Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 9koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, 2022rako laguntzen deialdia egiten da, ekitaldi honetan EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko mailako prestakuntza ematen duten entitate publiko zein pribatuentzat.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: OSALAN; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 260
  • Hurrenkera-zk.: 6436
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/12/09
  • Argitaratze-data: 2021/12/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Sailak

Testu legala

Uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuak (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.) honako programa honen oinarri orokorrak ezartzen ditu: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programa. Betiere, 1997ko abenduaren 11n sinatu zen EAEko Laneko Osasunerako eta Arriskuen Prebentziorako Lanbide Arteko Akordioaren III. atalean («Prebentziorako prestakuntza») ezarritakoarekin bat etorriz (1998ko urtarrilaren 27ko EHAA, 17. zk.).

Dirulaguntzen jarduera horretarako deialdia urtero egiten da, laneko arriskuen prebentzioaren arloan egiteko espezifikoak dituzten prebentzio-ordezkarien langileen ordezkariak dira oinarrizko prestakuntza bultzatzeko. Horrela, ezagutza normatibo eta tekniko horiekin, enpresen zuzendaritzarekin lankidetzan jardun ahal izango dute prebentzio-ekintza hobetzeko, eta langileen lankidetza sustatu ahal izango dute Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko araudia aplikatzeko orduan. Eta, bereziki, besteak beste, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko araudia betetzen dela zaindu eta kontrolatuko dute, eta enpresak aldez aurretik kontsulta egin ahal izango die, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 33. artikuluaren arabera.

Horregatik, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2022an EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko urteko deialdi publikoa onartzen da.

2020an bezala, SARS-CoV-2k sortutako pandemiak gizateriari eragiten dio oraindik. 2021ean, sortutako osasun-krisiak jarraitu egin du, eta 2022an ere ondorioak izaten jarraituko duela aurreikusten da, nahiz eta hobera egin. Horregatik, osasun-agintaritzak egoera epidemiologikora egokitzeko neurriak ezartzen ditu, eta denboran zehar berrikusi eta aldatzen dira. Eta, hain zuzen ere, osasun-egoera berezi horretan gaudelako, prebentzio-ordezkariei oinarrizko mailako prestakuntza ematen dieten erakunde publiko edo pribatuek bermatu behar dute pandemiaren une hauetan osasun publikoaren arloan indarrean dauden neurri guztiak betetzen direla SARS-CoV-2 birusari aurre egiteko.

Kontuan hartzen da prebentzio-ordezkarientzat prestakuntza presentzialak duen garrantzia eta taldearen prestakuntza-jardueretan ezartzen den interrelazio-aukera. Era berean, prebentzio-ordezkarien talde hori oso heterogeneoa da, ez bakarrik beren jarduera garatzen duten sektoreengatik, baita prestakuntza akademikoaren eta profesionalaren hasierako baldintzengatik eta adinagatik ere.

Arestian azaldutakoagatik, eta salbuespen gisa, SARS-CoV-2 birusak sortutako osasun-egoera dela-eta, erabaki da 2022an ikasgela birtuala prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko berrogeita hamarrean gehienez ere erabiltzea, prestakuntza presentzialaren balio berarekin. Ikasgela birtualean, tutore-prestatzaileek eta ikasleek elkarrekin jarduten dute, modu konkurrentean eta denbora errealean, komunikazio-sistema telematiko sinkrono baten bidez. Sistema horri esker, ezagutzak trukatzeko prozesu bat egin daiteke, ikasgelan parte hartzen duten pertsonek ikasteko aukera izan dezaten; hau da, bideokonferentziaren bidez egiten den prestakuntza bat da, non ikasleak denbora errealean aritzen diren irakasleekin, edozein klase presentzialetan bezala. Ikasgela birtuala erabiltzea aukerakoa da, eta ez nahitaezkoa, ebazpen honen xede diren erakunde publiko edo pribatuentzat eta prebentzio-ordezkarientzat.

Deialdi hau indarrean dagoen Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren babesean egin da, zeina Osalanen webgunean argitaratuta baitago.

