Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko urriaren 1ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdi publikoa iragartzen baita Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Zuzendariordetza Teknikoko zuzendariorde lanpostua izendapen askearen sistemaren bidez hornitzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: OSALAN; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 205
  • Hurrenkera-zk.: 4319
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/10/01
  • Argitaratze-data: 2020/10/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Zuzendariordetza Teknikoan, zuzendariorde lanpostua hutsik dagoenez kodea: 512006; dotazioa: 3, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman duelarik, eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du erakunde autonomo honek. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa. Parte hartzeko baldintzak.

  1. Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, lanpostu-zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).

    Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan daudenean izan ezik:

    1. Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

    2. Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezingo dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora.

  2. Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, baldin eta espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

    Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, betiere lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

    Bigarrena. Eskabideak.

    Eskatzaileek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Osalaneko Zuzendaritza Nagusira bidaliko dituzte eskabideak 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

    Hirugarrena. Betekizunak eta merezimenduak.

    Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

    1. Tituluak.

    2. Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.

    3. Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

    4. Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

    5. Hizkuntza-ezagutzak.

    6. Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.

      Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.

      Hautagaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

      Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

      Laugarrena. Ebazpena.

      Deialdi hau Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

      Lanpostua lortzen duen pertsonak horretarako ezarriko den datan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

      Ebazpen hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta lanpostu-zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.

      Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

      Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

      Barakaldo, 2020ko urriaren 1a.

      OSALANeko zuzendari nagusia,

      MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

Deitutako lanpostua: zuzendariordea.

Kodea: 512006.

Dotazioa: 3.

Kidegoak: A taldeko kidego-aukera-eskalak (EAP)

Destino-osagarriaren maila: 29.

Berariazko osagarria: 0-A.

Kokapena: Zuzendariordetza Teknikoa.

Udalerria: Barakaldo.

Hizkuntza-eskakizuna: 4.

Derrigortasun-data.

Berariazko ezagutzak.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik