Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 1ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, Safra 2020ren testuinguruan garatzen diren ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: OSALAN; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 247
  • Hurrenkera-zk.: 5304
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/12/01
  • Argitaratze-data: 2020/12/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Industria; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak (aurrerantzean Osalan) laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-jarduerak bultzatzea du bere eskumenen artean. Osalan sortzeko abenduaren 21eko 7/1993 Legean laneko segurtasun, higiene eta osasunaren prebentzio- eta sustapen-helburuak betetzeko beharrezko egitekoak ezartzen dira, eta, besteak beste, laneko segurtasun eta osasunaren arloan ikerketa-programak landu, bultzatu eta garatzea proposatzen da.

Safra 2020ren esparruko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdi hau Osalanen 2020 ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Osalaneko zuzendariak 2020ko urtarrilaren 21ean emandako ebazpenaren bidez onartutako Plan horretan, dirulaguntza hauek jasotzen dira: Osalanek uztailaren 30eko 191/2002 Dekretuan zehazten diren eskumen eta eginkizunen arabera kudeatzen dituenak. Dekretu horrek, egin-eginean ere, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Egitura eta Jarduerarako Erregelamendua onartu du. Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamenduaren 11.4 artikuluarekin bat etorriz, plana 2020-2022 epealdian izango da indarrean.

Osalan, Europako beste herrialde batzuetako zenbait erakunde eta antolakunderekin batera, Safra taldearen bazkide da; hau da, izen bereko ERA-NET amaitu ondoren sortu zen Europako taldearen kide. Talde horren helburua da segurtasun industrialaren eremuko ikerketa koordinatzea.

2019ko azaroaren 11n, Safrak bosgarren deialdi bateratua argitaratu du, «Energien produkzioan eta biltegiratzean material aurreratuekin eta teknologia berriekin lotutako ardurak eta segurtasun-aukerak» gaiari buruzkoa. Deialdiak gai horren dimentsio teknikoak/teknologikoak eta gizarte-dimentsioak (pertzepzio publikoa, politikak formulatzea eta gobernantza-kontuak) beteko ditu.

Euskadiko Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa sortzen duten eta Safra 2020 deialdian parte hartzen duten pertsona juridikoentzat, Osalanek aurrekontua bideratu du ikerketa-jarduera horiek finantzatzeko, betiere oinarri hauetako baldintzak betetzen badituzte eta Safrak onartzen baditu.

Printzipio horien ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean jasotakoarekin bat etorriz, eta onetsitako gastu-kredituaz baliatuz, honako hau

Ebazpen honen xedea da dirulaguntzetarako deialdi bat egitea, lehia-konkurrentziaren araubidekoa, Safra 2020ren esparruan garatuko diren bi ikerketa-proiektutarako.

Deialdi honetan finantzatuko diren ikerketa-proiektuen azken xedea laneko segurtasuna eta osasuna hobetzea izango da, edozein alderditan. Beraz, horrelako proiektuak finantzatzeko eskatu beharko dira laguntzak. Ikerketa horiek Safra 2020 deialdian aurreikusitako gaiei buruzkoak izango dira:

Ardurak eta segurtasun-aukerak, energiaren produkzioan eta biltegiratzean material aurreratuak eta teknologia berriak erabiliz. Proposamenek gaiaren dimentsio teknikoak/teknologikoak eta gizarte-dimentsioak (pertzepzio publikoa, politikak formulatzea eta gobernantza-kontuak) aurreikusi behar ditu.

Safra Batzordeak emandako txostena eta puntuazioa kontuan hartuta baloratuko dira ikerketen proposamen horiek.

Deialdi honen arabera emango den dirulaguntzaren finantzaketa Osalanen 2020ko gastu-aurrekontuari egotziko zaio: 100.000 euro, guztira. Aurrekontua, urteka banakatuta, 50.000 eurokoa izango da 2020rako ordainketa-kreditu gisa, 25.000 eurokoa 2021erako konpromiso-kreditu gisa eta 25.000 eurokoa 2022rako konpromiso-kreditu gisa.

Zenbateko hori 31130 programaren kargura joango da: laneko segurtasuna eta osasuna, 01 zerbitzua, zuzendaritza orokorra, IV. kapituluaren barruan, eragiketa arruntetarako transferentziak eta dirulaguntzak.

Laguntzaren zenbatekoa eskabidean aurkeztutako aurrekontuaren defizitaren ehuneko ehunera (% 100) iritsi ahal izango da, eta bi proiektuetako bakoitzerako laguntzak ezin izango du gainditu 50.000 euroko zenbatekoa. Proiektu bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da 2020ko ekitaldian, 12.500 eurokoa 2021eko ekitaldian eta 12.500 eurokoa 2022ko ekitaldian. Gainera, planaren banakapena eta gauzatu beharreko urteko ekintzak adierazi beharko dira eskabidean.

Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa sortzen duten pertsona juridikoek eskatu eta jaso ahal izango dituzte ikerketa-proiektuak egiteko laguntzak:

Laguntza horiek eskatzen dituzten erakundeek Safra 2020 deialdian hautatuak izan behar dute.

Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako debeku-egoeraren batean dauden erakundeak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4, 5. eta 6. artikuluetan zehaztutakoa bete behar dute erakunde eskatzaileek.

Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako eginbeharrak eta deialdi honetan zehaztutakoak bete beharko dituzte onuradunek. Onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izan beharko dituzte, eta, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2.g) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eskatzaileak egunean egon behar du itzuli beharreko dirulaguntzen ordainketan.

Laguntza-eskaria aurkezten duelarik, eskatzaileak berariazko baimena emango du Osalanek zuzenean eskura dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, azaroaren 17ko 38/2003 Legea arautzen duen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako inguruabarren egiaztapena (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori). Kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako erregelamenduaren artikulu jakin horietan aurreikusitako baldintzetan.

Safraren esparruan proiektua onartzeko eta gauzatzeko nahitaezkoak diren baldintzetara egokitu beharko dute ikerketa-lantaldeek.

Diruz lagundu ahal izango dira jarduerak egiteko beharrezkoak diren gastu guztiak, baldin eta ondoren zehaztutako mugak betetzen badira, deialdi honen 11. artikuluan proiektua gauzatzeko ezarritako epean gauzatzen badira eta eskabideari erantsitako dokumentazioan behar bezala zehazten badira, eta betiere Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluetan ezarritako arauak betetzen badira.

Dirulaguntzaren bidez, jardueraren guztizko gastuen ehuneko ehuneraino finantzatuko da. Ikerketa-proiektua egiteko jardueren garapenean sortzen direnak hartuko dira guztizko kostutzat.

Kostu horien artean daude honako hauek:

  1. Langile-gastuak.

    1. Entitate onuradunaren pertsonal-gastuak; entitate horrek egiaztatu beharko ditu langile horiek zenbat ordu egin dituzten proiektuarekin lotutako jardueretan eta orduen kostua.

    2. Teknikari laguntzaileak proiektura biltzeak ekarritako kostua. Teknikari horiek obra edo zerbitzu jakinerako edo prestakuntza-beken bidez kontratatuko dira, proiekturako soilik, eta horretan baino ez dute jardungo lanean.

  2. Gauzatzeko gastuak:

    1. Aparatuak eta ekipoak. Ekipamendu eta tresnen kostuak ikerketa-jarduerarako erabiltzen diren neurrian eta aldian finantzatuko dira, eta, beraz, urteko amortizazioak baino ezingo dira finantzatu. Aparatu eta tresna hauek aurkeztuko dira justifikatzeko: hasieran onartuak, izendapen berberekin, edota gerora onartutako aldaketetan jasotakoak. Ez da aparatuetan eta ekipoetan aldaketak egiteko eskatu beharrik izango, baldin eta berriek pareko funtzionalitatea badute. Nolanahi ere, aldaketa horiek argi azaldu beharko dira justifikatzeko memoria ekonomikoan. Partida horren barnean finantzatzeko gastutzat hartuko da aparatuak eta ekipoak eskuratzea «renting» eta «leasing» formulen bidez. Kasu horietan, hauek baino ez dira hartuko finantzatzeko gastutzat: ekipo horiek ikerketa-jardueretarako erabiltzen diren hilabeteei dagozkien ordainketa-kuotak.