Kudeaketa bizkortzeko, deialdi hau EAEko 2022rako Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeari atxikiko zaio, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoari jarraituz. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen da. Ondorioz, deialdiko dirulaguntzak gauzatuko dira baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko aurrekontu orokorretan.

Dirulaguntza-deialdi hau honako hauen arabera arautzen da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen); Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori), eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak. Era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, ebazpen honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Hori dela eta, hau

Ebazpen honen xedea da EAEko enpresa edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten erakunde publiko edo pribatuentzako 2022ko aurrekontu-ekitaldirako dirulaguntzen deialdia onartzea, 2022ko urtarrilaren 17tik azaroaren 30era bitartean (egun hori barnean dela), uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Dekretu horren bitartez, oinarri orokorrak ezarri ziren dirulaguntza-programa honetarako: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuentzako dirulaguntzak (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.).

  1. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko baliabide ekonomikoak. Zenbatekoa hirurehun mila (300.000) eurokoa izango da.

  2. Ebazpen honetan ezartzen denez, deialdi honen guztizko aurrekontu-zuzkiduratik, gehienez ere, 100.000 euro bideratuko dira zati normatiboaren prestakuntza finantzatzeko, eta, gehienez ere, 200.000 euro, zati teknikoaren prestakuntza finantzatzeko, hala xedatuta baitago uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 9. artikuluan. Dekretu horren bidez, honako programa honen oinarri orokorrak ezartzen dira: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programa.

  3. Dirulaguntza hauek emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako gastu-espedienteak aurretiaz nola izapidetu arautzen da).

Deialdi hau egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten entitateei zuzendutako dago. Erakundeok prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza emateko betekizunak bete behar dituzte, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuan araututakoari jarraituz (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.), eta, gainera, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak egiaztatuak izan behar dute. Hona hemen entitateok:

  1. Prestakuntza-zentroak, publikoak zein pribatuak.

  2. Erakunde sindikalak.

  3. Prebentzio-zerbitzu egiaztatuak, zerbitzuak itunduta dituzten enpresetako prebentzio-ordezkariei dagokienez.

  1. Dirulaguntza hau eskatu ahal izango diote Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari EAEko enpresa edo lantokietako prebentzio-ordezkarien prestakuntza emateko akreditazioa jaso duten erakundeek, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera. Dekretu horren bitartez, oinarri orokorrak ezarri ziren dirulaguntza-programa honetarako: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuentzako dirulaguntzak.

  2. Ikasleak prebentzio-ordezkariak izango dira soilik, eta aldez aurretik inskribatuta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Ordezkarien Erregistroan, zeina Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari atxikita baitago.

  3. Eskaera-prozedura elektronikoa baino ez da. Prestakuntza-ekintza bakoitzerako, dirulaguntzaren eskabidea aurkeztu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/. Dagokion prozedura elektronikoan, eskatutako jarraibideak, formularioak edo dokumentuak daude. Prozedura elektronikoak honako hauek dira:

    1. Arlo normatiboko prestakuntzari dagokionez:

      Prebentzio-ordezkariei arlo normatiboan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207801

    2. Arlo teknikoko prestakuntzari dagokionez:

      Prebentzio-ordezkariei arlo teknikoan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207802

  4. Eskabide elektronikoarekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

    «III. eranskina. Prestakuntza-ekintzaren datuak», dirulaguntzaren xede den prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten prebentzio-ordezkarien behin-behineko datuak jasotzen dituen dokumentua; ikastaroak ikasgela birtuala duen adierazten du.

    «VIII. eranskina. Prestakuntza-erakundeak ikasgela birtualeko prestakuntzaren erabilerari buruz egindako erantzukizunpeko adierazpena», digitalki sinatua. Ikasgela birtuala erabiliko bada bakarrik aurkeztu beharko da.

  5. Eskabidea egin ondoko izapideak (jakinarazpenak, justifikazioak, espediente bakoitzera sartzea, izapidetzea eta jarraipena egitea) «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  6. Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan enpresa eta erakundeentzat (pertsona juridikoak) onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  7. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (pertsona juridikoak izapidetze elektronikoa egitera behartuta daude, eta hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez; hau da helbidea: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

  8. Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  1. Eskabideak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 3an hasiko da, eta epe hori 2022ko azaroaren 17an amaituko da, egun hori barnean dela, 23:59an, edo deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak agortzen direnean. Azken kasu horretan, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak emango du horren berri EHAAn.

