Osalanek XI. Eguneratze Tailerra antolatu du Prebentzio Zerbitzuetako teknikarientzat: Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren prebentziozko kudeaketa

Argitalpen-data: 

Gaur, prebentzio-zerbitzuetako teknikariei zuzendutako XI. Eguneratze Tailerra egin da Osalanen instalazioetan, Gurutzeta-Barakaldon.

Osalanek XI. Eguneratze Tailerra antolatu du Prebentzio Zerbitzuetako teknikarientzat: Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren prebentziozko kudeaketa

Tailer honen helburua sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena lan-indarkeria gisa hobeto jorratzea da, eta profesionalei prebentzio-kudeaketarako tresnak ematea laneko arriskuen prebentzioaren araudiaren bidez, genero-ikuspegia txertatuta. Jardunaldiak, halaber, prebentzio-zerbitzuen zeregina indartu nahi izan du egoera horien identifikazioan, ebaluazioan eta esku-hartzean, LANEren 190 Hitzarmenaren eta 206. Gomendioaren ildotik.

Jardunaldiari hasiera emateko, Osalaneko zuzendariorde tekniko Inés Álvarezek parte hartu du, eta genero-ikuspegia prebentzioaren kudeaketan txertatzearen garrantzia nabarmendu du, bereziki lan-indarkeriari dagokionez.

Jarraian, Raquel Raposo Osalaneko berdintasun-teknikariak sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren kontzeptu-esparruari buruzko hitzaldi bat eman du, eta laneko osasunean duen eragina eta arrisku psikosozial gisa jorratzeko beharra aztertu ditu.

Gipuzkoako Lurralde Zentroko Luis Agirrek eta Victoria Álvarez-ek lan-ingurunean jazarpen-egoerak identifikatzeko moduari buruzko ikuspegi praktikoa aurkeztu dute, diagnostikorako tresnak eta jarduera-protokoloak nabarmenduta.

Bestalde, Begoña Lekue Gotxikoak, Osalaneko laneko medikuak, jazarpenak langileen osasun fisiko eta mentalean duen eragina aztertu du. Bere esku-hartzea osasunaren zaintzan oinarritu da, prebentzio-tresna gisa, eta zerbitzu medikoek egoera horietatik eratorritako kalteen zantzuak nola detekta ditzaketen, esku-hartze goiztiarreko neurriak proposatuz.

Jardunaldiari amaiera emateko, solasaldi ireki bat egin da, eta bertaratutakoek esperientziak partekatu, zalantzak planteatu eta gogoeta egin ahal izan dute laneko jazarpenaren prebentzioak genero-ikuspegiarekin dituen erronkei buruz. Erakundeen itxierak berretsi egin du Osalanek LAP etengabe hobetzeko eta lan-ingurune seguruak, inklusiboak eta indarkeriarik gabeak sustatzeko duen konpromisoa.