Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 3koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baita Lan-eremuan Nahasmendu Muskuloeskeletikoak Prebenitzeko Jardunbide Egokien Sarirako 2021eko deialdia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: OSALAN; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 169
  • Hurrenkera-zk.: 4554
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/08/03
  • Argitaratze-data: 2021/08/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Instituzional; Sailak

Testu legala

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak 5. artikuluko 3. paragrafoan xedatzen duenez, administrazio publikoek jarduerak sustatuko dituzte, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko eta laneko arriskuak murrizteko, babes-eredu berriak ikertu eta gehitzeko, eta prebentzio-egitura eraginkorrak sustatzeko. Horretarako, programa bereziak ezarri ahal izango dituzte. Programa horiek erregelamendu bidez zehazten diren pizgarriak emanez bideratu ahal izango dira, eta bereziki enpresa txiki eta ertainei zuzenduta egongo dira.

Era berean, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiak, zeina erakundearen kudeaketa-planak garatuz gauzatzen baita, aurreikusten du enpresa-kudeaketan txertatutako prebentzio-kultura unibertsala pixkanaka barneratzea lan-merkatuko egungo eta etorkizuneko osagai guztien artean, bai eta ezagutzaren sorrera eta metaketa sustatzea eta kudeatzea ere, prebentzio-sistemak, -teknikak eta -tresnak aplikatzean eragileentzat erabilgarria izan dadin. Horretarako, enpresa-kudeaketaren arloan prebentzio-kultura sustatuko da, ebazpen honetan bildutako saria emanez, hau da, Lan-eremuan Nahasmendu Muskuloeskeletikoak Prebenitzeko Jardunbide Egokien Saria.

Horregatik guztiagatik, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari dagozkion eskumenen esparruan, Lan-eremuan Nahasmendu Muskuloeskeletikoak Prebenitzeko Jardunbide Egokien Sariaren 2021eko deialdia egin eta arautu behar da; beraz, hau

Ebazpen honen xedea da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak lan-eremuan nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko jardunbide egokiei 2021ean emango dien sariaren deialdia egitea eta saria arautzea.

Sariak bi kategoria izango ditu. Beraz, 50 langile baino gutxiago dituzten enpresak enpresa txikien kategorian lehiatuko dira, eta 50 langile edo gehiago dituzten enpresak, berriz, enpresa handien kategorian.

Saria diploma bat eta plaka edo oroigarri bat izango dira; ez da sari ekonomikorik izango.

Euskal Autonomia Erkidegoan dauden enpresek edo erakundeek jaso ahal izango dute saria, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko jarduerak egin badituzte.

  1. Laneko arriskuen prebentzioaren arloan arau-hauste astuna edo oso astuna egiteagatik zigorrik ez izatea.

  2. Sexu-diskriminazioagatik zehapen administratibo edo penalen bat duten enpresek ere ezin izango dute parte hartu sarian, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez debeku hori ezarrita daukatenek ere.

  3. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

  4. Enpresa eta erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4, 50.5 eta 50.6 artikuluetan ezarritakoa ere bete beharko dute.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen honek ondorioak dituenetik aurrera, hau da, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  1. Honako helbide honetan daude eskuragai izapideak egiteko jarraibideei buruzko administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, bai eta eskabidearen formularioa ere:

    https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1203801

  2. Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak (sarbidea, izapidea eta jarraipena) «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

    https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Eskabidea elektronikoki izapidetu ahalko da, ordezkariaren bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, honako helbide honetan:

    https://www.euskadi.eus/ordezkariak

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri:

    https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  4. Izapidetze elektronikoa hemen dago araututa: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoarena; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarena, e-administraziorako plataforma teknologikoa Platea onartzen duena. Eskabidea, eransten zaion dokumentazioarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako edozeinetan aurkez daiteke. Halaber, prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

  5. Formulario elektroniko normalizatuko eskabideak aukera hau ematen du: laguntza eskatzen duten erakundeek berariaz baimena ematea organo kudeatzaileari nortasun-agiri nazionalaren datuak edo identifikazio fiskaleko zenbakiari buruzkoak eta erregistro ofizialetako datuak eskura edo egiazta ditzan, laguntzak kudeatzeko ondorioetarako bakarrik, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoak datuok egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Baimena isilbidez emantzat joko da, baimen hori berariaz ukatzen ez bada.

  6. Laguntza-eskabidea aurkezten duelarik, eskatzaileak berariazko baimena emango du Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak zuzenean eskura dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako inguruabarren egiaztapena (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori). Kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako erregelamenduaren artikulu jakin horietan aurreikusitako baldintzetan.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.6 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

    Laneko arriskuen prebentzioaren arloan arau-hauste astuna edo oso astuna egiteagatik zigorrik ezarrita ez izatea.

    Administrazio-zehapenik edo zehapen penalik ez izatea sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik, eta ez izatea zehapenik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

    Itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaituta izatea.

    Indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzea.