  2. Prestakuntza-erakundeek programatuta daukaten prestakuntza-ekintza bakoitza hasi baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez eskatu beharko diote dirulaguntza Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 eguneko epearen barnean gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio erakunde eskatzaileari, eta, horrela egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak ebazpen espresua eman eta jakinarazi ondoren.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenen kontsulta egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko (https://www.euskadi.eus/egoitza) «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Jakinarazpen hori egindakotzat joko da interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta 10 eguneko epean, interesdunak ez badu edukia eskuratu, ukatu egin duela ulertuko da eta izapidea prozeduraren arabera egin dela; non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta, ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu, teknikoki edo materialki.

Salbuespen gisa, SARS-CoV-2 birusak sortutako osasun-krisia dela-eta, erabaki da 2022an ikasgela birtuala erabiltzea, prestakuntza presentzialaren balio berarekin. Ikasgela birtuala aukerakoa izango da, eta ez da nahitaezkoa izango ezein erakunderentzat.

Dena den, metodologia hori gehienez ere jardueraren iraupenaren ehuneko berrogeita hamarrean erabili ahal izango da arlo normatiboko ikastaroetan, eta jardueraren iraupenaren ehuneko hogeita bostean arlo teknikoko ikastaroetan.

«Ikasgela birtualtzat» hartzen da ikasteko ingurunea, hots, tutore-prestatzaileak eta ikasleak biltzeko eta denbora errealean aritzeko ingurunea, izaera sinkronoa duen komunikazio-sistema telematiko baten bidez, ezagutzak trukatzeko prozesua gauzatu ahal izateko, eta, hala, ikasgelan parte hartzen duten pertsonen ikaskuntza ahalbidetzeko.

Ikasgela birtualaren bidez ematen den prestakuntza egituratu eta antolatu egin behar da, une oro bermatzeko konektibitate sinkronizatua dagoela prestatzaileen eta parte hartzen duten prebentzio-ordezkarien artean, bai eta komunikazioak noranzko bikoak direla ere.

Ikasgela birtualeko prestakuntzari dagokionez, arlo normatiboan eskola-prestakuntzaren azken orduetan erabili ahal izango da (6 ordu, lanaldi batekin parekatu ohi dena), eta ikasleek in situ eskola presentzialetara joan beharko dute prestakuntza ematen duen erakundearen instalazioetara eskola-prestakuntzaren lehen orduetan (6 ordu).

Arlo teknikoko prestakuntzan, ikasgela birtuala prestakuntza-jardueraren hirugarren egunean erabili ahal izango da nahitaez (6 eskola-ordu), eta ikasleek in situ modu presentzialean joan beharko dute prestakuntza ematen duen erakundearen instalazioetara gainerako orduetan.

Ikasgela birtualeko teknika hori erabiltzea erabakitzen duten erakunde publiko eta pribatu prestatzaileek ezagutzaren transmisioa, helburuen garapena eta aurreikusitako edukiak bermatu behar dituzte. Ikastaroaren jarraipena egin ahal izateko, gutxienez telefono-zenbaki bat eta posta elektronikoko helbide bat eman beharko dute, erabiltzaileek laguntza eskatu ahal izan dezaten arazo edo zalantza funtzionalak izanez gero. («VIII. eranskina. Prestakuntza-erakundeak ikasgela birtualeko prestakuntzaren erabilerari buruz egindako erantzukizunpeko adierazpena»). Ikasgela birtuala erabiltzeko, prebentzio-ordezkariaren berrespena eta erabilgarritasun-akordioa izan beharko dute («IX. eranskina. Prebentzio-ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, ikasgela birtuala erabiltzeko baimenari buruzkoa»).

