Laneko segurtasun eta osasuneko azterketa prediktiboa, beste urrats bat prebentzioan

Laneko Segurtasun eta Osasun (LSO) gorabeheren ohiko analisiek, gertatzen diren jazoerak deskribatzen dituzte, baina ez zergatik gertatzen diren. Adierazle bakartuetan oinarritzen dira, eta bakarrik analizatzen dituzte aztertutako gertakariekin zuzenean lotutako datuak. Gertaeren jatorria ulertu ondoren gertaerei aurrea hartu ahal izateko, erakundeek identifikatu behar dituzte jazoera horiek eragin ditzaketen faktoreak, eta, horretan oinarrituz, gertatzeko probabilitatea aurreikusi.  

Faktore horiek aurkitzeko pistak izkututa daude gorabeherei buruzko txostenetan normalean agertzen ez diren aldagaietan. Horien artean daude, besteak beste, langileen datu soziodemografikoak, langileek egiten dituzten lan-motak, beren entrenamendu-maila, jasotzen duten ordainsaria edo jarduera bakoitza zein klima eta eremu geografikotan egiten den.

LSOko analisi prediktiboak faktore eta datu guzti horiek kontuan hartzen ditu, prebentzioan beste aurrerapauso bat  emateko. Horietan oinarritzen da arriskuak gutxitzeko bai eta, ahal dela, guztiz dasagertarazteko. Ohiko analisiak, ordea, aurreko esperientziatik, intuiziotik edo espezialista bakoitzaren irizpidetik abiatzen diren neurrietan oinarritzen dira.

Analisi prediktiboa da teknika estatistiko, ikaskuntza automatiko eta datu mota bat baino gehiago biltzen dituena eta gaur egungo datuak eta datu historikoak aztertzen dituena iragarpenak egiteko. Arlo askotan aplikatzen da: aktuario-zientzia, merkataritza elektronikoa, finantzak, gobernu-administrazioa, farmazia-industria, marketina, aseguruak, telekomunikazioak, osasun-laguntza eta bidaiak, besteak beste.

Analisi prediktiboak ‘big data’ erabiltzen du, baina ez du nahitaez enpresen datu eta adierazle kopuru handiak erabili behar. Baina ezinbestekoa du aplikazio eta soluzio espezifikoak erabiltzea, datu-baseak prozesatzeko.

Adimen prediktiboa Laneko Segurtasun eta Osasunaren arloan erabiltzeko, adierazle tradizionaletatik haratago jo behar da: morbilitatea, istripu-tasa, absentismoa, txandaketa, denbora galtzerik gabeko gorabeherak eta denbora galtzea dakarten gorabeherak, etab.

Prozedurak

Aurre egin beharreko laneko  arriskuak edozein direla ere, erakunde gehienek aukera dute analitika prediktiboko prozedurak aplikatzeko, prebentzio-estrategiak, LSOren ekimenen kostuak eta negozioen eraginkortasun orokorra hobetzeko.

MC Mutual enpresak 2019an argitaratutako ‘Analisi-teknikak laneko istripuei aplikatzea’ izeneko txostenaren arabera, analisi prediktiboak egiteko, prozesu bat jarraitu behar da: lehenengo eta behin sistema bat ezarriko da,   datu-basea elikatuko duen informazioa hartzeko eta antolatzeko. Gero, dagoen informazioa sailkatu eta sistematizatu egin behar da. Ondoren, arrisku potentzialen faktoreen eta baldintzen arteko erlazioak agertuko dituen eredua definitu eta, azkenik, erabakiak hartu.

Txostenak, ondorioen atalean, honako puntu hauek jasotzen ditu:

-          Edozein analisi prediktibok datu kopuru handia behar du, eta datu horiek, aldi berean, sendoak eta adierazgarriak izan behar dira.

-          Garrantzitsua da aldez aurretik enpresa/erakunde bakoitzeko lan-ezbeharren izaerari buruzko azterketa espezifikoa egitea, adierazle abiarazleak, sistemaren indarguneak eta pertsonen portaerak ezagutzeko.

-          Adierazgarritasuna baieztatu behar da, LSO kudeatzeko sistemaren ezaugarriak edo lan-indarraren ezaugarriak agertuko dituzten adierazleekin.  

-          Azpimarratzen da beharrezkoa dela honako faktore hauek sartzea:  langileen portaerekin harremana daukatenak eta enpresaren prebentzio kultura edota klima adierazten duten berariazko adierazleak.

Aurreikusita dago laneko ezbeharren eredu prediktiboak garatzeak, denborarekin, azterketa analitiko konplexuak egitea ekartzea (prebentzio kognitiboarekin lotutakoak, adibidez), aipatutako horiek erakundeei ahalbidetuko baitiete, aurretik joatea eta beren sistemen jarduera modelatzea.  Maila horietara iristeko, erakundeek, datuak hartzeko, sailkatzeko eta kudeatzeko sistemak hobetzeaz gain, aldez aurreko analisi- eta estratifikazio-jarduerak ere egin beharko dituzte  datu baliagarriak izateko eta eredu erabilgarriak lortzeko teknikak aplikatu ahal izateko.

Horri buruzko doktore-tesi interesgarri batzuk egin dira. ‘Langileen osasun-zaintza optimizatzea metodo prediktiboak aplikatuz’ izenekoak prozedurak eskaintzen ditu osasuna zaintzeko baliabideak optimizatzeko eta proposatzen du, egungo protokolo medikoak aldatzea. Ba dago beste lan akademiko bat LSOko analisi prediktiboa sektore zehatz batean, eraikuntza-sektorean, hain zuzen ere, garatzen duena:  ‘Lan-istripuak eraikuntza-obretan iragartzeko tresna baten diseinua eta baliozkotzea’. Galdetegi erraz eta azkar bat dauka, lan-istripuak obretan  iragarteko maila nabarmen igotzen duena.