'Bereziki baloratzen ditut istripuen ikerketa eta segimendu estatistikoa'

Iaki Nubla Otaola, Osalaneko Kontseilu Nagusiko kidea, Konfekoop-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren izenean.

Nola baloratzen duzu zure parte hartzea Osalaneko Kontseilu Nagusian?

Oso modu  positiboan. Ez nintzen jabetzen Institutuak egiten duen lan handiaz, baina orain aukera daukat zuzenean ezagutu eta baloratzeko. Besteak beste, honako hauek nabarmenduko nituzke: lan istripuen eta lanbide gaixotasunen ikerketak, prebentzioari eta laneko arriskuei buruzko azterlanak eta txostenak, estatistika azterlanak, kontsultak erantzutea eta aholkularitza teknikoa ematea, prestakuntza eta informazio jarduerak, etab.

Zure ustez zeintzuk dira Osalanek babestutako jarduera nabarmenenak Konfekoop-eko enpresentzat?

Gehien baloratzen dudan jardueretako bat istripuen segimendu estatistikoa da, berari esker,  prebentzio-jarduerak diseinatzerakoan  eremua ardaztu eta lehentasunak ezarri bait ditzakegu. Asko baloratzen ditut ere lan-istripuen ikerketak.

Esparru espezifikoagoan, gehien ezagutzen dudana, Euskadipreben programa nabarmentzen dut. Programa horren barruan, ATEX inguruneak zereal kooperatibetan eta pentsu fabrikatzaileetan hobetzeko ekintzak egin dira, produktu fitosanitarioak Osalanen gida berriaren arabera biltegiratu dira, pabiloien sarbideak eta  estalkiak hobetu dira, eta azterketa ergonomikoak egin dira, Euskadiko lehen sektoreko langileen egoera 5 urtean neurtzeko. Era berean eta munduko pandemia egoera dela eta, mahats-bilketaren kanpainetan Euskadira etortzen ziren sasoikako langileen kontrolerako protokoloa diseinatu eta ezarri zen, ahalmen epidemiologiko handia zeukatelako.

Konfekoop-eko zuzendari legez, zeintzuk izan beharko lirateke, zure ustez, erakunde publikoen ekintzen helburu nagusiak kooperatibetako langileen laneko osasuna eta segurtasuna hobetzeko?

Prebentzioari buruzko prestakuntza eta informazioa funtsezkoa da. Trebakuntzaren eta informazioaren bidez, langileei beren segurtasunari buruzko kontzientziazioa sortarazten diegu, eta, gainera, kooperatibetako zuzendaritzetan segurtasunarekiko interesa sortzen dugu.  Interes hori handia den arren, batzuetan atzean geratzen da, eguneroko beste kezka batzuengatik.

Zure iritziz, zein da lan-arriskuen prebentzioaren kulturari buruzko (LAP) garapen-maila kooperatiba munduan?

Prebentzioaren garrantzia kooperatiben munduan, oro har, handia da. Kooperatibismoaren ezaugarrietako bat da pertsona erakundearen erdian jartzen duela, produkzioaren  beste faktore batzuen aurretik.

Konfekoop-eko kooperatibetan, zer lankidetza-maila dago sindikatuekin LAPean aurreratzeko?

Kooperatiba gehienetan langileak kooperatibistak direnez (jabeak) eta langileak kooperatibarekin duen harremana sozietatekoa eta ez-lanekoa denez, sindikatuen zeregina oso txikia da. Hala ere, sindikatuak dauden kooperatibetan (langile batzuk ez direlako bazkideak eta lan-kontratua daukatelako), harremanak oso onak dira, batez ere laneko segurtasunaren arloan.

 

Zure ustez, zeintzuk dira LAParen arloan hobetu beharreko alderdi nagusiak, eta zer neurri hartu behar dira horiei aurre egiteko?

Prebentzioa lehen planoan jarri behar da, kalitatea, jasangarritasuna edo enpresa-kudeaketaren beste alderdi batzuen maila berean. Gauza bera ez bada ere, bide-segurtasunarekin adibidez egindako gauza bera egin behar da. Bere garaian, esate baterako, erabaki zen ez onartzea ezinbestekoa zela bide istripuekin bizitzea. Lan-istripuekin ondorio horretara iritsi beharko genuke, eta bere garaian bide-segurtasunean ezarri ziren estrategiak egokitu, laneko arriskuen prebentzioaren ingurunera egokituz. Helburua da 90eko hamarkadan bide-segurtasunari buruz sortu zen gizarte-kontzientziazio bera sortzea, horren ondorioz, talde-jarrera aldatu eta  bide-istripuen kopurua nabarmen murriztu baitzen.

 

Zeintzuk dira Konfekoop-ek bere enpresa elkartuei eskaintzen dizkien zerbitzu eta laguntza nagusiak LAPen kudeaketan aurrera egiteko? Asmorik daukate horrelako ekimen berriak abian jartzeko?

Kooperatiba guztiei zuzendutako LAPeko prestakuntza eta informazioarekin batera, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzu Mankomunatua dugu nekazaritza eta elikagaien kooperatibentzat. Bertan, nahi duten lehen sektoreko kooperatibak atxiki daitezke eta beren arazo espezifikoetan kualifikazio eta espezializazio handiko zerbitzua ematen diegu.

Etorkizunean, laneko arriskuen prebentzioarekin daukagun konpromisoa indartzen jarraituko dugu sektore guztietan.

Konfekoop-en eginkizun nagusietako bat,  kooperatiben lehiakortasuna hobetzeko ekintzak sustatu, planifikatu eta gauzatzea da. Prebentzioaren kultura indartzeko neurriek, zer zeregin izan dezakete arlo horretan?

 

LAP eta lehiakortasuna erabat lotuta daude. Ezbehar-tasa handia duen erakunde bat oso urrun dago lehiakorra izatetik, eta bere lan-ongizatea ez da optimoa izango. Erakunde batek bere lehiakortasun-indizeak hobetu nahi baditu, bere prozesuen bikaintasuna lortzea bilatu beharko du, eta horien barruan prebentzioak lehentasuna izan behar du. Ez gara onenak izango produktu jakin bat fabrikatzen, gure langileek istripuak edo ekoiztean arazo ergonomikoak izaten badituzte. Nahiz eta gure prozesuak oso optimizatuta egon, epe ertainean arazoak izango dituzte, horietaz arduratu behar diren  pertsonak bajan egongo direlako. Argi izan behar dugu prebentzioa ez dela gastua, inbertsioa dela.

 

Nola baloratzen duzue Konfekoop-en kooperatiba elkartuek izandako erreakzioa gaur egungo osasun-krisiak eragindako zailtasunen aurrean? Zure ustez, eremu horretan metatutako esperientziak, zer eragin izango du etorkizunean LAParen kudeaketan?

Krisi honek, gure hiztegian 2020ra arte LAParen esparrura mugatuta zeuden NBEak bezalako hitzak sartu ditu. Nire ustez ohartu behar gara osasuna eta ongizatea norberaren zoriontasunaren oinarria ez ezik, gizarte osoarena dela eta horiei esker, gizartea modu egokian jardun, ekoiztu eta interkonektatu daitekeela. Horrela, gure ekoizpen-sarearen segurtasunak eta osasunak daukan  garrantzia ikusi ahalko dugu.