Klasea ikasgela birtualaren bidez egin den egunean edo egunetan ikasleen bertaratzearen jarraipena eta kontrola egiteko, irakasleak parte-hartzaile bakoitzaren sinaduraren laukitxoan adierazi beharko du eguneko saiora joan den edo ez (Si/Bai edo No/Ez), eta egun horretan sinatu beharko du. Gainera, egun horretako sinadura-zerrendari erantsiko dio konektatutako parte-hartzaile guztiak agertzen diren pantailaren kopia. Gainerako egunetan, prebentzio-ordezkari bakoitzak sinatu beharko du, ohi bezala.

Osalaneko langileek, kontrol-organoa den heinean, ikasgela birtualeko bertaratze-egiaztapenak egin ahal izango dituzte noizean behin. Horretarako, prestakuntza ematen den bitartean konexioa egin ahal izateko behar diren bitartekoak (esteka elektronikoa) eskura jarriko dizkio prestakuntza-erakundeak.

Finantzaketaren ondorioetarako, ikasgela birtualaren bidez emandako orduak ordu presentzial gisa hartuko dira.

  1. Deialdi honen xede diren prestakuntza-jarduerak finantzatzeko, prestakuntza-ordu bakoitzeko aplika daitezkeen gehieneko modulu ekonomikoak 122,70 eurokoak izango dira eskola-ordu bakoitzeko (modulu horien plangintza egitetik zein gauzatzetik eratorritako kostu guztiak barnean direla).

    125/2018 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera,

  2. Prestakuntza-ekintza bakoitzeko, 15 prebentzio-ordezkarirentzat emango da dirulaguntza, gehienez ere.

    15 prebentzio-ordezkari bertaratzen ez diren kasuetan, gaztelaniaz emandako ikastaroetan, ekintzaren finantzaketa-ehunekoa uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da beheko taulan dago jasota.

  3. Ezingo dute dirulaguntzarik jaso gutxienez 10 ikasle biltzen ez dituzten taldeek. Laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntzan euskararen erabilera sustatzeko, euskarazko taldeak salbuespen izango dira, eta gutxienez bost prebentzio-ordezkari biltzen dituzten taldeak onartuko dira. Euskarazko ekintzak honako taula honetan ezarritakoaren arabera finantzatuko dira:

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

  4. Dirulaguntzaren zenbatekoak barnean hartzen ditu prestakuntza-materialen gastuak.

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak dagozkion prestakuntza-eskuliburuak emango dizkio doan ikasle bakoitzari. Sobera geratzen diren eskuliburuak Osalani itzuli beharko zaizkio.

  5. Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzeko azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua aplikatuz, bazterkeriak prebenitzeko edo ezabatzeko xedearekin eta desgaitasunen bat duten prebentzio-ordezkariek prestakuntza jasotzeko dauzkaten zailtasunak edo desabantailak konpentsatu nahian, komunikaziorako laguntza eta zerbitzu osagarri guztiak jarriko ditu Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, deialdi honen kontura ordainduta.

  1. Prestakuntza-ekintza amaitu eta gehienez ere 15 egun balioduneko epean, eskatutako dokumentuak aurkeztu beharko ditu dirulaguntzaren erakunde onuradunak. Dokumentu horien txantiloiak webguneko prozedura elektronikotik deskarga daitezke. Dirulaguntzen justifikazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Dokumentu horiek guztiak behar bezala bete behar dira, eta informazio guztia izan behar dute. Erakunde eskatzaileak zuzendu beharko du zehaztasun-eza edo informazio-falta, eta, hori egin ezean, dirulaguntza ukatuko zaio.

    Kontuan izan behar da arlo normatiboa ematen duten erakundeek honako hau eman behar dietela bertaratutakoei: «V. eranskina. Prebentzio-ordezkariei arlo teknikoko oinarrizko prestakuntza emateko akreditatutako zentroen zerrenda». Zerrenda hori eguneratu egingo da akreditatutako zentroen zerrenda aldatu ahala, baita deialdi honetan zehar ere. Zati normatiboa ematen duten erakundeek prozedura elektronikoan dagoen zerrenda berriena aurkeztu beharko diete prebentzio-ordezkariei, zati teknikoaren zentroa aukera dezaten, zeina IV. eranskinaren bidez hautatuko baitute.

  2. Justifikazioan aurkeztu beharreko dokumentuak honako hauek dira:

    «III. eranskina. Prestakuntza-ekintzaren datuak», behin betiko dokumentua, dirulaguntzaren xede den prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten prebentzio-ordezkarien azken datuak jasotzen dituena; prestakuntza-ekintzak ikasgela birtuala duen adieraziko du, hala baldin bada.

    «II. eranskina. Asistentzia-kontrolerako orria» dokumentu eskaneatua pdf formatuan. Prestakuntza-ekintza zein egunetan eman den adierazi behar du, prestakuntza-ekintza eman duten irakasleen eta bertaratutako prebentzio-ordezkari guztien NAN zenbakia, izen-abizenak eta sinadura jasota. Egun bakoitzeko kontrol-orri bakoitza irakasleak sinatu beharko du. Ikasgela birtualean emanez gero, ikastaroa eman den egunean edo egunetan konektatuta dauden parte-hartzaileak ageri diren pantailaren kopia erantsi beharko da.

    «IV. eranskina. Arlo teknikoko prestakuntza-zentroari eta ikasgela birtualaren erabilerari dagokienez prebentzio-ordezkariak egin duen aukerari buruzko datuak» dokumentu eskaneatu bakarra pdf formatuan. Dokumentu horrek jasoko ditu prebentzio-ordezkarien eskabide guztiak, zati teknikoa egiteko; V. eranskinean jasotako prestakuntza-zentro akreditatuetako bi aukeratuko dituzte. Era berean, prestakuntza hori ikasgela birtualaren bidez egin nahi duten ere jasoko du. IV. eranskin hori zati normatiboa ematen duten erakundeek aurkeztu beharko dute, eta, gainera, IV. eranskinean jasotzen den datu-babesari buruzko informazioa ere emango diete ikasleei. Arlo normatiboan, ikastaroa ikasgela birtualarekin egin bada, IV.2. eranskina ere aurkeztu beharko da.

    «VI. eranskina. Ebaluazio-galdetegia. Prebentzio-ordezkaria» dokumentu eskaneatua. Prestakuntza-ekintzako ikasleek erantzundako inkestak jaso behar ditu, eta izena eman duten ikasleen kopurua eta inkesta hau erantzun duten ikasleen kopurua adieraziko dira. 7. artikuluan ezarritako jarraibideak bete behar dira, irakaskuntza-metodologiak ikasgela birtual presentziala barne hartzen badu: hau da, irakasleak parte-hartzaile bakoitzaren sinaduraren laukitxoan adierazi beharko du eguneko saiora joan den edo ez (Si/Bai edo No/Ez), eta ikasgela birtualeko egun horretan sinatu beharko du. Gainera, egun horretako sinadura-zerrendari erantsiko dio konektatutako parte-hartzaile guztiak agertzen diren pantailaren kopia. Gainerako egunetan, prebentzio-ordezkari bakoitzak sinatu beharko du.

    «VII. eranskina. Ebaluazio-galdetegia. Irakasleak» dokumentu eskaneatua. Prestakuntza-ekintzaren irakasleak erantzundako inkesta jasoko du, modu digitalean sinatua.

    «IX. eranskina. Prebentzio-ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, ikasgela birtuala erabiltzeko baimenari buruzkoa». Ikasgela birtuala erabili bada bakarrik aurkeztu beharko da.

  3. Justifikazioak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak eta bete beharreko ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitezke (https://www.euskadi.eus/egoitza), ebazpen honen 4. 3 a) eta b) artikuluan adierazitako prozedura elektronikoetan.

  4. Egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmenak ditu esleituta Administrazioak. Horregatik, Administrazioak edozein unetan eskatuko die erakunde eskatzaileei eskabidea, aurkeztutako dokumentuak eta erantzukizunpeko adierazpenak baloratzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio eta agiri osagarri oro, baita agiri originalak ere, egiazkoak direla egiaztatzeko. Horregatik, Administrazioak prozedurarekin ez jarraitzea erabaki ahal izango du, emandako datuetan funtsezko zehaztasunik eza, faltsutasuna edo omisioa egonez gero, hargatik eragotzi gabe erakunde eskatzaileak izango lituzkeen bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

125/2018 Dekretuaren 13. artikuluaren arabera,

  1. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak emango du deialdiaren ebazpena, dirulaguntza ematea ala ez erabakitzeko, betiere organismo horretako teknikariek egindako txostenak aintzat hartuta.

