'Ezinbestekoak dira LAP etorkizuneko inbertsioa dela azpimarratzeko kanpainak'

Montserrat Ruiz Mitjans, Osalaneko Kontseilu Nagusiko kidea Confebasken izenean, eta CEBEKeko Kalitate, Ingurumen eta LAPeko arduraduna.



Zenbait diziplinatan profil profesional teknikoa du, eta Bizkaiko Enpresarien Konfederazioan (CEBEK), Kalitate, Ingurumen eta LAPeko arduraduna da eta Euskal Enpresarien Konfederazioaren (Confebask) ordezkaria Osalaneko Kontseilu Nagusian. Bere zereginak dira enpresei aholkularitza ematea, proiektuak kudeatzea, prestakuntza eta ekitaldiak diseinatzea eta koordinatzea.

Kalitate, Ingurumen eta LAPeko arduradun gisa, zeintzuk dira, zure ustez, Osalanek babestutako jarduera garrantzitsuenak Cebekeko eta hedaduraz, Confebaskeko enpresa elkartuentzat?  

Oso interesgarriak iduritzen zaizkit komunikazio-ekimen guztiak. Beharrezkoa deritzot “laneko arriskuen prebentzioa erakundeen etorkizunerako inbertsio gisa” azpimarratzera zuzendutako mezuak dituzten kanpainak egiteari. Osalanen azken kanpaina, adibidez, muskulu eta hezurretako arazoei buruzkoa, ildo horretatik doa. Beharrezkoak dira enpresa eta langile guztiengana iristen diren eta Segurmaniaren estrategiarekin bat datozen mezu errazak dituzten kanpainak.

Ikuspuntu teknikotik azpimarratuko nituzke, iaz erakunde eta enpresa guztiek egindako esfortzua eta laguntza gure kontingentzia-plana nola diseinatu eta nola prestatu jakiteko, bai eta pandemia dela eta segurtasunean eta osasunean eman beharreko urratsak jakiteko ere. Osalanek arlo horretan lan handia egin du.  

Garrantzitsua da ere, enpresen estrategiaren segurtasunaren eta osasunaren kudeaketaren barruan berdintasuna eta genero-aniztasunarekiko arreta sartzea. Segurtasunaren eta osasunaren ikuspegitik oso interesgarria da berdintasuna enpresan sartzea, CEBEKen “Enpresanbardin” proiektuaren ildotik.   

Cebek-ek aurten, ‘Ondo Izan’ ekimena abian jarri du, enpresetan osasuna sustatzeko kultura garatzen laguntzeko asmoz. Nola baloratzen dituzu lehen emaitzak?

Orain, inoiz baino gehiago, mahai gainean jarri da pertsonen osasunaren garrantzia. Urteak daramatzagu jardueraren bat edo beste egiten, enpresei enpresa osasungarrien ereduei buruzko informazioa ematen, edo zenbait ekintzaren bidez gihar eta hezurretako arazoak nola minimizatu lantzen.

Ikusten genuen osasuna kualitatiboki bultzatzeko beharra zegoela, legea betetzetik haratago. Gure enpresen artean egin genuen azken zundaketak beharrezko bultzada eman zigun “Ondo Izan” proiektua abiarazteko. Harrera bikaina izan du, eta enpresek interes handia izan dute osasun zerbitzuen eta ekintzen bideratzaileak izateko.

Zer ezaugarri eta helburu dituzte ‘Ondo Izan’ ekimenaren hurrengo ekitaldiek?

Alde batetik, saiatzen ari gara osasuna enpresatik bultzatzearen garrantziaz sentsibilizatzen eta bestetik,  aukera hori ez duten enpresei zerbitzua ematen,  gero  gure proposamenen bidez bidea has dezaten.   

Nutrizioan, lan dinamika batekin eta bizitza pertsonalarekin lan egingo duen pertsona baten egunerokotasunari heldu diogu. Hau da, nola antolatu asteko elikadura modu eraginkorrean eta osasungarrian.

Lanean hasiko gara ere enpresetako ekintzen arduradunekin, osasuna beren antolaketatik bultzatzen laguntzeko. Ohituren entrenamendua lantzen ari gara, hala nola pentsamenduak eta orainaren kontzientziak zereginetan daukan garrantzia. Orain, tailer batzuk egiten ari gara enpresan emozioen kudeaketa osasuntsua lantzeko, eta beste batzuk, TMEri aurrea hartzeko entrenamendua eta ohiturak sortzeko. Osasunaren alderdi guztiak kontuan hartzen dituzten eta laister kaleratuko ditugun hainbat ekintza antolatu dugu.

Cebek-ek, Laneko Arriskuen Prebentziorako Proiektuaren bidez, enpresei laguntzen die prebentzioaren kudeaketa hobetzen. Zer emaitza lortzen ari dira?

CEBEKen, enpresei segurtasun eta osasun kudeaketari buruzko ezagutzak eman nahi dizkiegu arauen eta teknikaren  ikuspegitik. Era berean  helerazi nahi diegu ere enpresaren prebentzio-kultura eraldatzeak daukan  garrantzia, behar dituen gaitasunak emanez segurtasuna eta osasuna hobetzeko.

Enpresen kultura aldatzea, Segurmanian ez ezik,  Ekinbarri proiektuaren bidez ere garatzen ari gara. Ekinbarri proiektuak,  prebentzioaren kultura hobetu nahi duten barne-harreman osasungarri eta eraikitzaileen estilo berri bat lantzen du. 