    Erakunde eskatzaileak prebentzioa antolatzeko modalitate bat hartu du, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak 10. artikuluan jasotakoaren arabera, eta laneko arriskuen ebaluazioa, prebentzio-plana, eta prebentzio-plangintza egin ditu.

    Legez nahitaezkoak diren langileen ordezkariak izendatu ditu, eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legearen 33. eta 34. artikuluetan jasotakoaren arabera jakinarazi eta kontsultatu zaizkie ebazpen honetan balioesten diren jarduerak.

    Ez du bere prebentzio-sistema ikuskatu beharrik, edo, halakorik izanez gero, Prebentzio Sistemaren auditoretza egin du, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    Egiazkoak eta osoak dira eskabide honetako datu guztiak, baita aurkeztutako dokumentu guztiak ere; hala, dagokion erantzukizuna bere gain hartzen du (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

  8. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau erantsi beharko da:

    1. Erakunde eskatzaileak legez eratuta egon beharko du, eta erakundearen legezko ordezkariak ordezkaritza-ahal nahikoa justifikatu beharko du, agiri hauek erantsita:

      Erakundearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia eskaneatua edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.

      Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua. Erakundearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den erakundearen izenean egiteko.

    2. Aurkeztutako jardueraren deskribapena (gehienez 30 orrialde DIN A-4 formatuan, lerroarte sinplearekin eta 11 letra-tamainarekin), honako puntu hauek garatzen dituena:

      Ekintzaren laburpena (gehienez 250 hitz).

      Ekintzaren helburuak.

      Ekintzaren justifikazioa.

      Nori zuzentzen zaion.

      Jardueren deskribapena.

      Emaitzak eta horien bilakaera.

      Ondorioak.

      Abalak eta erreferentziak, hala badagokio.

      Komeni da deskribapen horrekin batera prentsa-artikuluak, argitalpenak, argazkiak, material grafikoak, liburuxkak edo interesgarriak izan daitezkeen antzeko materialak aurkeztea.

  1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 eguneko epean gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio erakunde eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.

  2. Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak «Nire karpeta» atalean kontsultatu daitezke (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza). Jakinarazpen hori egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ukatu egin duela ulertuko da, eta izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta, teknikoki edo materialki ezin izan dela jakinarazpen horren edukian sartu.

  1. 2019ko urtarrilaren 1etik ebazpen honetako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den arte nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko egindako laneko segurtasun- eta osasun-arloko jarduera guztiak hartuko dira kontuan, baldin eta zereginarekin, ingurunearekin, langilearekin eta antolakundeekin lotutako nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko ekintza garrantzitsuak badira, hala nola:

    Arriskuen ebaluazioan, prebentzio-plangintzan eta osasunaren zaintzan langileen aniztasuna kontuan hartzea.

    Lanpostuen, prozesuen eta lan-prozeduren diseinuan laneko arriskuen prebentzioko irizpide teknikoak integratzea.

    Lanpostuak, erremintak eta lan-ekipamenduak egokitzea, nahasmendu muskuloeskeletikoak eragiten dituzten arrisku-faktoreekiko esposizioa murrizteko.

    Zereginak antolatzea, jarrera desegokiak, mugimendu errepikakorrak, kargak eskuz manipulatzea, bipedestazio eta sedestazio luzeak edo nahasmendu muskuloeskeletikoak izateko probabilitateari lotutako beste arrisku batzuk ezabatzeko edo murrizteko.

    Lan-karga baloratu eta aztertzea, nahasmendu muskuloeskeletikoak eragiten dituzten arrisku-faktoreekiko esposizioa murrizteko. Kontuan hartuko dira hobekuntza-ekintza hauek: oinplanoko banaketa, materialen ibilbidea, biltegiratze-teknikak, etab.

    Komunikazio- eta informazio-sistema eraginkorrak garatzea, langileek aktiboki parte har dezaten, nahasmendu muskuloeskeletikoak eragiten dituzten arrisku-faktoreekiko esposizioa murrizteko.

    Enpresetan prebentzio-kultura ezartzea, enpresaren eta langileen inplikazioa eragiteko eta nahasmendu muskuloeskeletikoak eragiten dituzten arrisku-faktoreekiko esposizioa murrizten laguntzeko.

    Laneko osasuna sustatzeko jarduerak eta ekintzak, baldin eta lokomozio-aparatuaren osasuna hobetzeko eta prebentzio-maila handitzeko egiten badira.

  1. Balorazio-batzorde bat eratzen da, kide anitzeko organo gisa, zeina saria emateko proposamena egiteaz arduratuko baita. Proposamen hori Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari igorriko zaio.

  2. Honako hauek izango dira balorazio-batzordeko kide:

    Batzordeburua:

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendariorde teknikoa.

    Kideak:

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Plangintzako zuzendariordea.

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Laneko Osasunaren Unitateko arduraduna.

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Zerbitzu Arloko arduradunetako bat.

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Arlo Juridikoaren arduraduna.