  2. Eskabideek deialdiko betekizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan ebatziko dira, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako aurrez ikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Funtsak agortzen badira, aurkeztu diren eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira deialdi honen esparruan.

  3. Hartutako ebazpena erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaie, banaka, gehienez ere bi hilabeteko epean, dirulaguntzaren eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera.

  4. Ebazpenen jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  5. Atal honetan aipatutako epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, beren eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute erakunde interesdunek, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluak.

  6. Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, bi hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

  7. Publikotasun-ondorioetarako soilik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira dirulaguntzak emateko ebazpenak.

Prozedura honetan jasotzen diren datu pertsonalak honako hauen arabera tratatuko dira: 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES); 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673); eta datuen babesaren arloko gainerako garapen-araudia.

Jakitera ematen da datu pertsonalak «Prebentzio-ordezkarien prestakuntzaren dirulaguntzak eta kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea da tratamendu honen arduraduna. Hauek dira tratamendu horren xedeak: prebentzio-ordezkariak prestatzeko, laneko arriskuen prebentziorako ikastaroak antolatzea, dirulaguntzak kudeatzea, eta ikastaroen gaineko ziurtagiriak egitea.

Haren legitimazioa honako hau da: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko behar den tratamendua; 7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; eta 125/2018 Dekretua, uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak. 1997ko abenduaren 19ko Ebazpena, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, «EAEko Osasun Arloko eta Lan Arriskuen Aurreneurrien Arloko Lanbidearteko Akordioa» erregistratzea eta argitaratzea agintzen duena.

Deialdi honetan parte hartzen dutenei buruzko datuak honako hartzaile hauei jakinarazi ahal izango zaizkie: Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa; interesdun legitimoak; autonomia-erkidegoko beste organo batzuk; sindikatuak eta langile-batzordeak; prestakuntza-erakundeak.

Deialdi honetan parte hartzen dutenek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta errebokatzeko eskubideak baliatzeko, bai eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide baliatzeko ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Datuak Babesteko ordezkariaren Tratamendu Jardueren Erregistroan, Datuen Babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsulta daiteke (https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0625_eu.html).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea kontatzen. Hori guztia hala xedatuta dago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan.

Barakaldo, 2021eko abenduaren 9a.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

Eranskin honek informazioa besterik ez du ematen, eta helburutzat du entitate interesdunei ezagutaraztea nolako egitura eta edukia aurkituko duten dirulaguntzaren eskabide elektronikoa egitean EAEko Eusko Jaurlaritzako Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza

  1. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren laguntza.

    Eusko Jaurlaritzak, DACIMA Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren bitartez (Eusko Jaurlaritzaren administrazio elektronikoan eskuduna baita), zenbait jarraibide-gidaliburu sortu ditu EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza pertsonek eta entitateek tramitazio elektronikoaren alderdiak ezagut ditzaten eta izapidetze horretan lagungarriak izan daitezen.

    Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren menu horizontalean, «Laguntza» izeneko atal bat sortu da, eta, han, herritarrek eta entitateek eskuragarri izango dituzte izapidetzeko laguntza- eta euskarri-gida horiek.

    Tramitazioan arazoren bat izanez gero:

    Tramitazio elektronikoan arazoren bat izanez gero, jarri harremanetan Erabiltzaileentzako (edo entitateentzako) Arreta Zentroarekin, 945 01 68 38 telefonora deituta.

    Prozedura hauetan sortutako espediente guztiak hemen kontsulta daitezke:

    «Nire karpeta» https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  2. Prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena.

    Entitate eskatzaileak, dirulaguntza bat eskatu aurretik, egiaztatu beharko du prestakuntza emateko eskakizunak betetzen dituela, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuko 5. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

    Entitate eskatzailea akreditatuta ez badago, edo akreditatzeko kontuan hartutako baldintzak aldatu baditu, akreditazioa eskatu beharko du EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza), honako hau baliatuta:

    Prozedura elektronikoa: prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena https://www.euskadi.eus/baimena/oinarrizko-prestakuntza-prebentzio-ordezkariak/y22-izapide/eu

    Egiaztapena jakinarazi ondoren, lehen aldiz egiaztatutako entitateak aukera izango du kasuko ikastaroak emateko, eta, horiek eman ondoren, aukera izango du ebazpen honetan jasotako dirulaguntza eskatzeko.