Proiektu honek eskaintzen dituen aholkularitza eta laguntza teknikoko zerbitzuen barruan,  aurreikusten duzue alderdi berriren bat abian jartzea?

Berrikuntza baino gehiago, uste dut enpresek ezagutzak indartu behar dituztela eta antolaketa aldatu behar dutela egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. LAPek, berez, diziplina asko biltzen ditu, eta, gai guztiei erantzuna emateaz  gain, enpresek pandemiaren arriskuei ere aurre egin behar izan dizkiete. Horregatik guztia dela eta, ahaleginduko gara gure burua eraldatzen eremu ergonomikoan eta psikosozialean ditugun erronkei erantzuteko eta erakundeetan eraldaketa kulturalak egiteko gai izaten.

Segurmania Zurekin deritzon laneko segurtasunari eta osasunari buruzko sentsibilizazio-kanpaina, Confebask-ek eta bere hiru bazkide sortzaileek (Cebek, Adegi eta Sea) prebentzioaren kultura sustatzeko bideratutako ekimen bat da. Nola baloratzen duzu erakundeetan izaten ari den harrera? Zer jarduera berri egitea aurreikusten duzue?

CEBEKek eta aktiboki parte hartzen duten enpresa-erakunde nagusiek (FVEM, CECOBI AVEQ eta ASCOBI) oso ondo baloratzen dute Confebasken ekimen hau, balio handia  ematen diolako prebentzioa hobetzeko lan egiten duten persona  guztien zereginari. Eragile guztien lana nabarmentzen du, eta esparru horri modu ezberdinean ekitea bilatzen du.

Segurmania Zurekin ekimenaren bidez nahi dugu  LAP enpresetan integratzea,  enpresak osatzen ditugunok horren jakinaren gainean eta konbentzituta egonda. Badakigu prebentzioaren kultura modu bat dela segurtasuna eta osasuna gure eguneroko bizimoduan hartzeko.  Izan ere, jokabide seguruak gure bizitzako arlo guztietan aplikatu behar ditugu, ikasita izan behar ditugu, gure enpresaren DNAren zati izan daitezen.

Komunikatzeko modu ezberdinak erabiliko  ditugu. Gainera, jokabide seguruak aplikatzen saiatuko gara Euskadin  ondorio larriagoak (larriak eta hilgarriak) eragiten dituzten lan-istripuen arriskuen aurrean, hala nola, altuerako erorketak, harrapaketak eta zapalketak, arrisku elektrikoak eta gune konfinatuetako lanei lotutako arriskuak. Gehiegizko ahaleginak eta COVID-19ren aurreko prebentzioa ere landuko ditugu, bereziki Merkataritza eta Ostalaritzaren sektorean.

Cebek-ek oraintsu argitaratutako ‘2020ko Osasuna eta Enpresa Txostena’-ren ondorioen arabera, zeintzuk dira, zuen ustez, enpresetan gehien hazten ari diren segurtasun eta osasun beharrizanak

Ondorio oso argiak atera ziren, segurtasunarekin eta osasunarekin eta enpresak eraldatzeko beharrarekin zuzeneko lotura dutenak.

Langileria gero eta zaharragoa denez, enpresak osasuna sustatzen eta pertsonak belaunaldien arteko ikuspegitik kudeatzen hasi dira, beren talentua kontuan hartuta.

Ikusi da arazo muskulu-eskeletikoak eta buru-osasuna langileen ohiko arazo nagusiak direla. Ondorioz, osasuna sustatzen duen prebentzio-kudeaketa pertsonen eta enpresen arazo errealei erantzuna ematen diena da.

Agerian utzi da ere enpresen lehiakortasunaren eta herritarren osasunaren arteko lotura. Kontzeptu hori ez da beti hain argi nabarmendu.

Enpresek langileen osasuna hobetzeko ekintzen lehentasunaren buruan, ongizate emozionala –batez ere, estresaren kudeaketa- jartzen dute, baina zailtasunak dituzte arazo hori hobetzeko ekintzak abian jartzeko.

Argi dago ere langileen parte-hartzea funtsezkoa dela enpresen segurtasuna eta osasuna hobetzeko.

2016an Cebek-ek lan-ingurune osasungarriari buruzko lehen inkesta egin zuen. Ordutik hona, nola aldatu dira premia horiek?

Ez dugu uste ‘makro’ beharrak aldatu direnik. Gertatu dena da premia horiek eragile guztien ekintza bihurtzen hasi direla, 2016. urtean jada azaletik hautematen zenari erantzuna emateko, eta, batez ere, gaur egungo pandemia-egoera honetan. Eragile, enpresa eta gutako askorentzat, osasuna kezka izatetik okupazioa izatera pasatu da.  

Zer balantze egiten duzu lan-munduan Covid-en pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien emaitzei buruz? Zer ondorio atera daitezke etorkizunean horrelako arriskuen prebentzioa hobetzeko?

Orain dela hamar urte baino gehiago daukagun CEBEKeko prebentzio-foroan nabarmendu dugu prebentzio-arloek enpresa askotan protagonismo eta garrantzi handia hartu dutela pandemiaren ondorioz. LAPeko teknikari eta arduradun guztiek arrakasta handiko ahalegina egin dute,  gure enpresetan egin behar zena transmititzean. 

Enpresa batek egin ditzakeen aldaketa guztietan -ustekabekoak barne-, prebentzioak eta osasunak beren estrategian egon behar dute, enpresa osasuntsua, osasungarria, eraikitzailea eta, aldi berean, lehiakorra dela ziurtatzeko.