan arren,  etxeak egindako lanak eta aurrekoek, hau da,  Laneko Segurtasun eta Higieneko Kabineteek egindakoak ezagutzen ditut, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza onartu aurretik,  38 urtez abokatu laboralista izan naizelako. Garai horretan, gizarteak, oro har, eta lan-harremanek eta, bereziki, laneko segurtasun eta osasunaren arloko prebentzioaren beharrak eboluzionatu egin dute, eta, horiekin batera, Osalanek are gehiago hobetu du bere oinarrizko eginkizuna.

Baina galdera zehatzetik urrundu gabe, esan dezaket orain hobeto ezagutzen dudala gizarte-eragileen, sindikatuen eta enpresa-erakundeen inplikazioa -beharrezko gizarte-elkarrizketaren parte gisa-, laneko segurtasun eta osasunaren arloko politika publikoak bultzatzen dituzten proiektuak prestatzeko orduan. Eta hori nabarmendu nahiko nuke, uste dudalako jarduteko modu garrantzitsu horrek Administrazioaren jarduna aberastu, indartu eta gizatiartu egiten duelako.

Nola baloratzen duzu Osalaneko Kontseilu Nagusiaren jarduera osasun-krisi garai honetan? eta, zure ustez, Osalanek zer gairi ekin beharko dio laneko arriskuen prebentziorako politika bideratzeko?

Pandemiak gauetik goizera gizarte osoa behartu zuen funtzionamendu-baldintza berrietan jardutera. Kolektibo profesional askoren eta herritarren sufrimendua gutxietsi gabe, kolektibo batzuek beren jarduera sufrimendu-baldintza berezietan garatu behar izan zuten, hala nola osasunak, baina baita hezkuntzak, herritarren segurtasunak, merkatariek eta funtsezko ondasunen ekoizleek ere, besteak beste. Guztiek hala edo hala borrokatu eta berrasmatu egin behar izan zuten, gizarte osoa kolapsatu ez zedin. Eta lana Covid osteko errealitate berrira egokitzeko lan horretan, Osalanek funtsezko zeregina izan zuen eta du. Zorionez, Osalanek profesional-talde bikaina du, urtebete baino gehiago lan gogorra egiten daramana, kolektibo horiei guztiei laneko segurtasun eta osasunaren arloan jokatzeko jarraibideak  eta irtenbideak emateko.

Osalaneko Kontseilu Nagusiari -neurri horien koordinatzaile eta sustatzaile den aldetik- ez ezik,   Osalaneko plantillari ere eman deiezaiokegun nota bakarra, bikaina da.

Pandemiak erakutsi digu laneko arrisku berriei aurre egin behar diegula. Osalan eta beste gizarte eragile batzuk, azaleratzen ari diren beste  arrisku berri batzuen  artean,  pandemiarekin lotutako osasun mentaleko arazoak prebenitzeko politikak diseinatzen ari dira.

Azkenaldian asko hitz egiten ari da telelanaren luzapenaz, arrisku psikosozialez eta abarrez. Zeintzuk dira lan-harremanen bilakaerak prebentzioaren munduari dakarzkion erronka nagusiak, eta zer neurri hartu behar dira horiei aurre egiteko?

Konstituzioaren 149. artikuluak ezartzen du lan-legeria egitea Estatuaren eskumen esklusiboa dela. Hori bai, autonomia-erkidegoetako organoek gauzatzearen kaltetan gabe.

Bere eskumenen barruan, Osalanek laguntza-tresnak etengabe garatzen ditu, hala nola “Covid 19ren aurreko Kontingentzia Plana egiteko gida”. Gida horretan, egungo egoeratik eratorritako arriskuei aurre egiteko hartu beharreko neurriak azaltzen dira.

Telelanari buruzko neurri asko ere baloratu dira. Hasteko, egiaztatu behar da telelangilearen kokalekuaren ingurumen eta ergonomia baldintzak gutxieneko segurtasun eta osasun baldintzekin bat datozela. Ere baloratu behar da telelangileari eragin diezaioketen faktore sozioemozionalik dagoen, ez daukalako harreman zuzenik lankideekin  eta familiako bizikidetzako espazioak eta laneko erantzukizuna partekatu behar dituelako. Norberaren, familiaren eta lanaren arteko mugak ezarri behar dira. Teknikariak prebentzio arazo horiek guztiak konpontzen saiatzen dira.

Zer emaitza lortzen ari dira Lan eta Enplegu Sailak abian jarritako jarduerak prebentzioaren kultura sustatzeko?

Lan eta Enplegu Sailak bi zutabe garrantzitsu ditu bere eskumenak herritarrentzat modu eraginkorrean garatu ahal izateko: alde batetik Osalan, eta bestetik, Lanbide.

