Donostia, 2024ko ekainaren 27a.- Mikel Torresek, Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eta bigarren lehendakariordeak, Itziar Alkorta Udako Ikastaroen Fundazioko zuzendari akademikoak lagunduta, Osalanek antolatutako XIV. ikastaroa inauguratu du gaur goizean, Miramar Jauregian. Aurtengo ikastaroak ardatz du Klima-aldaketak lan-bizitzan duen eragina eta horri modu proaktiboan aurre egiteko modua.
Ikastaroaren antolaketaren abiapuntua dugu uste osoa dagoela klima-aldaketa eragiten dutela kutsadurak, beti ugaritzen ari den munduko populazioaren eskaerak, CO2 isuriak eta beste inguruabar batzuek. Klima aldaketa horrek desertifikazioa azkartzen du eta ingurumenari bakarrik eragiten ez dioten ondorio suntsitzaileak eragiten ditu. Eta Osalanen munduan, prebentzioaren eta lan-osasunaren munduan, oinarrizkoa da jakitea zer gertatzen ari den eta ebaluatzea aldaketa horiek langileen segurtasunari eta osasunari ekar diezazkieketen arriskuak.
Zentzu horretan, ikastaroaren programak klimaren eredu aldakorrek areagotutako laneko arrisku nagusiak jorratuko ditu, hala nola estres termikoa, erradiazio ultramorea, kutsadura atmosferikoa, istripu industrial larriak, muturreko fenomeno meteorologikoak, bektoreek transmititutako gaixotasunen areagotzea eta produktu agrokimikoekiko esposizio handiagoa.
Horrela, udako ikastaro hau osatzen duten bi egunetan, hainbat alderdi aztertuko dira, hala nola klima-aldaketak lan-munduan dituen dimentsio psikosozialak (antsietatea, estresa eta egokitzapen emozionala landu beharreko funtsezko arloak dira); negoziazio kolektiboa, gunea izan daitekeen enpresen barrutik klima-aldaketaren aurka borrokatzeko; testuinguru horretan lan-arriskuen prebentzioan genero-ikuspegiak duen garrantzia nabarmenduko da; eta enpresek eta administrazioek larrialdi klimatikoari nola ekin diezaioketen aztertu.
Horren ildotik, lehendakariordeak adierazi duenez, "neurri zehatzak hartzea gure erantzukizun partekatua da. Ekintza dugu klima-aldaketari aurre egiteko gakoa. Gobernuen, enpresen eta langileen arteko lankidetza ezinbestekoa da. Aldi berean jarduteko unea iritsi da, lan-ingurune segurua eta osasungarria bermatzeko, klima aldakor honetan".