  3. Dirulaguntza eskatzeko prozedura mota.

    Eskaera egiteko prozedura elektronikoa baino ez da izango. Eskabidea izapidetze elektronikoaren bidez aurkeztuko da EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan https://www.euskadi.eus/egoitza, dagokion izapidean (Ikusi Izapideen katalogoa).

  1. Arlo normatiboa: prebentzio-ordezkarientzat arlo normatiboan oinarrizko mailako prestakuntza-ikastaroak egiteagatik dirulaguntza eskatzean, eskaera eskatutako dokumentazioa gehituta egin behar da (III. eranskina eta VIII. eranskina, ikasgela birtuala erabiltzen bada):

    Prozedura elektronikoa: Prebentzio-ordezkariei arlo normatiboan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207801

  2. Arlo teknikoa: prebentzio-ordezkarientzat arlo teknikoan oinarrizko mailako prestakuntza-ikastaroak egiteagatik dirulaguntza eskatzean, eskaera eskatutako dokumentazioa gehituta egin behar da (III. eranskina eta VIII. eranskina, ikasgela birtuala erabiltzen bada):

    Prozedura elektronikoa: Prebentzio-ordezkariei arlo teknikoan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207802

  1. Eskabidea betetzeko jarraibideak.

    Eskabidea betetzerakoan, ezinbestekoa da entitatearen edo enpresaren sinadura-txartela edo ziurtagiri elektronikoa izatea. Gogoan izan zure entitatearen edo antolakundearen izenean diharduzula.

    Informazioa identifikatzeko eta elektronikoki sinatzeko bitarteko onartuei buruz: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Ahalordeen erregistro elektroniko orokorra: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

    Entitateko titularraren datuak betetzeko jarraibide guztiak aurkituko dituzu eskabidean. Txartel edo ziurtagiri elektroniko egokiaren bidez konektatzean, eskabidean zeren gisa diharduzun agertuko da. Zerrenda zabalgarrian ordezkatzen duzuna hautatu beharko duzu, eta zenbait entitate edo enpresatakoa bazara, edo zenbait ziurtagiri elektroniko badituzu, ordezkatze edo ahalordetze zuzena aukeratu behar duzu.

    Tramitazioaren pausoren batean arazoak izanez gero, jarri harremanetan 945 01 68 38 telefonora deituta.

    Eskabidean, besteak beste, kontzeptu hauek azalduko dira:

    Eskatzailea: hartzailetzat jotakoak izango dira; normalean, IFK duten pertsona juridikoak.

    Organo instrukzio-egilea: Osalaneko Zuzendaritza Nagusia da; horregatik ez da beste erregistrorik edo izenik sartu behar.

    Espedientean interesdun gisa dihardut: eskatzaile gehienek aukera hau hautatu beharko dute eskabidean, dagokien entitate juridikoaren langile gisa dihardute eta.

    Norbait ordezkatuz dihardut: baldin eta eskatzailearen langileak Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Elektronikoan pertsona juridiko baten edo entitate baten langile gisa erregistratuta badaude; kasu horretan, eskatzaileak bere identifikazio elektronikorako bitartekoak erabili ahal izango ditu, lan egiten duen entitatearen izenean. Kasu horretan, gainera, langileak bere entitatearen ordezkari gisa jardun dezake, eta entitatea espedientearen titular gisa agertuko da. Entitateko langile gisa izena emanda dauden langileek aukera izango dute entitatearen jakinarazpenak eta espedientearen xehetasunak ikusteko, eta, gainera, agiriak onetsi ahal izango dituzte, euren identifikazio elektronikorako bitartekoa erabilita (Nire karpeta aplikazioaren bidez).

  2. Erantzukizunpeko adierazpenak.

    Entitate eskatzaileak, bere erantzukizunpean, zenbait baldintza betetzen dituela egiaztatu behar du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta aplikatzekoa den gainerako legedian araututako erantzukizunpeko adierazpenen bidez.