Osalani dagokionez, inork ez du zalantzan jartzen prebentzioa beharrezkoa dela laneko ezbeharren aurka egiteko. “Hobe prebenitzea sendatzea baino” esaldi topikoa, edozein gaitan erabiltzen da baina oso adierazgarria da laneko ezbeharrez ari garenean. Eta Osalanek etengabe eta hainbat mailatan egiten ditu laneko segurtasuna eta osasuna prebenitzeko kanpainak.

Gaur egun, Osalan Euskadi osoan “SUMAS” izeneko laneko segurtasunari eta osasunari buruzko sentsibilizazio-kanpaina zabaltzen ari da,  irratian,  prentsan, garraio publikoko markesinetan, Interneten eta abarretan,  iragarkiak jarriz.

Oraindik zoritxarrez istripuak gertatzen diren arren -batzuk hildakoekin-, ukaezina da kanpaina horiek, Lan Ikuskaritzak garatutakoekin batera (Lan eta Enplegu Sailaren mendekoa dena), eragin positiboa daukatela  lan-istripuen kopuruari eta larritasunari eusteko.

Egia esan, ezin dugu erreferentziatzat hartu azken hamabi hilabeteetako emaitza, lan-jarduera, SARS-Cov-2ren pandemiaren aurka egiteko osasun-neurrien ondorioz murriztu egin delako, baina argi daukagu prebentzio-kanpainak eraginkorrak direla eta horiekin jarraitu behar dugula.

Aurreikusten duzue legegintzaldi honetan zehar lan ildo berriak abiaraztea kultura hori lan munduan zabaltzeko?

Une honetan, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategia (2021-2026) prestatzen ari da. Eusko Jaurlaritzaren sailen arteko proiektu bat da eta bere helburua, hain zuzen ere, zure galderan aipatzen dituzun lan-ildo berri horiek finkatzea da.

Administrazioaren proiektua den arren, gizarte-elkarrizketak garrantzi handia du orain zehazten ari diren Osalanen lan-ildo berrietan.

Behin-behinekotasunaz eta lan-azpikontratazioaz abusatzeak prebentzioaren aurka jokatzen du, prebentzio neurriak ezartzerakoan prestakuntza gabeziak, murrizketak eta deskoordinazioa eragiten dituelako. Nola ari zarete arazo horiek lantzen?

Gai honek Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza kezkatzen du, kalitatezko lana sortzeari lotuta dagoelako. Kalitatezko lana ez da bakarrik  soldata ona duena, baizik eta egonkorra eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatuko dituzten prebentzio-baldintzak dituena. 2030eko Enpleguko Euskal Estrategiak -Lan eta Enplegu Saila buru duena-, kalitatezko enplegua sortzeko jarduera-ildoak finkatu ditu.

Lan Zuzendaritzak denborazkotasunari eta azpikontratazioari buruzko arazoei hainbat alderditatik ekiten die. Zuzendaritza honen zeregina da hitzarmen kolektiboen legezkotasuna kontrolatzea, oinarrizko araudian jasotako eskubideak murrizten dituzten klausulak sar ez daitezen.

Zuzendaritza honen beste eginkizunetako bat da Euskal Autonomia Erkidegoko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jarduera eta funtzionamendua zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, eta ikuskatze-lanaren planak eta programak ezartzea, Lan Ikuskaritzako Zuzendariordetzarekin lankidetzan baina beti kontuan hartuz lurraldeetako buruen eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako Estatuko Erakundearen iritziak.

Izan ere, Lan Ikuskaritzak urtero behin-behinekotasunari buruzko kanpainak egiten ditu. Kanpaina horiek Estatuko Erakundeak bultzatzen dituen arren, Euskadin Lan eta Enplegu Sailari atxikitako lan-ikuskatzaileek gauzatzen dituzte. 2020an, Lan Ikuskaritzak 10.000 kontratu baino gehiago berrikusi zituen Euskadin. Horietatik, aldi baterako 2.500 kontratu baino gehiago kontratu mugagabe bihurtu ziren, eta lanaldi partzialeko 450 kontratu baino gehiago lanaldi osokoak izatera pasatu ziren.

2021ean, kontratazio  iruzurraren aurkako borroka zabaltzeaz gain -aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratuak aldatuz-, arreta jarriko da lan merkatuan gizonen eta emakumeen arteko eskubide berdintasunarekin zerikusia duten kanpainetan, eta, bereziki, berdintasun planen kontrolean, amatasun arloko betebeharretan eta ordainsari-desberdintasuneko kanpainan. Lehen esan dudan bezala, kalitatezko enplegua sortzen saiatzen gara.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren menpeko Lan Ikuskaritzaren jarduera hauez gain, lan-eskubideei buruzko dibulgazio kanpainak ere egiten dira. Era berean, iruzurraren aurkako postontzi bat sortu dugu bai eta bere erabilera sustatu ere. Postontzi anonimoa da eta, errepresalien beldur diren pertsonak animatzen ditugu, postontziaren  bidez bidegabetzat hartzen dituzten egoerak salatzera. Era guztietako jakinarazpenak jasotzen ditugun arren, langileen laneko segurtasunari eta osasunari eragiten dioten arazoak ere aurkitzen ditugu.

