Laneko segurtasuna eta osasuna ere eguneratuko ditugu

Laneko segurtasuna eta osasuna ere eguneratuko ditugu?
Bilakaera digitalak eta laneko ongizateak batera egin behar dute aurrera beti
Tresna berriak, ingurune digitalak, adimen artifiziala eta automatizazioa, batiere laneko segurtasunaren eta osasunaren eskutik.
Laneko segurtasuna eta osasuna ere eguneratuko ditugu?
Eraldaketa geldiezina bizitzen ari gara: alor digitala ziztu bizian berritzen da, tresna berriak, ingurune adimendunak, adimen artifiziala eta prozesu automatizatuak sortuz. Etengabeko aldaketa-egoera honetan, funtsezko galdera bat azaleratzen da: laneko segurtasuna eta osasuna zaintzeko modua ere eguneratzen ari gara? Kanpaina honek hausnarketa kolektiborako deia egin eta ikuspegi berria proposatzen du: bilakaera teknologikoak ez dezala aurrera egin laneko ongizatearekin konpromiso sendoa izan gabe.
Bilakaera digitalak eta laneko ongizateak batera egin behar dute aurrera beti
Berrikuntzak produktibitatea edo eraginkortasuna hobetu ez ezik, lan-baldintzak, arriskuen prebentzioa eta pertsonen osasun fisiko eta mentala indartu ere egin behar ditu. Horregatik, kanpaina honek aurrerabidearen ikuspegi integrala sustatzen du: irtenbide digitalak lanerako erabiltzen dituzten pertsonengan duten eragina aintzat hartuta diseinatuta, ezarrita eta ebaluatuta egotea bultzatzen duen ikuspegia. Laneko segurtasuna eta osasuna ezin dira atzean geratu: etorkizunerako bidean, pauso bakoitzean egon behar dira.
Apirilak 28, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna
Urtero, apirilaren 28an, modu aktiboan batzen gatzaizkio Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunari. Data hau Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) bultzatzen du, laneko ongizatearen arloan egungo eta etorkizuneko erronka nagusiak nabarmentzeko. Aurten, aurreko edizioetan bezala, gure kanpaina LANEren ekimen orokorrarekin bat dator, digitalizazioak eta adimen artifizialak laneko osasunean dituzten ondorioei heltzen dien horrekin, baita Laneko Segurtasunerako eta Osasunerako Europako Agentziak 2023tik sustatzen duen “Lan seguru eta osasungarriak aro digitalean” kanpaina europarrarekin ere.
Digitalizazioa sakonki eraldatzen ari da gure lan egiteko modua. Plataforma digitalak, telelana, errealitate areagotua eta errealitate birtuala, besteak beste, lan-arloko eginkizunak, eremuak eta dinamikak birdefinitzen ari dira. Egoera berri honetan, laneko arriskuen prebentzioa ezin da eredu tradizionaletara mugatu, egokitu, aurrea hartu eta enplegu-modu berriekin batera eboluzionatu behar du. Apirilaren 28 hau, beraz, gure konpromisoa berritzeko eta pertsonen ongizatearen aliatua izan behar duela gogorarazteko aukera da.
Aro digitalean langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko ekintzak
Pertsonengan oinarritutako ikuspegia izatea funtsezkoa da eraldaketa digitaleko edozein prozesutan. Teknologia digitalek eta adimen artifizialak gizakiaren zerbitzura egon behar dute, kontrola izaten eta erabakiak hartzen laguntzeko — eta ez pertsonak ordezkatzeko —.
Langileen kontsulta eta parte-hartze aktiboa nahitaezkoa da sistema digitalen diseinuaren, garapenaren eta ezarpenaren fase guztietan.
Ezinbestekoa da prestakuntza digitala bai langileen artean bai enpresetan sustatzea, lan-ingurune berrietara modu seguru eta eraginkorrean egokitzea errazteko.
Eraldaketa digital eraginkorra lortzeko, talde-lana, koordinazioa eta komunikazio arina beharrezkoak dira parte-hartzaile guztien artean: langileak, enpresak, garatzaile teknologikoak eta erakundeak.
Azken aldaketako data: