Baja psikosozial baten ondoren lanera itzultzeko mekanismoak

Gaur goizean Osalanen Arrisku Psikosozialei buruzko XIV. Jardunaldiak egin dira Bilbon, aurtengo edizioan lanpostura itzultzeko, osasun mentaleko arrazoiengatik baja luzea izan ondoren.

Lan-egoera batean aurki daitezkeen arrisku psikosozialek lotura zuzena dute ingurumen-baldintzekin (agente fisikoak, kimikoak eta biologikoak), antolamenduarekin, lan-prozedura eta -metodoekin, langileen arteko harremanekin, lanaren edukiarekin eta zereginak egitearekin, eta mekanismo psikologiko eta fisiologikoen bidez eragin dezakete, bai langilearen osasunean, bai bere lana egitean. Faktore psikosozialak, beraz, lan-baldintzak dira eta ez dira langilearen ezaugarriak.

600 profesional baino gehiago bertaratu dira, eta gaurko jardunaldiaren lehen hitzaldia Julia Flintrop Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziako Prebentzio eta Ikerketa Unitateko proiektuen kudeatzaileak eman du. Azken horrek arrisku psikosozialei eta osasun mentalari buruzko ikerketa-proiektua azaldu du. Proiektu horren helburua da informazio zehatza eta fidagarria biltzea, eremu horretako politikak, prebentzioa eta sentsibilizazioa hobetzeko.

Halaber, hainbat hausnarketa-mahai garatu dira. Lehenengoa Nerea Ruiz Palomarrek moderatu du, eta osasun mentaleko arrazoiengatik baja luzea izan ondoren lanpostura itzultzeko protokoloetan zentratu da.

Bigarrenak, Yolanda Aguayo Benitok moderatuta, enpresa batzuetan beren prebentzio-zerbitzuen bidez abian jarritako jardunbide egokien adibideak aurkeztu ditu.
Eta hirugarren mahaia, Inés Álvarez Vázquez moderatzailea, langileen ordezkarien parte-hartzeari buruzkoa izan da.


Osalaneko zuzendari nagusiak, Lourdes Íscarrek, inaugurazioan gogorarazi duenez, lanarekin lotutako estresak galdutako lanegun guztien % 50-60 hartu zuen Europan, eta Europako eskulanaren % 22k estresa du, batez beste. Izan ere, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak datozen urteetan laneko arrisku garrantzitsuenen artean kokatzen ditu faktore psikosozialak Europako 27 herrialdeetako langile guztientzat, osasun-arazoak ekar baititzakete, hala nola depresioa, estresa, antsietatea edo lo-arazoak, besteak beste.

Horregatik, Íscarrek azpimarratu duenez, "funtsezkoa da arrisku horiei laneko arriskuen prebentzioaren beste alderdi batzuei aplikatzen diegun seriotasun eta zorroztasun berarekin heltzea".