Gaixotasun profesionalen onarpenari eta tratamenduari dagokionez, zeintzuk dira, zure ustez, lehenbailehen  lortu beharreko aurrerapen nagusiak?

Tratamendua baino lehen, prebentzioa dago. Hori dela eta, oso garrantzitsua da jakitea afekzio batek lotura zuzena daukala lan bat egiteak dakarren arriskuarekin. Arriskua egiaztatu ondoren, babes eta kontrol neurri eraginkorrak martxan jarriko dira.

Begira; gaixotasun profesionalen zerrenda Europako lanbide-gaixotasunen zerrendako Europar Batasuneko aginduei jarraituz egin den arren, 1299/2006 Errege Dekretuaren 2. artikuluak,  -Gizarte Segurantzaren sistemako lanbide-gaixotasunen taula onartzen duenak-, mekanismo bat ezartzen du indarrean dagoen zerrenda enpresen ekoizpen eta antolaketa errealitate aldakorrera egokitzeko, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Batzorde Nazionalaren bidez. Eta hor, Osalanek zeregin aktiboa du bai Osoko Bilkuran, bai Lan Taldeetan  bai eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Batzorde Nazionalaren Batzordeetan ere.

Beharrezkotzat jotzen dut ere, honako lan hauek zehaztuko dituzten aurrerapenak lortzea: lanaren ingurumen baldintzak (agente fisikoak, kimikoak eta biologikoak) eta bere nahitaezko antolaketak arrisku psikosozialeko faktoreak sortu eta langilearen osasunean eragina izan dezaketeenak, estresa, depresioa edo antsietatea sortuz. Zehaztu egin behar dira, prebentzio-neurri eraginkorragoak ezartzeko eta lan horiek eta gaixotasun  horiek lanbide-gaixotasunen zerrendan sartzeko.

Nola hobetu daiteke prebentzioaren arloan diharduten erakunde eta eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza, krisialdian gertatzen diren ezbeharrak eta absentismoa gutxitzeko?

Euskadin badaukagu lankidetza hori, Gizarte Elkarrizketaren Mahaiaren bidez eta erakunde sindikalak eta patronalak Osalaneko Kontseilu Nagusian sartu izanagatik.

Osalanek ematen dituen prestakuntza-ikastaroak eta, sindikatuek eta enpresaburuen erakundeek Lan Zuzendaritzaren diru-laguntzekin ematen dituztenak, bai eta publizitate-kanpainak ere, ezbehar kopurua murrizteko tresna eraginkorrak dira.

Zer uste duzu lan munduan Covidetik babesteko eta lantokietan birus-gaixotasunak hedatzeari lotutako arriskuen prebentzioa hobetzeko hartutako neurriei buruz?

Gertaera guztietatik  ondorio positiboak atera behar dira, baita porrotetik ere. Gaur egun, emaitza positiboak dituzten kontrako egoeretara egokitzeko gaitasun horri, modan jarri den hitz batekin esaten zaio: erresilientzia. Edisonek bonbilla bat egiteko mila aldiz baino gehiago huts egin ondoren esaten zuen bezala, “ez dira porrotak, bonbilla bat nola egin behar ez den 1.000 modu ikasi dut”.

Pandemiak prebentzio neurri ugari hartzera behartu gaitu. Bai gizartean bai lantokietan. Neurri horietako batzuk oso eraginkorrak izan dira, baina beste batzuen kasuan ez dago hain argi beren benetako eraginkortasuna.

Covidetik babesteko hartutako neurri guztiak aztertu ondoren atera dezakegun ondorioa, zalantzarik gabe, positiboa da.

Orain, teknikariek badakite zeintzuk diren tresna eraginkorrenak eta nola hobetu horiek, lantokietan gaixotasun birikoak hedatzeko arriskuak prebenitzeko. Izatez, Europan eta Espainian jadanik lanean ari dira ondorio horiek ateratzeko, gero, indarreango prebentzio-araudian sartzeko. Baina ez dugu presarik izan behar, zuhur izan behar dugu, eta urrats seguruak eman  arau-aldaketa horiek onartu baino lehen. Argi daukagu aldaketa horiek izango ditugula, eta lagunduko digutela gaixotasunak lantokietan ez zabaltzen.