    2. Azpikontratazio-gastuak. Azpikontratazio-gastuak behar bezala xehakatuko dira, eta proiektua gauzatzeko egindakoak soilik hartuko dira aintzat. Azpikontratazioa deialdi honen 8. artikuluan ezarritako ezaugarrien mende egongo da. Hasierako memorian edo ondorengo baimenetan onetsitako azpikontratazio-gastuak finantzatuko dira.

    3. Ikerketa-proiektuan zuzenean erabiltzeko bibliografia-funtsak eta material suntsikorra erosteko gastuak.

    4. Proiekturako kontratatutako ikerketa-taldearen edo teknikari laguntzaileen parte diren langileekin solik lotutako bidaiak, desplazamenduak eta mantenua, guztizko kostu finantzagarriaren % 25 arte gehienez. Gastu hauek baino ez dira finantzatuko: eskabidearen memorian aipatzen direnak edo ondoren onartzen direnak, ikerketa-proiektua gauzatzeko eta emaitzak aurkezteko ezinbestekoak direnean. Inoiz ez dira finantzatuko egonaldi akademikoen edo prestakuntza jasotzeko egonaldien ondoriozko gastuak.

    5. Ez da finantzatuko prestakuntza-ikastaro edo -jarduerarik.

      Ikerketa-proiektuaren aurrekontu-ereduan jasotako gastu-ereduaren arabera (IV. eranskina) banatu eta xehakatuko dira partidak, finantzatu daitezkeen gastuak zein diren kontuan izanda.

      Inoiz ez da diruz lagunduko benetan jasan ez den BEZa, edo dirulaguntzaren onuradunak beste moduren batean berreskuratu dezakeena.

      Dirulaguntza emateak ez du esan nahi, inola ere, organo emaileak onartzen duenik eskatutako gastuak artikulu honetan zehaztutako betekizunetara egokitzen direla. Aurrekontua betekizun horietara egokitzen den ala ez, ondoren egiaztatuko da, dirulaguntza justifikatzeko fasean.

Azpikontratatu egin ahal izango dira proiektuko ikerketa-jarduerak, dirulaguntza jasotzen duen jardueraren parte direnak, baldin eta erakunde onuradunak berak egin ezin baditu (dena dela, egiaztatu egin beharko da hori ikerketa-proiektuaren memoria teknikoan). Hasierako memorian edo ondorengo baimenetan onartutako azpikontratazio-gastuak finantzatuko dira.

Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo geratzen da kontratazio hau: diruz lagundutako jarduera egiteko, onuradunak berak egin behar dituen gastuena. Ezingo da azpikontrataziorik egin azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29.7 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden pertsona edo erakundeekin. Azpikontratazioek azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorrean xedatutakoa bete beharko dute, eta ezingo dute gainditu ikerketa-proiektuaren guztizko gastu finantzagarriaren % 50.

Esleipen-ebazpenean zehaztuko da hautatutako ikerketa-proiektuari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da, inola ere, diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa izango, ez eta deialdi honetan ezarritako gehieneko mugatik gorakoa ere.

Dirulaguntzaren zenbateko indibidualizatua proiektuaren kostu finantzagarria eskaerarekin batera doan gastuen aurreikuspenean jasoa kontuan hartuta zehaztuko da, betiere ikerketa-proiektua Safra Batzordeak onartu badu.

Puntu gehien dituen ikerketa-proiektuari emango zaio dirulaguntza, aurrekontuaren mugara iritsi arte.

Ebazpen honetan araututako laguntza bateragarria da administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketenekin. Edonola ere, erakunde onuradunek Osalani jakinarazi beharko diote dirulaguntza horiek eskuratu izana.

Emandako laguntza eta dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako jardueraren kostu osoaren % 100, jarduera horrexetarako diren beste dirulaguntzak edo finantzatutako ekimen horretan bertan lortutako diru-sarrerak ere kontuan hartuta.

Adjudikazio-ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta, ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpenak bide elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Proiektua gauzatzeko epea Safra programako laguntzak emateko baldintzen arabera ezarritakoa izango da, baina inolaz ere ez da 24 hiletik gorakoa izango.

Laguntza onartu dela ulertuko da, non eta aurkakorik adierazten ez den 15 eguneko epean, laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen den egunetik.

