Izen-emateak

COPSEY, SARAH. Proiektuen kudeatzailea Laneko Segurtasunerako eta Osasunerako Europako Agentzian (EU-OSHA)

1. Mesedez, idatzi lerro batzuk zeure burua aurkezteko.

Britainiarra eta ergonomialaria naiz, eta 20 urte daramatzat lanean Laneko Segurtasunerako eta Osasunerako Europako Agentziaren (EU- OSHA) proiektuen kudeatzaile gisa Bilboko egoitzan. 2012. eta 2016. urteen artean, Agentziaren proiektuaren garapenaren arduraduna izan nintzen, zahartze-prozesuari nahiz laneko segurtasunari eta osasunari dagokienez. Gaur egun, osasun-arazo muskulueskeletikoei buruzko gaietan ari naiz lanean

2. Osalanek antolatu duen Laneko Segurtasunari eta Osasunari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarraren goiburua "Etorkizuneko lan-erroken aurrera begirako azterketa" da. Lan egiten duten biztanleen zahartze-prozesua erronka horietako bat al da herrialdeentzat? Ekoizte-sistementzat eta enpresentzat?

Lanean ari direnen zahartze-prozesuak eta erretirorako adin ofizialaren igoerak erronka ekar dezakete laneko osasunari dagokionez, lan-bizitzaren luzapena dela-eta: urte gehiago lanean egoteak esan nahi du urte gehiago ematea arriskuak hartzen (gainera, zaharragoa izanik), eta osasun-arazoak nahiz gaitz kronikoak dituzten langile gehiago egotea. Kostuak aurrezteko asmoz erretiroaren adin ofiziala atzeratzeko politika ekonomikoak arrakasta izatea nahi bada, beharrezkoa da saihestea langileek desgaitasunengatik goiz utz diezaioten lan egiteari.

3. EBko herrialde batzuek hartu dituzten politikek eta neurriek gehiago jotzen dute lan-bizitza luzatzera edo biztanle guztien zahartze-prozesu aktiboa bultzatzera. Zure ustez, politika eta neurri bereziak hartu behar al dira, adineko langileei lan seguru eta osasungarria erraztuko dieten lan-baldintzak bermatu ahal izateko?

Gure ikerlanen ondorio gisa, azpimarratzekoa da zahartutako populazioarentzako politika osoa garatzea garrantzitsutzat jotzen dela. Lan-bizitza luzatzeko politikak eta neurriek lan-bizitzan zehar lanpostu jasangarriak sortzeko helburua izan behar dute barne, eta, halaber, gaixotasunaren ostean lanera itzultzeko neurri zehatzak nahiz gaixotasun kronikoak dituzten langileei laguntzeko neurriak izan behar dituzte. Ezer baino lehen, garrantzitsua da arreta jartzea lan jasangarriak sortzeko –hau da, lan jasangarria eta zahartze-prozesu osasungarria sustatzea, lan-bizitzaren hasieratik–. Lan-bizitza osoan prebentzioa bultzatzeko, beharrezkoak dira enpresentzako eta langileentzako laguntzak, batez ere ETE-entzat, laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzeko informazioa eta tresnak eskainita, zahartzen ari den biztanleria aktiboa testuinguru gisa hartuta.

4. Zahartzea prozesu naturala da; aldaketak eragiten ditu gure sisteman (kardiobaskularrean, arnas sisteman, muskuloeskeletikoan…). Beraz, adinak eragina izan dezake lanpostuko eskakizun batzuetan, eta, ondorioz, gerta liteke aukera gehiago izatea laneko istripuak edo laneko gaixotasunak izateko. Espainiako oraingo esparru normatiboan, laneko arriskuen prebentzioan, adineko langileak ez dira babes berezia jasotzen duen kolektiboa. Zure ustez, esparru normatibo berezia behar al da adina kudeatzeko, laneko segurtasunaren eta osasunaren ikuspuntutik?

Esparru normatibo berezia izatea ez da beharrezkoa, indarrean dagoen legeria aplikatzen bada. Arriskuen ebaluazioa ardatz gisa hartuta, lan jasangarriagoak egiteko lehen urratsa da lana guztientzat errazagoa, osasungarriagoa eta seguruagoa izatea. Izan ere, pertsona gazte baten lana errazagoa egiten duten neurriak (karga astunak jasotzeko ekipamendua, adibidez) adineko langile batek lanean jarraitzeko aukera izan daitezke. Aldi berean, langile kalteberak babesteko neurri gehigarriak behar ditu legeriak, hala behar denean. Desgaitasunetarako berdintasunari buruzko arautegiak eskatzen du enpresak doikuntzak egitea, desgaitasuna duten langileak haien lanpostuetara egokitzeko.

Are gehiago: adineko langileek ez dutenez talde homogeneoa osatzen, “adinaren” kontzeptua baino, pertsonaren balizko arriskuak neurtzeko hobe da “lan egiteko gaitasunaren” kontzeptua erabiltzea. Esan dudan bezala, aniztasuna kontuan izateko, garrantzitsua litzateke enpresei laguntzea arriskuen analisia egiten nahiz Laneko Segurtasuna eta Osasuna neurtzen.

5. Ezbehar-kopuruari buruzko ikerketen arabera, adineko langileek ez dute beste kolektibo batzuek baino istripu gehiago izaten, baina egia da lesioen larritasuna handiagoa izaten dela, eta, normalean, aldi baterako ezintasunaren iraupena ere bai. Nolabait, esan daiteke adina faktore erabakigarria dela, lesioen larritasunari eta aldi baterako ezintasunaren iraupen luzeagoari begira?

Gai konplexua da. Adineko langileek, oro har, langile gazteek baino probabilitate gutxiago dute laneko istripuak izateko, baina, istripuak dituztenean, larriagoak izan ohi dira. Ebidentzia ikusita, lesioen arriskurako faktore nagusia jardunarena da, eta istripu-tasa altua duten sektoreetan arriskuak murrizteko neurriak hartzea ona litzateke sektore horretako langile guztientzat. Gaixotasunagatik lanera ez agertzearen maila orokorrari dagokionez, langile gazteen eta adineko langileen arteko aldeak ere gai konplexua dira, faktore askok eragiten baitu, arazo pertsonal, sozial eta profesionalak barne. Ebidentzia enpirikoa egon badago, eta iradokitzen du adineko langileek langile gazteek baino ezintasun gutxiago izaten dituztela, nahiz eta gazteenak laburragoak izan; horren ondorioz, orokorrean, gazteek adinekoek baino egun gehiago ematen dituzte ezintasun egoeran.

6. Adinaren faktoreaz gain, generoa ere kontuan hartzen badugu... Ba al da alderik? Zer esan dezakezu horretaz?

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren beste edozein alderdik bezala, generoarenak eragina izan dezake, eta beharrezkoa da berau kontuan hartzea politikak eta neurriak garatzean. Alde batetik, lan jasangarriak sortzea garrantzitsua da emakume-gizonentzat, eta ez da ahaztu behar zenbait emakumek ere lan astunak egiten dituztela. Gurasoak edo bikotekidea zaintzen dituzten pertsonei dagokienez, generoen arteko aldea txikiagoa da, seme-alabak zaintzen dituzten pertsonen artekoarekin konparatuta. Hala ere, gaur egun laguntzarako dauden zenbait neurri (adibidez, ordutegi malguak) amek seme-alabak zaintzeko soilik pentsatu dira. Menopausiak emakumezko langileei eragiten die bakarrik, ez gizonezko langileei. Lanpostuan neurri txiki batzuk ezartzea lagungarria izan daiteke menopausia duten emakumeentzat: edateko ura eskuragarri izatea, uniformeak egokitu ahal izatea “berotasunari” aurre egiteko edo medikuarenera joateko ordutegi-malgutasuna izatea. Hala eta guztiz ere, menopausia tabua da oraindik ere.

7. Oro har, adineko langileak eta lanean ari diren biztanleen zahartze-prozesua hizpide hartzen ditugunean, aski ikuspegi ezkorretik aztertzen ditugu (gaitasun fisiko eta kognitiboen galera, produktibitatea gutxitzea, ikasteko zailtasuna, etab.). Zure ustez, ba al da aurreiritzirik, mitorik edo hesi kulturalik adinaren inguruan? Nola gaindituko ditugu hesi horiek erakundeetan?

