Berdintasuna lortzea laneko segurtasunean eta osasunean

EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiak lehen aldiz jasotzen ditu laneko segurtasun eta osasunaren helburuak

Martxoaren 8a oraindik egiteke dagoena gogoratzeko eguna da, berdintasuna bizitzaren eremu guztietan lortzeko. Laneko Segurtasun eta Osasunaren esparruan (LSO), 2020an, emakumeen eta gizonen egoerari buruzko diagnostiko bat egin zen, eta diagnostiko horretatik abiatuta ezarri ziren 2021-2026 aldirako Laneko segurtasun eta osasunerako euskal estrategian hedatu beharreko helburuak eta jarduketak. Helburu eta lan-ildo horiek osatzen dute Osalanen 2022-2024 aldirako Berdintasunerako Plana.

Identifikatu ziren lehentasunezko erronketako batzuk honako hauek izan ziren:

 

1.      LSOko profesionalei prestakuntza ematea, beren jardun profesionalean genero-ikuspegia txerta dezaten.

2.      Emakumeek eta gizonek laneko arriskuen prebentzioan (LAP) duten egoera sakonago ezagutzea eta arlo horretako berrikuntzan lagunduko duten ikerketak garatzea.

3.      LSOn genero-ikuspegia txertatzen inplikatuta dauden beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea.

4.      Aurrera egitea prebentzioaren kudeaketan genero-ikuspegia txertatzen.

 

Eta honako hauek izan dira 2023an horiek betetzeko garatu diren ekintzetako batzuk:

-          Osalanek antolatutako LSOren V. Nazioarteko kongresuan genero-ikuspegiko edukiak txertatu dira.

-          Osalaneko langileei prestakuntza eman zaie sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruz.

-          Osalaneko genero-taldeak hainbat jardunalditan hartu du parte, laneko arriskuen prebentzioan genero-ikuspegia txertatzeari buruzko hitzaldiak emateko.

-          Emakunderekin lankidetzan aritu gara hainbat jardueratan, eta ekarpenak egin ditugu EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiak Laneko Segurtasun eta Osasunarekin lotutako helburuak txerta ditzan. (OS8.4 Laneko segurtasuna eta osasuna: Prebentzioaren kudeaketan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea, lan-baldintza egokiak susta daitezen osasunean kalteak prebenitzeko eta, bereziki, enpresetan eta erakundeetan sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta desagerrarazteko, bai eta laneko indarkeria-modu desberdinetan eragiten duten genero-baldintzatzaileak ere).

-          Lankidetzan ari gara Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalarekin eta autonomia-erkidegoetako Laneko Segurtasun eta Osasunerako beste erakunde batzuekin, genero-ikuspegia txertatzea helburua duten taldeetan.

-          Bi azterlan egin dira, eta laster egongo dira eskuragarri Osalanen webgunean:

o   Emakumeen eta gizonen lan-ezbeharrei eta gaixotasun profesionalei buruzko txostena, 2020ko Lan Baldintzei buruzko Inkestako datuak dituena.

o   Biztanleria migratzailearen lan-baldintzei, lan-istripuei eta gaixotasun profesionalei buruzko azterlana genero-ikuspegitik.

 

Osalanen ustez, horiek dira oraindik ere ahalegin handia eskatzen duten erronkak, eta, horregatik, jarduketa berriak planteatzen dira Osalan 2024ren kudeaketa-planean; besteak beste, azterlan berri bat eta laneko segurtasun eta osasunari buruzko oinarrizko prestakuntza-material bat egitea genero-ikuspegitik.

LSOn inplikatuta dauden erakunde, gizarte-eragile eta profesional guztien lankidetza behar da, emakumeek gizonen osasunaren babes-maila bera izan dezaten lanean.

Azkenik, Osalanek bat egiten du martxoaren 8ko kanpaina instituzionalarekin (Emakumeen Nazioarteko Eguna), «belaunaldi gazteenen ahalduntzean adineko emakumeen ekarpena txalotzen duena». Hori dela eta, Osalanek bere lana aitortu nahi die gure aurretik laneko arriskuen prebentzioaren alde lan egin zuten emakume guztiei, teknikariei eta sanitarioei.