Ikerketa-proiektua gauzatzeko eman den epea bete ezina justifika dezaketen inguruabar jakin batzuk sortuz gero, erakunde onuradunak proiektua gauzatzeko epea luzatzea eska dezake, baina, luzapen horren iraupena ez da, inola ere, hiru hilabetetik gorakoa izango.

Luzapen-eskaria «nire kudeaketak» aukeraren bidez egingo da, euskal administrazioen atariko egoitza elektronikoan, eta jarduera amaitu aurretik komunikatu beharko da. Osalaneko zuzendari nagusiak ebatziko du eskatutako aldaketa horri buruz. Ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie alderdi interesdunei, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egunekoa izango da, ebazpen honek eragina duenetik hasita; hau da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.

Eskaerak baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskadi.eus atariaren bidez:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0048506

Izapidetze elektronikoa hemen dago araututa: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean, Informatika eta e-administraziorako plataforma teknologikoa- PLATEA- onartu baitu.

Eskaera, eransten zaion dokumentazioarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako edozeinetan aurkeztu daiteke. Halaber, prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko Oinarrizko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa betez, erakunde eskatzaileei izaera pertsonaleko datuen tratamenduari buruzko informazioa ematen zaie.

Tratamenduaren arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea. Dinamita bidea z.g., 48903 Barakaldo (Bizkaia). Telefono-zenbakia: 944 032 190 (tel.+3494 403 21 90). Webgunea: http://www.osalan.euskadi.eus

Datuak babesteko ordezkaria: Donostia, 1 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba). Telefono-zenbakia: 945 018 680 (tel.+34945 01 86 80). Webgunea:

www.euskadi.eus/datuak-babesteko-ordezkaria (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/)

Tratamenduaren helburua: laneko arriskuen prebentzioko ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzen eskaerak kudeatzea.

Oinarri juridikoa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean burututako eginkizun bat betetzeko.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, Osalan sortzeari buruzkoa.

Kontserbatzeko epea: eskatzeko izandako xedea betetzeko eta egon litezkeen erantzukizunak erabakitzeko behar den denbora. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa beteko da.

Pertsona interesdunen kategoriak: Pertsonal ikertzailea.

Hartzaileen kategoriak (datuen komunikazioa): Ogasun Publikoa eta zerga-administrazioa.

Datuen kategoriak:

Identifikazio-datuak.

Ezaugarri pertsonalak.

Datu akademikoak eta profesionalak.

Enpleguaren eta administrazio-karreraren datuak.

Ekonomia- eta finantza-datuak eta aseguruei buruzkoak.

Nazioarteko transferentziak: ez daude aurreikusita.

Segurtasun-neurriak: ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz martxoaren 8ko 3/2011 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotzen direnekin (dekretu horren bidez, Administrazio Elektronikoaren esparruko Segurtasunaren Eskema Nazionala arautzen da).

Formulario elektroniko normalizatuko eskabideak aukera hau ematen du: laguntza eskatzen duten erakundeek berariaz baimena ematea organo kudeatzaileari nortasun agiri nazionalaren datuak eta erregistro ofizialetako datuak eskuratu edo egiazta ditzan, laguntzak kudeatzeko ondorioetarako bakarrik, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoak datuok egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena.

Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Baimena isilbidez eman dela ulertuko da, berariaz baimena ukatzen ez bada.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

  1. Eskaerarekin batera komunikatzea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskuratu izana beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik.

  2. Erakunde eskatzailea administrazio- edo zigor-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez egotea, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuren baten eraginpean ere. Erakunde eskatzailea ez egotea itzultze- edo zehapen-prozeduraren baten mende, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasia, oraindik izapidetzen ari dena edo amaitua.

    Erakunde eskatzaileak egunean egon behar du itzuli beharreko dirulaguntzen ordainketan. Eta ezin izango da egon Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako onuradun izatea eragozten duten egoeretako batean ere.

    Eskaerari dokumentazio hau erantsi beharko zaio:

    1. Erakunde eskatzaileak legez eratuta egon beharko du eta erakundearen legezko ordezkariak ordezkaritza ahal nahikoa justifikatu beharko du, agiri hauek erantsita:

      1. Erakundearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia eskaneatua edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko. Entitatea Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro ofizialen batean inskribatuta badago, erakunde kudeatzaileak ofizioz kontsultatuko ditu haren datuak.