Mito eta topiko asko dago zahartze-prozesuaren inguruan. Hala ere, ikerketek errealitatea erakusten dute. Adibidez, ez da egia adineko pertsonen produktibitatea txikiagoa dela edo gauza berriak ikasterik ez dutela. Bestetik, antza denez, adineko langileak leialagoak izan ohi dira, eta kalitateari, laneko etikari eta diziplinari buruz ezagutza handiagoa daukate. Egokitu egiten dira, eta errendimendu-galerak konpentsatzen dituzte; ezaugarri on asko dituzte, besteak beste, esperientzia handiagoa. Enpresak kontzientziarazi behar dira, adineko langileak gehiago balioetsi ditzaten.

8. 2016. eta 2017. urteetan, Europako Agentziak zahartzeari eskaini zion "Lan osasungarriak" kanpaina. Zure iritziz, zein dira erakundeek aintzat hartu behar dituzten gakoak, adinaren kudeaketa prebentzioko jardueran txertatzeko?

Lehen, arriskuen ebaluazioan aniztasuna kontuan izatearen beharra aipatu dut: hasteko, guztientzako lan errazagoak egitea, lanak jasangarriagoak izatea, eta, behar denean, kalteberak direnentzako neurri gehigarriak hartzea. EU-OSHAk horrekiko jarraibideak argitaratu ditu. Garrantzitsua da politika integrala izatea, eta Giza Baliabideen eta prebentziorako kudeaketaren artean lankidetza estua egotea, bai eta gaixotasun edo ezbehar baten ondoren laneratzeko neurriak barne izatea ere.

9 . Europako Agentziak Laneko segurtasunerako eta osasunerako kanpainan erabili zituen materialen artean, infografiez, gidaliburuez eta horrelakoez gain, kasu lagungarriak argitaratu zituen, zahartzeko prozesuak dituen erronkei arrakastaz heldu zietenak. Zure ustez, hori ezagutzera ematea lagungarria izan daiteke emaitzak beste erakunde batzuei transferitzeko? Haietako baten bat azaldu dezakezu?

Kasu praktikoen indargunea da erakusten dutela neurriak hartzea posible dela, halabeharrez konplexua izan barik, eta erakundeentzako abantailak erakusten dituztela. Arrazoi horiengatik berengatik, sinesgarriak izan daitezke, baita erabaki politikoak hartzeko ere.

Frantziako kasu praktiko batek adinaren eta generoaren arteko elkarreragina erakusten du. Inprimaketa-enpresa batean, “akaberako” zereginetan lanean zeuden adineko emakumeek absentismo-indize altua izaten zuten osasun-arazo muskulueskeletikoengatik (TME). Lana oso errepikakorra zen, eta postura deserosoetan egiten zen. Ikerketa taldearen aholkuen artean, ergonomia hobetzeko neurriak zeuden. Gainera, lanpostu berean irautea neurtu zen arriskuen ebaluazioan, eta honakoa erakutsi zuen: gizonak zein emakumeak lanpostu berean hasi ziren lanean (“akaberakoan”); hala ere, gizonek maila-igoera arina izan zuten, eta emakumeek, ostera, luzaro jarraitu zuten lan oso errepikakor horretan, postura txarrak pairatuta. Beraz, ogibidearen eta emakumeen gaitasunak nahiz euren lan-ibilbidearen aitorpena hobetzea gomendatu zuen ikerketa taldeak.

10. Osalanen Laneko Segurtasunari eta Osasunari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarrean parte hartuko duzu, adinaren kudeaketaz eta laneko arriskuen prebentzioaz hitz egiteko. Nahiko genuke hitz batzuk esatea, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko profesionalei eta erakundeei gonbit egiteko zure hitzaldira eta biltzarrera joan daitezen.

Nire hitzaldiaren gaia funtsezkoa da laneko segurtasunerako eta osasunerako, bai eta gizartearentzat ere, oro har. EU-OSHA erakundeak Europako Parlamentuarentzat egindako ikerketa sakon bati buruz arituko naiz: nola bihurtu lana jasangarriagoa, eta nola gainditu xede horrek dakartzan erronkak.

Euskadi, auzolana