"Beharrezkoa da langileek laneko arriskuen prebentzioan parte hartzea"

Elkarrizketa Alfonso Riosi, Euskadiko CCOO sindikatuko Lan Osasuneko arduradunari eta Osalaneko Kontseilu Nagusiko kideari, 2013tik.

Alfonso Ríos Veladak, Lan Zientzietan lizentziaduna Errioxako Unibertsitatean eta Soziologian Deustuko Unibertsitatean, Laneko Arriskuen Prebentzioko masterra ere du, Laneko Segurtasunaren, Industria Higienearen eta Ergonomiaren eta Psikosoziologia Aplikatuaren espezialitateetan.

2013tik Osalaneko Kontseilu Nagusiko kidea da, eta urte horretatik ere, Euskadiko CCOOko Lan Osasuneko arduraduna. Lehenago, arlo horretaz arduratu zen bere sindikatuko Eraikuntza Federazioan.

Zure esperientzia profesional eta sindikalaren arabera, nola definituko zenituzke, oro har, sindikatuen eta enpresen arteko harremanak laneko prebentzioaren eta osasunaren arloan?

CCOOk ildo horretan jarduteko modua, argia da. Uste dugu  beharrezkoa dela akordioak lortzea, bai enpresetan, bai eremu zabalagoetan, laneko osasunari eragindako kalteak neutralizatuko dituzten prebentzio-neurriak ezarriz segurtasuna eta osasuna hobetzeko.

Alde horretatik, tresna egokia da enpresek lege-parametroak betetzea helburu hori lortzeko. Horregatik, legeriak langileen parte-hartzeari eskaintzen dizkion bideak agortzen diren tokietan, mobilizaziora edo bestelako salaketetara jo behar da (administraziokoak, judizialak edo iritzi publikokoak). Sindikatu baten jarduteko modua bereizten duena, ekintza sindikala da.

Nola baloratzen dituzu Osalaneko Kontseilu Nagusiaren jarduera eta langileen laneko osasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuak?

Lehenengo eta behin, Osalan erakunde gisa baloratu behar da, eta CCOOren balorazioa da Osalanen zeregina positiboa dela, aholkularitza teknikoari eta lan-baldintzen kontrolari eta prebentzio-neurrien ezarpenari dagokienez. Baina positiboa da orain dauzkan baliabideekin.  Hau da, une honetan Osalanek baliabide gehiago behar ditu bere zeregina hobeto betetzeko. CCOOtik aspalditik ari gara hori eskatzen.

CCOOk Osalaneko Kontseilu Nagusian duen parte hartzeari buruzko balorazioa ere positiboa da, hiru alderdiko espazioa baita akordioetara iristeko edo sindikatuaren ekintza gidatuko duten borroka-ildoak markatzeko.

Zer neurri defendatzen dituzu laneko istripuak murrizteko eta enpresetan prebentzio zerbitzuen funtzionamendua hobetzeko?

Gure ustez, beharrezkoa da langileek laneko arriskuen prebentzioan parte hartzea, eta eskura ditugun eremu guztiak aprobetxatzen ditugu hori nabarmentzeko. Horretarako, ezinbestekoa da lantokian sindikatuaren bidez antolatuta egotea. Enpresarekiko elkarrizketa, plantillako ordezkarien bidez eraikitzen da. Sindikatuek proposamenak egiteko eta ezartzeko gaitasuna ematen dute. Lehen esan dudan bezala, horrek huts egiten badu, CCOOk salatzen du, eta beraz, uste dugu beharrezkoa dela Osalani eta Lan Ikuskaritzari baliabide gehiago ematea.

Sindikatuarentzat, prebentzio zerbitzuak tresna baliagarriak dira. Gure ustez, prebentzio zerbitzu propioak, prebentzioa enpresan integratzeko gehien eta ondoen laguntzen dutenak dira, baina kontuan harturik Euskadin dagoen enpresa-egitura, non ETEek eta mikroenpresek protagonismo handia duten, kanpoko prebentzio zerbitzuek ere badute beren izateko arrazoia eta protagonismo nabarmena. Baina hor arazo bat sor daiteke, kanpoko prebentzio zerbitzu horiek ez daukatelako behar beste langile, eta langile teknikoek lan gehiegi daukatelako. CCOOrentzat helburu bat da ere prebentzio zerbitzuekin hitz egitea sustatzea eta elkarri lagundu ahal izatea.

Langileek ere laneko gaixotasunak izan ditzakete -momentuan istripuek baino ondorio traumatiko gutxiagorekin baina epe luzera larriak izan daitezkeenak-. Zer neurritan ari da aurreratzen arlo horretan?