    Horregatik, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikulu hori kontuan hartuta: 1. Erantzukizunpeko adierazpena da interesdunak sinatutako dokumentu bat zeinean adierazten baitu, bere erantzukizunpean, betetzen dituela indarrean den araudiak eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura baliatzeko ezarritako betekizunak, baduela hori egiaztatzen duen dokumentazioa, Administrazioaren esku jarriko duela hark hala eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko aitorpen edo baliatze horri dagokion denbora guztian. Administrazioek noiznahi eskatu ahal izango dute aipatutako betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa emateko, eta interesdunak eman egin beharko du. 4. Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. Halaber, administrazio publikoak halako zerbait gertatu dela adierazten dueneko ebazpenak xedatu ahal izango du interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa leheneratzera eskubidea aitortu edo baliatu edo jarduera hasi aurreko unera, eta ezinezkoa dela xede bereko beste prozedura bat hastea legeak zehaztutako epe batean; hori guztia, aplikatzekoak diren arau sektorialetan ezarritako moduan.

    Hortaz, entitate eskatzaileak hau adierazten du bere erantzukizunpean:

  1. Deialdian eta indarreko arauetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

  2. Egia direla eskaera honetan eta aurkezpen- eta justifikazio-fasean gehitu zaizkion dokumentuetan jasotako datuak.

  3. Akreditatzen duen dokumentazioa daukala, eta Administrazioaren eskura jarriko duela eskatzen zaionean.

  4. Ez duela izan inolako zigor- edo administrazio-zehapenik, eragozten dionik dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea, bereziki aipatuta sexu-diskriminazioaren ondorioz gertatuak.

  5. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean honako hauek direla-eta jasotako betebeharrak betetzen dituela: prebentzio-antolamenduko eredua, arriskuen ebaluazioa, prebentzio-jardueraren plangintza eta, kasua bada, prebentzio-sistemaren ikuskapena.

  6. Ez duela zigorrik jaso arau-hauste astunen edo oso astunen ondorioz azken bost urteetan, laneko segurtasun- eta osasun-arloan.

  7. Konpromisoa hartzen duela ezarritako betebeharrak betetzen jarraitzeko eskubidearen aitorpenari atxikitako denboran zehar.

  8. Ez dela dirulaguntza edo laguntzarik jasotzen ari, xede eta helburu bererako, ez administrazio publikoetatik ez erakunde pribatuetatik.

  9. COVID-19aren hedapena saihesteko agintariek eskatutako arauak betetzen dituela bere jardueretan.

  1. Berariaz uko egitea.

    Administrazioak ofizioz kontsultatuko du jakiteko entitate eskatzailea egunean dagoen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez.

    Erakunde eskatzailea ofiziozko egiaztatze horren edo instrukzio-organoak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeaz kontsulta egitearen aurka agertzen bada (39/2015 Legearen 28. artikuluan jasotako berariazko kontrakotasuna), betebehar horiek betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak erantsi beharko ditu. Horregatik, berariazko aurkakotasunari dagokion laukia markatu beharko du, eta betebehar horietan egunean dagoela egiaztatzeko behar diren dokumentuak erantsi (horretarako, «Dokumentuak gehitu» botoia erabil daiteke atal horretan, espedientean sartu nahi diren dokumentuen kopia gehitzeko aukera ematen baitu).

  2. Eskabidea sinatzea eta bidaltzea.

    Azkenik, entitate eskatzaileak elektronikoki sinatuko du eskabidea, eta bidali egingo du. Eskabidea aurkeztu duela dioen erregistro telematikoa jasoko du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak elektronikoki sinatua.

    Erregistro-dokumentuan, hauek jasoko dira: erregistroaren datuak (erregistro-zenbakia, erregistro-eguna eta aurkeztu den eguna), interesdun eskatzailearen datuak, helmuga, gaia eta erantsitako dokumentuen zerrenda.

    Jarraian, dirulaguntza eskatzen duten entitateek ebazpenean zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 15 eguneko epean, gehienez ere, prestakuntza-ekintza amaitzen denetik hasita.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.