Osalanek 2022an onartu zuen Osalanen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2022-2024ko Bigarren Plana, hiru urteko iraupenarekin. Gauzatze-aldia amaitutakoan, erakundeak egindako aurrerapenen balantzea egin du, eta datozen urteetarako erronkak identifikatu ditu.
Berdintasunerako planean jasotako jarduerak 2021-2026 Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiaren (LSOEE) barruan sartzen dira. Estrategia gauzatzean genero-ikuspegia txertatzea eta LSOren eremuan lan egiten duten profesionalentzako ezagutza (azterlanak, ikerketak) eta materialak sortzea izan dira aldi honetako lehentasunetako bi, aurreko planean bezala.
Egindako azterlanak eta materialak eskuragarri daude Osalanen webguneko Generoa eta Laneko Arriskuen Prebentzioa atalean:
Aldi horretako funtsezko mugarri gisa, nabarmentzekoa da Osalanen Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko V. Nazioarteko Biltzarra (2023). Karen Messingen "Ergonomia eta generoa" hitzaldiarekin inauguratu zen, eta ahalegin handia egin zen genero-ikuspegia zeharka txertatzeko (Osalanen V. kongresua genero-ikuspegitik).
Gainera, barneko prestakuntza-prozesuarekin jarraitu da, Osalaneko langileek gaitasun handiagoa izan dezaten generoak laneko arriskuen prebentzioan duen eraginari buruz, eta erakundea neurriak hartzen ari da bere jarduerak gero eta sentiberagoak izan daitezen generoarekiko: berdintasun-klausulak sartzea kontratuetan, dirulaguntzetan eta hitzarmenetan; azterketa estatistikoetan sexuaren aldagaia sartzea eta genero-ikuspegia txertatzea osasuna sustatzeko materialetan, besteak beste.
2022tik 2024ra bitartean, Osalaneko teknikariek 20 hitzaldi inguru eman dituzte Laneko Arriskuen Prebentzioan genero-ikuspegia txertatzearekin lotutako hainbat alderdiri buruz, eta horietako batzuk Erakundearen webguneko Prestakuntzaren atalean daude eskuragarri.
Halaber, Emakunderekiko lankidetzari eutsi zaio hainbat jardunetan, eta ekarpenak egin dira EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako 2030 Estrategiak Laneko Segurtasun eta Osasunerako Zerbitzuarekin (OS8.4 Laneko Segurtasuna eta Osasuna) lotutako helburuak jaso ditzan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legean laneko segurtasunari eta osasunari buruzko artikulu bat sartzeak ekarri zuen mugarri garrantzitsuaren ondoren.
Bigarren plan hori gauzatzeko aldia amaitu ondoren, Osalan Berdintasunerako III. Plana prestatzen ari da, eta 2021-2026 LSOEEn jasotako lehentasunezko ildoetako lana indartzen jarraituko du.