Laneko arriskuak prebenitzeko sistemak guztiz ahaztuta izan ditu gaixotasun profesionalak. Gure prebentzio kulturaren lehentasuna izan da ikusten zen gaitzari, hau da, lan-istripuari, aurre egitea. Eta hori, uste duguna baino inportanteagoa da, beste gauza batzuen artean, generoaren ikuspegitik joera oso problematikoa duelako. Lan-istripuak oso maskulinizatuta dauden sektoreetan gertatzen dira, eta lanbide gaixotasunak, berriz, emakume  gehien dituzten sektoreetan.

Horregatik guztiagatik, gure prebentzio sistema gizonezko sektore horietara bideratu da, eta emakumeak protagonista diren sektoreak ikustezinak bihurtu ditu. Egin behar dugun lana ez da erreza. Ikusten badugu   laneko arriskugarritasuna ez dela gauza bera sektore maskulinizatu edo feminizatuei buruz hitz egiten dugunean, arriskugarritasunaren kontzeptu bera berdefinitu beharko dugu.

Prebentzioa lanbideko gaixotasunetan trabatuta dago ere, ikusten ez diren  patologiak edo denboraldi baten ondoren diagnostikatzen direnak, istripuak baino errazago ezkutatzen direlako eta, hori askotan gertatzen da mutualitateen ekintzaren ondorioz. Mutualitateek gaixotasun horiek sarritan kontingentzia komunera bideratzen dituztenez, eritasun profesionalak ikustezinak dira eta ikustezina dena ez da existitzen. Eta halakorik ez dagoenez, ez dago prebenitzeko beharrik.

Zure ustez, zer hobekuntza lortu behar dira lanbide gaixotasunak ezagutu eta tratatzeko?

CCOOk oinarrizko bi lan-ildo ezarri ditu lan osasunaren alde aritzeko. Lehena, prebentzio neurriak ezartzea, lan baldintzek langileen osasunari kalterik ez eragiteko. Lehen esan dudan bezala, uste dugu horretarako akordioak lor daitezkeela, eta, izatez, batzuetan, enpresetan lortzen dira. Baina ez badira lortzen, ez dugu baztertzen hainbat motatako salaketak egitea, sindikatuarentzat lehentasunezko helburua baita.

Ekintza sindikalaren bigarren lan-ildoa,  ezkutuan dauden osasun kalteak agerian jartzea da. Ezin dugu ahaztu arrisku psikosozialek eragindako gaixotasunak eta patologiak errazen ezkutatzen direnak direla; eta hori benetako drama da. Kasu horiek kaleratzen ditugu eta iritzi publikoari helarazten dizkiogu. Hori existitzen dela jakin behar da, hori ere prebentzioa delako eta prebentzioaren kultura zabaltzen laguntzen duelako. Baliteke esango dudana zenbait esparrutan ez gustatzea, baina CCOOrentzat ere beharrezkoa da, eta hala egiten dugu, lan osasunari buruzko legedia betetzen ez duten enpresen zehapenak jendaurrean jartzea. Jakin behar da, uste dugulako tresna  eredugarria eta diziplinatzailea dela, arauek betetzen ez dituzten enpresei aurre egiteko.

CCOOk Osalanen kudeaketa planetan jadanik dauden hainbat proposamen ere egin ditu, hala nola, substantzia kantzerigenoen eraginpean dauden pertsonen osasuna lanetik kanpo ere zaintzeari buruzkoak.

Beti esan da prekarietatea segurtasunaren etsaia dela. Uste duzu egungo krisiak epe ertain eta luzera behin-behinekotasuna eta, beraz, laneko arriskuak areagotu ditzakeela?

Hala da. Nik ez dakit zer ekarriko digun krisi honek, baina ziurtatu dezaket enpresak aspalditik abusatzen ari direla aldi baterako kontratazioaz. Horrek, lan harremanaren etorkizunari dagokionez, ziurgabetasuna sortzen du, eta hori, lan prekarietatearen alderdi mingarrienetako bat da. Aldi baterako kontratazioaz abusatzeak laneko arriskuak prebenitzeko prestakuntzarik ez egotea dakar. Enpresek betebehar hori izan arren, edozer egingo dute obligazio hori saihesteko, eurentzat ez delako errentagarria, adibidez, hamar egunerako kontratatuko duten langile  batek prestakuntza hori bi egunez egin behar izatea. Lan osasunaren ikuspegitik, behin-behinekotasuna aurkako faktorea da, ekoizpena areagotzeko faktorea eta “kendu-ipiniko langileak” izateko baino ez delako.  

Azpikontratazioak ere prekarietatea eta lan-istripuak eragiten ditu. Bada azpikontratazio bat ulergarria izan daitekeena: oso operazio zehatzak egiteko edo enpresaren jarduera nagusiarekin zerikusirik ez duten lanak egiteko erabiltzen dena. Baina badira beste batzuk ere, hala nola enpresaren beraren jarduera azpikontratatzea edo kate-azpikontratazioa. Horrek dakarren gauza bakarra da, enpresa nagusi batek arriskuak kanporatzen dituela edo kostu ekonomikoak aurrezten dituela. Enpresak borrokan ari badira zerbitzu bat beste bati emateko, nahitaez murrizketa ekonomikoak egongo dira, eta horiek batzuetan, prebentzio neurrietatik atera daitezke. Baina okerrena da, zalantzarik gabe, gehiegizko azpikontratazioan prebentzio-neurriak aplikatzeko dagoen deskoordinazioa. Hori guztia prekarietatea da eta laneko ezbehar kopurua areagotzea dakar.  

Kontseilura iritsi  zinenean pandemia ere agertu zen. Zure ustez, Osalanek une honetan,  zein lehentasun izan beharko luke?

Osalanek egoera zaila bizi izan du, gizarteak eta guztiok bizi izan dugunaren antzekoa.  Hasieran ez genuen ziurtasunik, inoiz ez genuelako horrelako egoerarik bizi.  

Une honetako lehentasuna betikoa izan behar da, baina oraingo egoerara egokitua. Oraindik ere beharrezkoa da lan-baldintzak zaintzea eta kontrolatzea, osasunari kalterik egin ez diezaioten, baina horrez gainera, une honetan ere beharrezkoa da lantokietan COVID-19ri dagokiona kontrolatzea. Mundu guztiak daki -osasun agintariek behin eta berriro adierazten dutelako-, zer neurri hartu behar dugun COVID-19ren kutsatzeak geldiarazteko. Lantoki batean gauza bera da, baina laneko antolamenduari dagokionez,  enpresa bera da  baliabide horiek eta neurri egokiak eman behar dituena.

Enpresa batzuek aholkularitza beharko dute, baina beste batzuek kontrola beharko dute. Ez da gauza bera, eta aldea, noski, betetzeko borondatean datza.

Lan inguruneak -osasun sektorea izan ezik-, ez dira kutsadura guneak izan. Uste duzu hori horrela dela osasun eta laneko segurtasun zerbitzuek ezarpen maila nahikoa daukatelako?

Guk egiaztatu ahal izan duguna da gauzak hobeto joan direla sindikatuak zeuden tokietan eta langileen eta beren ordezkarien parte-hartzea errazten den tokietan. Kontuan hartu behar da hori, gure ikuspuntutik behintzat, halaxe zela COVID-19 krisiaren aurretik ere.  Eta hori ez du bakarrik CCOOk esaten, baizik eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak berak ere bai.

Osasun krisi honen aurrean, nola erreakzionatzen dute enpresek laneko prebentzioan eta osasunean?

Argi dago ezin dela orokortu. Enpresa batzuk gauzak ondo egiten ari dira eta beste batzuk ez hain ondo. Pandemiaren hasieran norbera babesteko ekipoen eskasia egon zen, eta lehentasuna eman behar izan zitzaien osasun-langileei. Une honetan, berriz,  ez dago horrelako eskasiarik, baina enpresa batzuek oraindik oztopoak jartzen  dituzte ekipo horiek langileei helarazteko. Egia da, zorionez  ez direla denak, baina baten bat badago. Lan Ikuskaritzari salaketak egin behar izan dizkiogu, eta logikoa denez arrazoia eman digu eta enpresari bere betebeharrak betetzeko agindu dio.

Gauza bera esan genezake sartu eta irteteko orduetan jende pilaketarik ez egoteko hartu beharreko antolaketa neurriekin. Enpresa batzuek gauzak ondo egin dituzte eta beste batzuek ez.

Uste duzu pandemiak ekarri digun krisiak, prebentzioaren arloan egindako lana hondatuko duela?

Arazoa COVID-19 krisiaren aurrekoa da. Kontratazioaren behin-behinekotasuna, lan-prekarietatea, gehiegizko azpikontratazioa, prebentzioaren arloko ez betetzeak eta ezbehar kopurua areagotzen duten beste faktore batzuk, koronabirusaren aurretik zeuden.

Argi duguna da sindikatu gisa dugun zeregina hau da, egoera horiek aldatzen saiatzen jarraitzea mobilizazioaren eta salaketaren bidez, enpresek, laneko osasunari kalterik ez eragiteko beharrezko neurriak hartzen ez dituzten lekuetan.