Laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketa enpresaren kudeaketan txertatzeak enpresan lan egiten duten pertsonen segurtasuna eta osasuna hobetzea ahalbidetuko du. Gainera, prebentzio-kudeaketa genero-ikuspegitik egiten badugu, emakumeen eta gizonen lan-osasuna gehiago babestea lortuko dugu, desberdintasunak saihestuz.
Baina, zer esan nahi du berdintasuna gure prebentzio-kudeaketan sartzeak? Osalanek hainbat material ditu bere webgunean, hausnartzen eta neurriak hartzen lagun dezaketenak. Material horien artean, honako hau nabarmentzen da “Genero-ikuspegia laneko arriskuen prebentzioan integratzeko jarraibideak”. Laburpen gisa, dokumentu horretatik eta “12 urrats, zure enpresan genero-ikuspegia barneratzeko laneko osasunaren eta segurasunaren alorretan” bideoetatik ateratako zenbait alderdi aipatuko ditugu:
- Zehaztu genero-ikuspegitik zure enpresaren prebentzio-politika: Kudeaketa-eremu guztietan hartu eta zabaldu ezazu enpresak emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko duen konpromisoa; bereziki, lan-arriskuen prebentzio-politikan.
- Sustatu eta bermatu kontsulta eta partaidetza emakumeek laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzeko prozesu guztietan.
- Antolatu eta sustatu generoari eta lan-osasunari buruzko prestakuntza enpresan prebentzio-taldeentzat eta plantillako pertsona guztientzat.
- Banakatu sistematikoki datu guztiak sexuaren arabera (lan-baldintzak, arriskuekiko esposizioa eta osasun-kalteak), aztertu alderik dagoen eta zergatik sortzen diren.
- Ziurtatu prebentzio-lantaldeek laneko osasuna genero-ikuspegitik lantzeko jakintza eta eskarmentua duten kideak dituztela
- Kontuan izan enpresako genero-desberdintasuna arrisku-faktore bat dela, balizko desparekotasunak detektatu eta berdintasunerako neurriak (plan bat) proposatu.
- Erreparatu emakumeen eta gizonen arteko diferentziei, arriskuak ebaluatzeko eta prebentzio-neurriak hartzeko orduan.
- Kontuan izan arriskuak areagotu ditzaketen beste faktore sozial batzuk (zaintza-lanen gainkarga, gehiegizko esposizio kimikoa, lanetik kanpoko indarkeria matxista, rolak eta estereotipoak) eta har itzazu horiek mugatzeko neurriak.
- Kontuan hartu emakumeen eta gizonen arteko diferentziak osasunaren zaintzan eta, kalteen jakinarazpenean eta ikerketan.
- Zaindu ugaltze-osasuna, haurdunaldia eta edoskitzaroa.
- Hartu sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena desagerrarazteko prebentzio- eta jarduera-neurriak.
- Kontuan izan pertsona guztien aniztasuna, eta baita aniztasun horrek lan-osasunean duen eragina ere.
Prebentzioaren kudeaketa egokia egiten ari bazarete eta bertan genero-ikuspegia txertatzen baduzue, hautagaitza bat aurkez dezakezue Emakundek eta Euskalitek sustatutako berdintasuna kudeaketan bilatzailean sar dadin. Emakundek 2021-2026 Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiaren esparruan jaso du ekintza hori.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo arestian aipatutako erakundeek abian jarritako hautagaitzak biltzeko web-sistemara. Aurkezteko azken eguna uztailaren 15a da.