  3. Batzordebururik ez badago, hura kanpoan edo gaixorik baldin badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adin handieneko batzordekideak ordeztuko du batzordeburua, betiere, hurrenkera horretan, bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin.

  4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, batzordekideetako bat izango da balorazio-batzordeko idazkaria. Idazkaria ez badago, kanpoan bada edo gaixorik baldin badago, beste batzordekide batek hartuko du haren lekua aldi baterako.

Sariak emateko proposatzen diren jarduerak baloratzeko irizpideak honako hauek izango dira:

Berrikuntza-maila: gehienez 10 puntu.

Ekintzaren jasangarritasuna: gehienez 10 puntu.

Beste enpresa batzuetara eramateko gaitasuna: gehienez 10 puntu.

Inpaktua eta iraunkortasuna: gehienez 10 puntu.

Ekintza enpresaren jardueretan eta mailetan integratzea: gehienez 15 puntu.

Langileen parte-hartzea: gehienez 10 puntu.

Ekintzak argi azaltzea: gehienez 10 puntu.

Ekintzak osasun kolektiboaren emaitzak hobetzeko duen eraginkortasuna: gehienez 10 puntu.

Langileen aniztasuna kontuan hartzea, nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko: gehienez 15 puntu.

  1. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Zuzendariordetza Teknikoari egokituko zaio, instrukzio-organoa den aldetik, aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta deialdi honetako eskakizun espezifikoak betetzen direnetz egiaztatzea.

  2. Ebazpen honetan ezarritako aldez aurreko administrazio-baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiak baloratuko ditu 9. artikuluan zehaztutako balorazio-batzordeak, 10. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

  3. Eskabideak ebaluatzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak, egoki baderitzo, egoki iritzitako dokumentazio osagarria eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, bai eta sarirako proposatutako ekintzak lantokietan ezarri direla egiaztatzeko ere.

  4. Saria eman gabe utzi ahal izango da kategoria bakoitzean, baldin eta aurkeztutako proposamenetako batek ere ez badu 50 puntu lortzen. Era berean, eskabideen kalitatea ikusita, kategoria bakoitzeko 2 accesit eman ahal izango dira.

  5. Balorazio-batzordeak eskabideen zerrenda bat ezarriko du, lortutako puntuazioan oinarrituta, eta saria esleitzeko proposamen arrazoitua helaraziko dio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, bi kategorietan puntuazio handiena lortu duten eskaerei eta accesitei dagokienez.

  1. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak bi kategorietan esleituko ditu saria eta accesitak, ebazpen bidez. Ebazpen horretan, erabaki daiteke saria eman gabe uztea, edozein kategoriatan.

  2. Ebazpen hori eta haren aldaketak alderdi interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira gero. Era berean, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen web-orrian iragarriko dira. Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  3. Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, ebazpenak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariazko ebazpena eman beharra.

  4. Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Berariazko ebazpenik ez badago, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, ustezko egintza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.

  5. Jakinarazpen elektronikoak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Deialdi honetan eta aplikatu behar diren xedapen orokorretan ezarritako edozein betebehar betetzen ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da (dekretu horrek ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra; halaber, horiek kudeatzen parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak finkatu zituen).

Sariaren edo accesitaren erakunde onuraduna Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan ezarritako egoeraren batean egonez gero, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean, edo Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak 91., 92. eta 93. artikuluetan ezarritako kasuren batean, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan nahiz emakida-ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, dagozkion sariak eta accesitak baliogabetuko ditu.

  1. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak eta deialdi honetan zehaztutakoak bete beharko dituzte erakunde onuradunek.

  2. Erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 16. artikuluetan ezarritako betebeharrak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluko 1. apartatuan jasotakoak.

  3. Ebazpen honek arautzen duen sariaren dibulgazio-testuinguruan sortutako argitalpen, liburuxka, dokumentu eta euskarri informatiko guztietan, hauek beteko dira: Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretua eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinaren bidez azken aldaketak sartzen baitira Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).

  4. Erakunde onuradunek, hala badagokio, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari erraztasunak emango dizkiote, egindako jarduerak ikuska ditzan.

  5. Erakunde sarituak sariaren eta/edo accesitaren publizitatea egin ahal izango du idazpuruetan, iragarkietan eta memorietan, saria zein urtetan jaso zuen zehaztuta, bai eta edozein komunikabidetan berria argitaratu edo zabaldu ere.

Eskabidean agertzen diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: lan-eremuan nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko jardunbide egokien sariak.

Arduraduna: Osalan-laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.

Helburua: lan-eremuan nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko jardunbide egokien sarien deialdien kudeaketa eta ebazpena.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko.

Hartzaileak: ez dago aurreikusita datuak lagatzea.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, baita informazio osagarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua.

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/148000-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen babeserako erregelamendu orokorra.

www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/rgpd-2016_0679_eu.pdf

3/2018 lege organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa:

www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/boe-a-2018-16673-e.pdf

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, arau hauetako xedapenak aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen epea, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Barakaldo, 2021eko abuztuaren 3a.

Osalaneko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik