Barakaldo, 2024ko ekainaren 26a.- Mikel Torres, bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Kontseilu Nagusian izan da gaur goizean. Osalan sail horren mendeko erakunde autonomoa da, eta hauxe izan da atzo Ajuria Enean karguaz jabetu ondoren egin duen lehen agerraldi publikoa.
Kontseilu Nagusia Erakundearen partaidetza-organoa da, eta bere eginkizunak dira, besteak beste, Osalanen laneko segurtasun eta osasunaren arloko programak eta jarduerak bultzatzea eta onartzea, bai eta horien gauzatzea kontrolatzea ere. Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila da burua, eta Osasun Saileko lehendakariordea eta Confebaskeko, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko eta sindikatuetako ordezkariak daude bertan. Sailburuak agurtu nahi izan ditu, eta konpromiso argia erakutsi du arriskuen prebentzioarekiko eta 2021-2026ko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategian jasotako helburuekiko. Horretarako, enpresaburuei, langileei eta inplikatutako gainerako eragileei EAEko enpresetan eta administrazio publikoetan laneko arriskuen prebentzioko jarduerak egitea erraztu behar zaie, laguntza eta aholkularitza teknikoa eman behar zaie eta kolektibo bakoitzaren behar zehatzei erantzun behar zaie, euskal gizarteak duen kulturan -ondo egindako lana eta enpresa-bikaintasuna- segurtasuna eta osasuna integra dezan, laneko arriskuen prebentzioari buruzko informazioaren, prestakuntzaren eta ezagutzaren bidez.
Gaur goizeko bileran, Kontseiluak, besteak beste, honako gai hauek jorratu ditu: Sailarteko taldeak sortzea, helburu dutenak prebentzio-jarduera sustatzea hainbat arlotan, hala nola industrian, lanbide-heziketan eta zuraren lehen sektorean (Euskadipreben), eta enpresa txiki eta ertainetan prebentzio-kultura sustatzeko hitzarmena luzatzea, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren esparruan.
Azkenik, lehendakariordeak Osalanen XIV. Udako Ikastaroa inauguratuko du bihar Miramar Jauregian. Bertan, klima-aldaketaren eta lan-arriskuen prebentzioaren gaia jorratuko da.