      2. Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua. Entitatearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den erakundearen izenean egiteko.

    2. Ikerketa-proiektuaren memoria (I. eranskina), atal guztiak beteta.

    3. Ikerketa-taldeko kide bakoitzaren curriculuma, araututako ereduari jarraituz (II. eranskina).

    4. Ikerketa-proiektuaren aurrekontua (IV. eranskina).

Aurkeztutako eskabideak akatsik balu, edo zehaztasunik eza, edo ebazpen honen 13. artikuluan zehaztutako agiriren bat faltan, Osalanek entitate eskatzaileari komunikatuko dio jakinarazpen telematiko bidez, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. tituluan xedatutakoaren arabera, eta hamar egun balioduneko epea emango, akatsa zuzentzeko; halaber, adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Osalaneko plangintza-zuzendariordetzari egokituko zaio, organo instrukzio-egilea den aldetik, aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta deialdi honetako eskakizun espezifikoak betetzen direla egiaztatzea.

Aldez aurreko administrazio-baldintzak betetzen dituzten ikerketa-proiektu guztiak aztertuko ditu 16. artikuluan zehaztutako balorazio-batzordeak, 17. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Eskaerak aztertzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak, egoki baderitzo, erakunde eskatzaileei eskatu ahal izango die egoki deritzon dokumentazio osagarria aurkezteko.

Balorazio-batzordeak Osalanen zuzendari nagusiari helaraziko dio proposamena; proposamenak arrazoitua izan beharko du, eta proposamena ezartzeko jarraitu den prozesu logikoa zehaztuko du.

Honako hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:

Batzordeburua:

Francisco Javier González Gómez jauna, Osalaneko Plangintzako zuzendariordea.

Batzordekideak:

Maria Nieves de la Peña Loroño, Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Eraikuntza Arloaren arduraduna.

Iñaki Olaizola Nogales, Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako Lan Osasuneko Unitatearen arduraduna.

Arantza Lijó Bilbao, Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Osasuneko Unitateko medikua.

Carlos Fernández Diez, Osalanen Zuzendariordetza Teknikoko Laneko Arriskuen Prebentziorako teknikaria.

Batzordebururik ez badago, hura kanpoan edo gaixorik baldin badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adin handieneko batzordekideak ordeztuko du batzordeburua, betiere, hurrenkera horretan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako laneko arriskuen prebentziorako teknikaria izango da balorazio-batzordeko idazkaria. Idazkaria ez badago, kanpoan bada edo gaixorik baldin badago, beste batzordekide batek hartuko du haren lekua aldi baterako.

Balorazio-batzordeak aholkulariak eduki ahal izango ditu, ahotsarekin baina botorik gabe. Batzordeburuak izendatuko ditu aholkulari horiek, deialdiaren xedeko gaian duten kualifikazioa eta esperientzia aintzat hartuta. Aholkulariek ez dute zertan enplegatu publiko izan.

Erakunde eskatzaileei laguntzak adjudikatu ahal izateko, Safra Batzordeak aldez aurretik onartuak behar dute proiektuek. Osalaneko pertsona bat batzorde horretako kide da. Osalanek, halaber, pertsona bat izendatuko du batzorde ebaluatzailerako, eta ebaluatzaileak proposatuko ditu ebaluatutako panelerako. Safra Batzordeak ez badu proiektua onartzen, proposamena baztertuta geratuko da.

Balorazio-batzordeak aztertuko ditu Safrak kanpoan utzi ez dituen proiektuak, eta eskabideak baloratuko ditu, Safra Batzordearen txostena eta puntuazioa kontuan hartuta, eta puntu-hurrenkeraren araberako adjudikazioa proposatuko du.

Osalaneko zuzendariak ebazpen bidez onartu edo ukatuko ditu eskatutako laguntzak. Ebazpenak arrazoitua izan beharko du, eta dirulaguntzen onuradunen eta ez-onuradunen zerrenda jaso beharko du, baita dirulaguntzen zenbatekoa eta haiekin lotutako baldintzak ere.

Ebazpen hori eta bere aldaketak alderdi interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira gero. Era berean, Osalanen web-orrian ere emango dira argitara. Jakinarazpenak bide elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskaerei buruzko berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpenak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskariak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariazko ebazpena eman beharra.

Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Berariazko ebazpenik ez badago, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, presuntziozko egintza gertatzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, aurreko paragrafoan adierazitakoa betez.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak baimenik gabe aldatuz gero, litekeena da laguntza emateko ebazpen hori aldatzea edo bertan behera uztea. Erakunde onuradunak Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren V. Tituluan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen araubidea bete beharko du.

Adjudikazio-ebazpenean zehaztutako epean eta moduan egin beharko dira jarduketak. Alabaina, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldarazteko moduko gorabeherarik gertatuz gero, beti ere aldaketak dirulaguntzaren helburuei eragiten ez badie, Osalaneko zuzendari nagusiak behar den aldatze-ebazpena emango du eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak birdoitu. Entitate onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera (dekretu horrek ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra; halaber, horiek kudeatzen parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak finkatu zituen).

Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa denean, sortutako gastu errealari egokituko zaio dirulaguntza, era proportzionalean.

Proiektuaren kostuaren % 50 aldez aurretik ordainduko da, gehienez 25.000 euro hautatutako bi proiektuetako bakoitzeko, laguntza onartzeko izapidea bete ondoren, eta beharrezko finantzaketa gisa ikerketa-proiektua gauzatu ahal izateko. Ordainketa aurreratu hori 2020ko ekitaldian gauzatuko da.

Dirulaguntza emateko ebazpenaren lehenengo urtea igarotakoan, bigarren ordainketa egingo da, % 25ekoa, proiektuak irauten duen lehen urteari dagokiona, eta gehienez 12.500 euroko dirulaguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko, diruz lagundutako erakundeak egindako jardueren justifikazio-memoria jaso ondoren eta Osalanen arlo horretan eskumena duten teknikariek edo osasun-langileek txosten bat egin ondoren. Txosten horrek justifikazio-memoria hori baloratuko du. Memoria ekonomiko bat, egindako gastuak jasotzen dituena, fakturen bidez edo ikerketa-lanaren aurrekontuan adierazitako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten ordainketa-agirien bidez. Fakturetan, finantzatu daitezkeen kontzeptuak bereizita eta banakatuta agertuko dira.

Behin amaituta ikerketa-proiektua esleipen-ebazpenean ezarritako baldintzetan eta eran gauzatzeko epea, gainerako zenbatekoa ordainduko da, gehienez 12.500 euroko dirulaguntza proiektu bakoitzeko, gehienez ere 20 egun balioduneko epean honako dokumentazio hau aurkezten denean:

Burututako jarduerak justifikatzeko memoria zientifikoa. Memoria horretan, burututako jarduerak eta lortutako helburuak deskribatuko dira, kontuan hartuta ikerketa-proiektuan zehaztutako egutegia, eta ikerketa-proiektuaren emaitzak eta produktuak aurkeztuko dira (datu-baseak, informatika-programak, argitalpenak, ponentziak).

Ikerketaren memoria zientifikoaren laburpena, V. eranskinaren ereduari jarraituz. Memoriak gehienez ere 30 orrialde izango ditu, eta Osalanek bere web-orriaren bidez zabalduko du.

Memoria ekonomikoa, gastuen egiaztagiriak jasoko dituena. Onartutako ikerketa-lanaren aurrekontuan islatutako gastua benetan egin izana egiaztatuko duten fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira memoria horretan. Fakturetan atalka eta bereizita agertu beharko dira kontzeptu finantzagarri guztiak.

Ikerketa-proiektuan aurreikusitako gastuak hura egiteko denboraren barruan egin beharko dira. Erakunde onuradunak emandako ordainketa-dokumentuek geroagoko muga-eguna izan dezakete, beti ere justifikaziorako agiriak aurkezteko eman den epearen barnean baldin badago data hori.

Helburu bererako bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo sarrerak eskuratu izana ere jaso beharko da memoria horretan, zehaztuz, hala dagokionean, laguntza osagarri horietan, BEZa diruz lagungarria den ala ez.

Behin dokumentazioa entregatuta, ikertzaileen lantaldeko kideren batek lanen emaitzen aurkezpena egingo du Osalanen egoitzan, zehazten den egunean.

Ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko eta ikerketa-proiektua gauzatzeko egiten ari diren eta egin diren jarduerak egiaztatzeko, beharrezkoak diren jarraipen-jarduera periodikoak gauzatuko dituzte Osalaneko langileek. Ildo horretan, entitate onuradunak behartuta egongo dira Osalanek, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematera.

Esleitutako ikerketa-proiektuaren iraupen aldiaren erdia betetakoan, jarraipeneko memoria zientifiko bat (II. eranskina) bidali beharko du erakunde onuradunak, honako alderdi hauek xehetasunez azaltzeko: ordura arte lortutako helburu konkretuak zein diren, lan-planaren aldean proiektuaren une horretako egoera zein den eta ikerketa-jarduera amaitu arte garatzeke dauden alderdien zerrenda.

Ikerketa-proiektua amaitzean, aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, balorazio-batzordeak honako txosten hauek emango ditu:

  1. Ikerketa-proiektuaren jarraipen-txostena zehazteko ea helburu zientifiko-teknikoak lortu diren eta ea dirulaguntza ematea arrazoitu zuten xedeak bete diren.

  2. Txosten ekonomikoa egiaztatzeko onuradunak zuzen justifikatu dituela diru-kontuak, eta gastuak esleipen-ebazpenaren eta aplikaziokoak diren arauen arabera egin dituela.

    Orokorrean, eta hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 50.2 artikuluan jasotakoa eta kasuaren arabera ezar daitezkeen obligazioak, laguntzen onuradunak behartuta geratuko dira laguntzen norakoa eta aplikazioa bermatzera, konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu).

    Erakunde onuradunak egiaztatze- eta jarraipen-jarduketen mende egongo dira, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoari jarraituz.

Dirulaguntzaren entitate onuraduna Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluko egoeraren batean egonez gero, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, honako hau adierazi: ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela entitate onuradunak, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak eta dirulaguntza ordaintzen denetik aurrera sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola, hargatik eragotzi gabe bidezko beste akzio batzuk, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen du eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta obligazioak ezartzen ditu). Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubide hau aplikatuko zaie: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 52. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoa.

Erakunde onuradunak eskubidea izango du nahi beste argitalpen, aurkezpen eta komunikazio egiteko, betiere Osalan erakundeak proiektua diruz lagundu duela aipatzen badu.

Era berean, erakunde onuradunak txostenaren emaitzen zabalkunde aktiboa egin ahal izango du, ikertzaile-lantaldeak laneko segurtasun eta osasunaren eremuan diharduten langileei emandako lantegien, mintegien edo saio klinikoen bidez, eta, betiere, Osalan erakundeak ikerketa-proiektua diruz lagundu duela aipatuta.

Argitalpen, liburuxka edo agiri guztietan, oro har, berariaz aipatu beharko da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen dirulaguntza jaso izana, lege eta arau hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinen bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).

Erakunde onuradunek Osalani lagako diote, doan eta esklusibotasunik gabe, aurkeztutako agirietan jasotako informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea; hark informazio hori erabili ahal izango du, eta bere informazio sistemetan sartu, bai eta zabaldu eta/edo argitaratu ere nahi duen baliabide eta formatutan bibliografikoak, ikus-entzunekoak, informatikoak edo teknika erabiltzea ahalbidetzen dutenak, betiere egile-eskubideak errespetatuz, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuko baldintzetan, zeinen bidez onartzen baita Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenak arautuz, argituz eta bateratuz.

Azterlanek eta argitalpenek aintzat hartuko dute genero-ikuspegia, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ikerketaren emaitzen zabalkunderik handiena lortze aldera, Osalanen funtsekin finantzatutako proiektuak artikulu moduan argitaratuz gero, sarbide irekia duten aldizkarietan edo argitaratzetik urtebetera sarbidea irekitzen duten aldizkarietan argitaratzea gomendatzen da. Hala ere, ahozko nahiz idatzizko aurkezpen orotan Osalanen finantzaketa aipatu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, arau hauetako xedapenak aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arautegia onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpen honen aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, edo, bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea. Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da hori.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

Barakaldo, 2020ko abenduaren 1a.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)